Aldundiak zezeilean lizitauko dau Zugaztietako golf zelaiaren ustiapena
Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapeneko diputatuak gaur goizean Gernikako Batzarretxean egin dan kontroleko saioan iragarri dauenez, bere sailak, Azpiegiturak soziedadearen bitartez, zezeilean lizitauko dau Zugaztietako Meaztegi Golfaren kudeaketea. Gaur egun indarrean dagon kontratua bagilean amaituko da, hamar urteko emakidaren ostean, eta Aldundiaren asmoa, esleipena lortuko dauen enpresa barriak bere beharra “garagarrilaren 1etik aurrera” hastea da, kontratuan aldaketa batzuk sartuta.
Diputatuak baieztu dauenez, baldintzen pleguan aldaketak sartzea dabiz aztertzen, zelaiaren “kudeaketa eredu barria bultzatzea”, “toki eta nazinoarte mailan eragina eta proiekzinoa daben lehiaketetako sare profesionaletan sartzea”, “jarduera ludiko-turistikoak sartzea” jokalari barriak erakarteko elementu moduan, zelaian gauzatu beharreko “lankidetza publiko-pribadurako ekimen barriak” edo “eskolengana eta gazteriarengana gehiago hurbiltzea”, besteak beste.
Pradalesek, adierazpenok, Bizkaiko Talde Popularrak, Ansareo enpreseagaz sinatuta dagon kontratuaren azkeneko sei hilebete honeei aurre egiteko Aldundiak hartu gura ebazan politiken gainean egindako itaun bati erantzunez egin ditu. Jesús Isasi popularrak adierazo dauenez, kudeaketa hori dala eta, zelaia bazkideak galduz joan da azken urteetan “3.000 bazkide izatetik 1.000 izatera pasau da”, eta mantentze-lanen baldintzak “ez dira bat be egokiak izan”.
Horri jagokonez, Pradalesek gaur egun indarrean dagon baldintzen pleguko artikulu batzuk aitatu ditu, eta esan dau Azpiegiturak erakundeak, instalazinoen inbentarioa egin ostean, aurkitzen dituan akatsak “konpontzeko” eskatuko deutsola enpresari. Konpontzen ez badira, Aldundiak “1.288.000 euroko” abala gauzatuko dau.
BIDAIA LONDONERA “UDABARRIAN”
PP taldeak, Erresuma Batuak Europar Batasunetik urteteak sortu daikezan “aukerak baliatzen” ahalegintzeko hartu behar dituan neurrien gainean Aldundiari egindako itaunari erantzunez, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak iragarri dau “datorren udabarrian” Londonera egingo dan bisita baten buru izateko asmoa dauela, ugarteetan edo Euskadin ezarrita dagozan enpresa britainiarrakaz Lurralde mailako estrategia konpartitzeko eta “automozinoa, aeronautikea, makina-erremintea edo IKTak” moduko sektore estrategikoak bultzatzeko.
Ahaldun nagusiak inbertsinoak erakarteko estrategia lantzearen aldeko apustua egin dau, baina ez “Brexitean pentsauta” bakarrik, edozein herrialdetik datorren “edozein inbertsino” erakarteko baino. Gainera, Bizkaia ez dala “ low cost lurraldea" bilakatu behar azpimarratu dau, eta ez dauela “zeinek zergak gehiago jatsi enkante” batean parte hartuko, inbertsinoak erakarteko, Madrilgo Erkidegoa bultzatzen ari dana aitatuz.
Javier Ruiz PP taldeak Batzar Nagusietan dauen bozeroalea, “beste lurraldeek eskintzen dabezanak baino hobeak izango diran abantailak eta pizgarriak” eskintzearen alde agertu da, inbertsinoak erakarteko, Erresuma Batua Europar Batasunetik joatean gertatu daitekezan “deslokalizazinoak” “jasoteko lurraldea izateko enkantearen” aurrean.
Unai Rementeriak esan dau ez dauela sinisten “Brexita dala eta bakarrik martxan jarriko diran estrategietan”, beharrezkoa dala “ibilpide orri bat” diseinetea, “Brexita gertatzen bada, enpresa batzuek dagozan lekua aldatuko dabela” kontuan izanda, baina ez “Brexitean bakarrik pentsauta, hegazti harrapakariak bagina moduan”. Holan, Doing Business in Biscay estrategian dabilzala beharrean iragarri dau, “estrategia orokorrean”.
