Aurreko Albisteak

Saldutako "bonodenda" bakotxeko batez besteko gastua "80 eurora" ailegetan da, Pradalesek esan dauenez

Bilbao

Talde Mistoak egin deutsan itaunari erantzunez, Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako foru diputatuak, datorren zapatuan, abenduaren 3an, martxan jarri eta hilebetera, amaituko dan Bono Denda VII. Kanpainaren gaineko datuak eskini ditu Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean egin dauen agerraldian. Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, joan dan martitzenean amaitu ziran salgai jarritako 20.000 bonoak. “Bonodenda” bakotxak 40 euro balio ditu, eta bono bakotxagaz 50 euroko erosketak egin daitekez Bizkaian kanpaineagaz bat egin daben 11.000 saltoki baino gehiagotan. Pradalesek esan dauenez, bono bakotxari jagokon batez besteko gastua “80 eurokoa” izango da, bale bakotxaren balioa bikoiztuz.

Bono Denda kanpainea 2012. urtean jarri zan martxan lurraldean. Gaur arte, martxan jarritako edizino guztietan – lau Gabonetan eta bi udabarrian– “130.000 bono” saldu dira Bizkaian, eta horrek 12.154.817 euroko gastua eragin dau 10 behargin baino gehiago ez dituen txikizkako saltokietan. Izan be, ekimena, “kontsumoa dinamizetako eta lurraldeko merkataritza txikiari laguntzeko” dago pentsauta, sektoreagaz “batera”. 2015ean bakarrik, BEZaren zergaren bidez, Bizkaiko Foru Ogasunak, hasieran inbertidutakotik “300.000 euro” berreskuratu ebazan, Pradalesek azpimarratu dauenez.

Azkeneko kanpainatik jaso diran datuak kontuan izanda, gastuaren “%57a” ekipamendu pertsonalerako artikuluetan (erropak, osagaiak…) egin zan. Horren ostean, Bizkaiko onuradunek euren bonoak liburu-dendetan (%12,6) eta elikadura dendetan (%7) erabiltea erabagi eben. Baleen %3 inguru informatika eta elektronika eta jostailu dendetara eta ule-apaindegietara joan zan. Eta bonoen %2 inguru lurringintzako eta parafarmaziako artikuluak edo altzariak erosteko erabili zan.

“Bonodendea” Bizkaiko eskualde “guztietan” dago, baina batez be biztanle gehiagokoetan. Hamar bonoetatik ia lau –%38– Bilboko establezimenduetan gastau zan. Horren ostean Ezkerraldea (%16), Nerbioi-Ibaizabal (%9), Durangaldea (%8,7), Lea Artibai (%8) eta Eskumaldea (%7,4) datoz. Gainerako baleak Busturialdean (%5), Enkarterrin (%5), Uribe Kostan (%1,4) eta Arratian (%1) gastau ziran.

Talde guztien eretxiz “positiboa” da Bizkaiko merkataritza txikiari laguntzen jarraitzearen idea. Batzuek, EH Bilduk, besteak beste, “sarriago” egitea eskatu dabe eta, hurrengo edizinoetarako, bonoaren salmentak, erosleen errenteagaz “zelanbaiteko erlazinoa” izateko aukerea aztertzea eskatu dau.

ONARTU EZ DIRAN PROPOSAMENAK

Beste alde batetik, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) arauz besteko proposamen bi aurkeztu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako batzordean. Batzarretako EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek ez ditue onartu proposamenak, eta, beraz, ez dira onetsi.

Lehenengoan, Batzarretako talde Popularrak, Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako sailak, Kobetaserako bidean autokarabanentzako urteerea “ondo ikusteko moduan” seinaletea eskatu dau A-8 autobidean eta Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarrean, karabana zaleen alkarteak egin dauen eskaria kontuan izanda. EH Bildu, Podemos Bizkaia eta Talde Mistoa be idearen alde agertu dira.

Foru Gobernua eusten daben talde bien eretxiz, barriz, Jesús Isasi batzarkideak proponiduten eban seinaleztapen “bertikala” “ez da derrigorrezkoa” ahalmen handiko errepideetan, eta, gainera, lehendik be ohiko errepideko seinale asko dituen autobideak “saturau daikez”, gainerako erabiltzaileak nahastuz eta “errepideko segurtasuna murriztuz”, Jon Andoni Atutxa bozeroale jeltzaleak esan dauenez. Alternatiba moduan, seinale horreek BI 3736 foru errepidean jarteko aukerea aztertzea proponidu dau.

URTENBIDEEN PLANA

Arauz besteko beste proposamen baten bitartez, PP taldeak “urtenbideen plan” bat diseinetako eskatu dau, Bizkaiko foru errepide sareko bide batzuetan egon daitekezan ibilgailu-metaketak saihesteko. Isasik aldeko botoak gura ebazan, baina ez ditu lortu (EH Bildu, Podemos Bizkaia eta Talde Mistoa abstenidu egin dira) Aldundiari, Bilboko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari, alkartzeko eta “ibilgailu erabiltzaileakazko komunikazinoa aztertzeko eta hobekuntzak jarteko” eskatzeko.

Oraingoan be, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek atzera bota dabe popularren proposamena. Talde bien eretxiz, ideak “eskumenen gaineko arazoa” sortuko leuke, Aldundiaren eginbeharra errepideak eregitera mugatzen dalako, eta Eusko Jaurlaritza dalako zirkulazinoko eta trafikoko jarraibideak ezarten dituana. Dana dala, Mikel Bagan jeltzaleak esan dau administrazino biak –Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundia– beharrean dabilzala daborduko modu “koordinauan”. Ibilgailu-metaketak edo istripuak gertatzen diranean “erabiltzaileak beste bide alternatiboetatik bideratzeko definidutako estrategia indarrean dago”.

Horren ostean, eztabaidea, A-8 autobidean dagozan informazino panelen erabilgarritasunera zuzendu da. “Ez da begiratu panel horreek emoten daben informazinoa egokia dan eta panel gehiago behar ete dan”, esan dau Jesús Isasik. “Istripuren bat gertatzen bada, informazino hori emon emoten da”, erantzun deutso Ignacio Jerónimo sozialistak. “Interesgarria izango litzateke panel gehiago behar ete dan baloretea”, eskatu dau EH Bilduko Zigor Isuskizak, eta eskaria egin deutse erakundeei, GPSan edo telefonia mobikorrean oinarritutako informazino sistemea aztertu daien.