Barrikuntzaren aldeko funtsak zezeilean martxan jartea aurreikusten dau Aldundiak
José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatu jauna eta Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapeneko diputatua Batzar Nagusietara etorri dira gaur, Foru Aldundiak 2017an, lurraldeko barrikuntzea eta ekonomiaren sustapena bultzatzeko, martxan jarri gura dituan enpresen finantzaketarako tresna biak azaltzeko. Horreetako batentzat “enpresa txikien eta ertainen barrikuntzea bultzatzeko funtsa” izenekoarentzat, “%2,1eko” interes finkoa ezartea aztertzen ari da Aldundia. Funts horretan dirua jarten daben aurreztaileek Elkargiren eta Innofinen abala eta PFEZn %15eko kenkariak izango ditue. Enpresek “600.000 euro arteko” mailegua eskatu ahal izango dabe, “urtarriletik edo zezeiletik” aurrera, seguruenez.
Funts horren helburua, hiru urtetan “100 eta 120 milioi euro artean” batzea da. Diru hori, Bizkaiko enpresa txikien eta ertainen proiektu barritzaileak finantzetara bideratuko da. Holango enpresak dira kapitala eskuratzeko orduan “gaiztasun gehien” dituenak. Proiektu barritzaileak Beaz foru enpresak ziurtatuko ditu, geroago Pradalesek baieztu dauenez.
Aitatutako barrikuntzarako funts horregaz batera, Ogasun eta Finantzetako diputatuak baieztu dauenez, Aldundia “kapital alternatiboko funts” batean dabil beharrean, beste “100-120 milioi euro” eskuratzeko. Funts horrek, enpresa “ertainak” finantzen aldetik “epe luzean” indartzen lagunduko dau. Beraz, “jarduera barriak sortzen eta daborduko dagozanak indartzen” lagunduko dau. Enpresek “500.000 eurotik gorako” maileguak eskatu ahal izango ditue, “5 eta 10 urte arteko” amortizazino epeakaz.
Iruarrizagak azaldu dauenez, aurreztaileek funtsetarako egingo dituen ekarpenek abantaila fiskalak be izango ditue, eta horreek Batzar Nagusietan onartu beharko dira, beharrezkoa dan arauzko proiektuaren bitartez. Testu hori “urtarrila eta zezeila artean” egon daiteke egituratuta, hiru foru ogasunek parte hartzen daben Tributuen Koordinazinorako Organutik igaro ostean. Bizkaiko Ogasuna “%15” arteko kenkariak jartea aztertzen dabil “2.000 eta 5.000 euro arteko” ekarpenetarako. Holangoetan, aurrezpena “urtean 300 eurotik gorakoa” izango litzateke.
BATZARRETAKO TALDEAK
Batzarretako talde gehienek begi onez ikusi dabe ekimena. Aukerak erakarteko finantza poloa sortzea “asmo handiko helburua” da, Javier Ruiz PPko bozeroaleak esan dauenez. Baina, dana dala, bere esanetan, Bizkaiak “konpetentzia handia” izango dau.
Podemos Bizkaia taldetik, Mikel Isasik, eskintzan “planteamendu etikoa” gehitzea eskatu dau, ez dalako gauza bera “botikak sortzeko edo armak sortzeko barriztetea”, esan dauenez. Diruaren parte bat banka etikoaren bitartez kudeatzea eskatu dau, eta harrituta agertu da ekimena ez dalako hiru lurraldeetan martxan jarten. Horri jagokonez, Iruarrizagak esan dau “ohikoak” diran “zortzi edo bederatzi” erakundeakaz egingo dala behar, eta funts horreek beste lurralde batzuetara zabaltzea, lurralde bakotxeko Gobernuen eta Batzar Nagusietako indar politikoen esku dagola.
PSE-EE taldeak, Carlos Totorika bozeroalearen ahotan, aukeratutako finantza tresnak “egokiak” iruditzen jakozala esan dau, eta bat etorri da Bizkaiko Aldundiarentzat enplegua sortzeak eta ekonomia bizibarritzeak daukan “lehentasunezko ikuspegiagaz”. Ildo berean, Jesús Lekerikabeaskoa EAJ-PNVko batzarkideak zehaztu dauenez, finantza tresna barriak “beste pausu bat” dira barrikuntza bultzatzeko eta enplegua sortzeko ahaleginetan.
LAGUNTZAK BILBAO BASKETENTZAT
Beste alde batetik, oposizinoko hiru taldek –EH Bilduk, Podemos Bizkaiak eta Bizkaiko Talde Popularrak–, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatu jauna Batzar Nagusietara etortea eskatu dabe, 2013an Bilbao Basket taldeari emondako laguntzak dirala eta Estaduko Kontuen Epaitegiak Bizkaiko Foru Aldundiaren kontra hasi dauen prozeduraren gaineko informazinoa emon daian.
Oposizinoaren eretxiz, Estaduko kontuen epaitegiak “zalantzan jarri dau” saskibaloi taldeak urte horretan jaso ebazan 5,3 milioi euroen parte baten “legezkotasuna”, ez dagolako “behar dan moduan justifikauta”. Horrez gain, Estaduko Kontuen Epaitegiak kaleratu dauen idazkian adierazoten danez “ikerketzen dabizen” pertsonak zeintzuk diran esateko eskatu dabe. Iruarrizagak ezezkoa erantzun deutso azken horri, Aldundiagaz zerikusirik ez dauen prozedurea dalako eta datuen babeserako legeak debekau egiten dauelako.
Ogasun eta Finantzetako diputatu jaunak adierazo dauenez, Aldundiaren eretxia ez dator bat Espainiako Erresumako Kontuen Epaitegiaren erespideagaz, eta Foru Erakundeak behin behineko likidazino aktari jagokozan alegazinoak daborduko aurkeztu dituala gogoratu dau. Likidazino akta horrek “790.443 euro gehi interesei jagokezan beste 90.098 euro” itzultzea eskatzen dau. Iruarrizagak esan dauenez, laguntzak “epe barruan” justifikau ziran eta, edozelan be, “diru publikoetan ezelango kalterik eragin barik”.
Dana dala, Aldundia “alkantzeko kontabilidadeko erantzukizuneko prozeduran” agertu da, holango kontabilidadeko erantzukizunik ez dagola adierazoteko, bere eretxiz 790.443 euroko diru-laguntzea “modu egokian” justifikau ebalako Bilboko taldeak. Helegiteak aurrera egiten ez badau, Iruarrizagak ez dau baztertu arazoa ohiko epaitegietan bideratzea, Aldundiaren eretxiz, Bilbao Basket taldeak hitzarmena “bete ebalako” eta “behar dan moduan justifikau ebalako”.
Iruarrizagak gogoratu dauenez, Espainiako epaitegiak argitu gura dauena “ez da Aldundiaren kontrako prozedurea, ezta Bilbao Basket taldeagaz sinatutako hitzarmena edo funts publikoen jomugea zalantzan jartea be. Eta askoz gitxiago jarten da zalantzan inork diru-laguntzaren dirua berarentzat gorde izana. Zalantzan jarten dana, taldeak aurkeztu dauen auditoria gastua justifiketako behar bestekoa dan ala ez da”. Aldundiaren eretxiz, auditoria hori “behar bestekoa” da.