Ahaldun Nagusiak esan dauenez, hainbat ardatzetan jardutea dago aurreikusita, dagozan industriak handitzeko edo industria barriak ezarteko lur-zoruak eskintzean, edo Bizkaia “enpresa txikiarentzat eta ertainarentzat lurralde atsegina” bilakatuko dauen Pymeland estrategian, “azken arlo horretan zer edo zer desbardina eta garrantzitsua eskintzeko gai garalako”.
Holan, Rementeriak gogoratu dau “finantza arloko hub” bat bultzateko beharrean dabilzala, “barrikuntzarako funtsakaz, baina gure enpresek inbertitzeko, handitzeko, daben beharrean, enpresen arteko lankidetzan eta nazinoartekotzean pentsauta”. Gainera, gogoratu dauenez, “administrazino arloko burokrazia baztertzeko” estrategian be egingo da behar aldi berean.
KARRANTZAKO MINDA
Batzar Nagusietako osoko Bilkurak EH Bildu, Podemos Bizkaia eta PP taldeen ekimenak be landu ditu, porrot egin eban mindategiaren proiektua dala eta jarraitzen ari dan epai bidezko prozeduran beteten ari dan jarduketea azaldu daian Aldundiak. Foru Aldundiak 2 milioi euroko laguntzak emon ebazan proiektu hori gauzatzeko.
Aldundia. bere aldetik, Elena Unzueta bozeroaleak esan dauenez, “prozedura horretan parte hartzen ari da”, eta bere “asmo bakarra emondako dirua eta atzerapenezko interesak berreskuratzea da”, horretarako “bide eragingarrienak” erabilita. Gogoratu dauenez, Aldundiak espedientea zabaldu eban 2012ko martian, “emondako diru-laguntzak eta jagokezan atzerapenezko interesak itzultzeko”, eta urte bereko garagarrilean “zorraren ziurtagiria” bialdu eutsan konkurtso administratzaileari, eta “agertzeko idazkia” Bilboko Merkataritza arloko Epaitegiari.
Holan, Unzuetak azaldu dauenez, “Aldundia konkurtso prozeduran parte hartzen ari da 2012ko urriaren 8tik, emondako dirua berreskuratzeko helburuagaz” eta, une honetan, “konkurtso bideagaz be jarraitzen dau, oraindino bukatu barik dagolako”. Gainera, adierazo dauenez, “pausuak emoten jarraitu da” eta 2015eko zezeilean, Aldundiak, “konkurtso prozeduraren kalifikazinoko seigarren sekzinoko parte moduan agertzen dala” adierazoten eban idazkia” aurkeztu eban Bilboko Merkataritza arloko Epaitegiaren aurrean.
Oposizinoak, barriz, ustebako moduan adierazo beharrean konkurtsoan errudun moduan adierazoteko kauseagaz bat ez egitea aurpegiratu deutso Aldundiari, holan “auziperatuek euren ondasunakaz erantzun beharko leukelako”. Dirua berreskuratzeko aukerak “handiagoak” izango litzatekez, Javier Ruiz popularrak esan dauenez.
KLAUSULA SOZIAL BARRIEI “AZKENEKO IKUTUAK EMOTEN”
EH Bilduk, Aldundiak, oraindino, 2013an onetsi ziran klausula sozialak apliketan jarraitzen ete dauen gainean egindako itaunari erantzunez, Ibone Bengoetxea Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andreak, klausula horreek apliketeari 2015eko zemendian itzi jakola baieztu dau, Epaitegi Gorenak balio barik itzi eta gero, Aldundiak, aurreko epai bat zala eta, aurkeztu eban kasazino helegite baten ostean.
Diputatuak esan dauenez, Aldundiagaz sinatuko diran kontratuetan aplikauko diran klausula barriei “azken ikutuak emoten” dabilz, testua gertatu diran arauzko aldaketetara eta aitatutako epai horretara egokitzeko, eta bertan aldaketa “garrantzitsuak” egongo dira. Aldundiak “arautegi betearazlearen” formulea aukeratuko dau, eta ez Foru Araua, Arantza Urkaregi EH Bilduko ordezko bozeroaleak eskatu dauen moduan.
Arauzko aldaketa horretan, foru erakundeak aldaketak sartuko ditu, lan arloko legedia bete ahal izateko, hainbat gairen gaineko hobekuntzak sartuz: “ingurumena, gizonezkoen eta andrazkoen arteko bardintasuna, merkataritza zuzena eta enpresa txikiei eta ertainei eta autonomoei emon behar jaken laguntzea”.