Aurreko Albisteak

Gernikako Batzarretxeak gainditu egin dau udan izandako atzerriko bisitarien markea

Gernika

Udako bisitari kopuruak barriro erakutsi dau Gernikako Batzarretxeak erakarpenerako daukan ahalmena. Bizkaiko Batzarren egoitzako sarreren kopuruan, garagarrilean eta agorrilean atzerritarren erregistroa gainditu egin dala azpimarratu behar da, 2003an Batzarrek estadistikak ezarri ebezenetik lortu dan kopuru altuena lortuz. 9.942 pertsona izan ziran, hau da, aurreko urteko epealdi berean baino %11 gehiago.

Gernikako Arbolak atseden hartzen dauen lekuak batez beste 720 bisita hartu ditu egunero azkenengo hilebete bietan. Batez beste hori 900 ingurukoa (893) izan da agorrileko egunetan. Guztira, 44.643 izan ziran barruti historiko-kulturalaren hesia gainditu eben pertsonak.

Batzarren egoitzea ezagutzera hurbildu ziran pertsonen %87 Euskal Herri kanpotik etorri zan. Udan, Batzarretxea eta inguruak beste autonomia erkidego batzuetatik eta Europako herrialdeetatik etorritako bisitariz beteten dira batez be. Garai horretako turismoaren ezaugarri nagusia gehien bat familiek osatutakoa dala da. Estaduko beste leku batzuetatik hurbiltzen diran bisitarien artean (guztien %70 hartzen dabe), gehienak katalanak dira. 7.129 katalanen ostean madrildarrak (4.617), andaluziarrak (4.577) eta valentziarrak (4.511) egon dira.

Atzerriko bisitariei jagokenez, Europako herrialde handiak dira, oraindino be, bisitari gehien bialtzen dituenak. Guztira 9.942 pertsona etorri ziran atzerritik, erregistro hoberena Batzar Nagusiek estadistika hori egiten dabenetik. Batzarretxera hurbiltzen diran pertsonen %22a beteten dabe daborduko (igaz %17 izan ziran). Europarren ia herena, ondoan dogun Frantziatik etorri dira. Frantziarren ostean italiarrak, alemanak eta ingelesak etorri dira, ordena horretan.

Urtea amaitzean, Batzarretxeak barriro be 100.000 bisitariak gaindituko ditue, eta udako bisitariei, ikasturtearen gainerako garaietan Batzarren egoitzea bisitetan daben talde ugariak gehitzen jakez. Holan, Bizkaiko hirugarren kultur eremu bisitauena da, Guggenheim eta Arte Ederren museoen ostean.