UNE HONETAN AUTOZ EGITEN DIRAN EGUNEROKO IA 160.000 BIDAIA BIZIKLETAZ EGITEA GURA DAU BIZKAIAK

  • Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara joan da, 2023-2035 Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren Foru Arau proiektuaren barri emoteko.

 

(Bilbon, 2023ko urtarrilaren 11n). Aldundiak bizikletearen erabilerea gaur egunekoa baino hamabi bider handiagoa izatera heldu daitela gura dau hurrengo hiru legealdietarako, Bizkaian egunero egiten diran joan-etorrien “%7,7a” bizikletaz egin daitezala, hain zuzen. Hori da Foru Gobernuak gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztu dauen 2023-2035 Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean agertzen dan helburua. Plana Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak laburbildu dau gaur goizean batzordean, berak eskatuta. Plan hori foru arau proiektu lez izapidetuko da Bizkaiko Batzar Nagusietan.

Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektoriala plangintza sektorialerako tresnea da, eta hurrengo legealdietan, gainerako administrazinoakaz koordinauta, bizikletea “gure eguneroko jardunean” egon daiten sartu beharreko xedapenak, helburuak, lehentasunak eta hobekuntzak ezarten ditu. Dokumentuan, bizikletea lurraldeko mobikortasun jasangarriaren “funtsezko” elementua dala adierazoten da, Pradalesek garraio eta lurralde antolamenduko politiken “paradigma aldaketa” lez deskribidu dauen horretan.

Gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako arukezpenaren ondoren, Batzar Nagusietako taldeek dokumentua dala-ta zuzenketa-eskeak egin eta hobekuntzak aurkezteko fasea hasiko da. Plana egiteko prozesua  “luzea” eta “konplejua” izan da, horretarako “5 urte behar izan dira-eta”. “Udalen, adituen, eragileen eta erakundeen” partaidetza “handia” izan dau. Prozesuaren amaierarako, aurkeztutako 120 alegazinoetatik “%66” gehitu jakoz planari.

Plana Aldundiaren webgunean dago eskuragarri. Planaren xede dan lurraldeko bizikleta-sarea zehatzen da bertan, helburu funtzional honegaz: bizikletea “egunerokorako mobikortasun alternatiboa” izan daitela bultzatzea eta “ingurune naturalera hurbiltzea”. Helburu hori jadesteko, bizikletearen erabilerea, beste garraio-moduakaz alderatuta, “%7,7ra” heltzea lortu beharko da, kontuan hartuta gaur egun joan-etorrien %6 baino ez dala egiten bizikletaz. “Egunero 259.954 bidaia bizikletaz” egitea lortu beharko litzateke. Asmoa da egunero autoz egiten diran “8 kilometro baino gitxiagoko 157.130 bidaia” bizikletara aldatzea.

Planak proponiduten dauen sarea 365,5 kilometro da luze, eta 7 ibilbide handik osatzen dabe. Edozelan be, ibilbideon tratzatua eta azken zehaztasunak aldatu egin leitekez lanek aurrera egin ahala, Plana “bizirik eta malgutasunagaz” sortu dalako, Pradalesek esan dauenez. Honeek dira planteau diran bizikleta ibilbideak: Nerbioi - Ibaizabal - Arratia - Durangaldea (L1), Txorierri - Mungialdea (L2), Eskuinaldea - Uribe Kosta (L3), Ezkerraldea - Meatzaldea - Enkarterri (L4), Urdaibai (L5), Artibai (L6) eta Bilbo (L7).

Plana “oso tresna garrantzitsua” da bizikleta-azpiegitura horreek eta bizikletaren erabilerearen sustapenagaz zerikusia daukien beste hainbat gai zehazteko. Horreetariko batzuk egiteko bidean dira edo gauzatuta dagoz daborduko, Bizkaibizi proiektua, aparkaleku seguruak edo “bizitailerrak”, besteak beste.

Pradalesek azaldu dauenez, plana ez da hutsetik abietan, sarearen “%44,4” (162 km) eginda dagoalako, eta sarearen beste %10,5ean prozedurea martxan dagoalako, proiektua daborduko idatzirik edo idazteko fasean. “Beste 38 kilometro” izango litzatekez.

Diputatuak Batzar Nagusietako taldeei azaldu deutsenez, egin barik dagoana, “188,8 milioi euro” kostauko da, eta horreetatik “39,4” milioi udalek hartu beharko ditue euren gain, eta ia 150 milioi Aldundiak berak. Sarea bukatu ostean, Pradalesek uste dauenez, 365,5 kilometro horreen “%63,8” udalerriek kudeatu beharko dabe, eta gainerakoa Foru Aldundiak.