Aldundiak "indartu egingo dau" 2017an Bizkaiko enpresa txikiei eta ertainei zuzendutako "3i" laguntza programea
Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako diputatua Batzar Nagusietara etorri da, Podemos Bizkaia taldeak eskatuta, “3i” programaren barruan Bizkaiko hamabi enpresari emondako laguntzen barri emoteko. Aurtongo deialdiak gure lurraldeko enpresa txikien eta ertainen artean izan dauen “harrera ona” ikusita, datorren ekitaldian programa hori “indartu egingo dala” adierazo dau foru diputatuak.
Enpresa txikiei eta ertainei zuzendutako programak, “itzultzeko beharrik bako” 500.000 euro arteko laguntzak eskaintzen ditu, laguntza horreek baimentzen dituan Europa mailako araudi “zorrotzean eta aukeraketakoan” oinarrituta. Lehenengo deialdian, Foru Aldundiak “283.000 euro” emon deutsez batez-beste Bizkaiko enpresek aurkeztutako 12 proiekturi, aurkeztu diran “52 eskarien” artetik. Aurrekontua 750.000 eurotan handitu da, "3.400.000 eurora" heldu arte. “Enpresa gitxiago aurkeztea aurreikusten genduan”, autortu dau, lehenengo emaitzak “bikainak” izan dirala esan aurretik.
Programak, “45 milioi euroko” eragin ekonomikoa gauzatzeko aukerea emongo dau, enpresek eurek egindako kalkuluak beteten badira. Enpresa txiki eta ertain horreek “257 milioi euro fakturetera” helduko dira, hasierako 170 milioietatik abiatuta, “225 enplegu barri” sortuz. Orain arte izan daben “1.028 pertsonako lantaldea izatetik 1.253 pertsonak osotutakora” igaroko dira.
“Konkurrentzia libreko” lehiaketa hori irabazi daben enpresak honeek izan dira: Ekide taldea, Engranajes Ureta, DYFA, finantza zerbitzuen NEAR zentroa, Navacel, Metal Smelting, Lebario, Barna, Dibal, Ona Electro Erosion, Fundiciones Garbi eta Izar Cutting Tools. Emondako laguntza handienak 500.000 eurokoak izan dira, eta txikienak, barriz, 172.000 eurokoak.
Lehiakortasunaren Euskal Institutuaren laguntzea izan daben programari esker Aldundiak, “oso proiektu interesgarrien” bitartez “3i” izenekoen (Nazinoartekotzea, Barrikuntzea eta Inbertsinoa) aldeko apustua egiten daben Bizkaiko enpresa errealidadeko “txapeldun ezkutuak” “identifikau” ahal izan ditu. Hori dala eta, Pradalesek zuzentzen dauen sailak hemendik aurrera programea “indartzearen” eta beste programa batzuk “barrikustearen” eta “antzeko ildora bideratzearen” aldeko apustua egingo dau. Hurrengo deialdian zabaldu egingo da gaur egun indarrean dagon 18 eguneko epea.
DIRU-BILKETAK “%1,8” EGIN DAU GORA BAGILERA ARTE
Beste alde batetik, Bizkaiko Talde Popularrak, lehenengo lau hilebeteetan izan dan diru-bilketaren jatsierea dala eta sailean murrizketarik egongo dan ala ez jakin gura izan dau. Gai hori Aldundiko sail guztietako arduradunei bideratu deutse.
Pradalesek iragarri dauenez, tributu kontzertauak dirala eta bagilera arte metatutako diru-bilketea igazko epealdi berekoa baino “%1,8” handiagoa da. Hori dala eta, igazko seihileko berean jasotako dirua baino “51 milioi euro baino gehiago” gehiago jaso dira. Holan, diru-bilketak “4,6” puntu berreskuratu ditu apirilera arte izandakoagaz alderatuta. Hilebete haretan diru-sarrerek %2,8ko jatsierea erakusten eben.
Joerak aldaketea erakusten dauen arren, “neurri gogorragoak hartu aurretik” Bizkaiko erakundeek –Foru Aldundiak eta Udalek–, PFEZren eta Soziedadeen zergaren ekitaldia abuztuan zelan ixten dan ikusi arte “zuhurtziaren” bidetik jarraitu behar dabela azpimarratu dau barriro Pradalesek. Izan be, oraindino, udagoienean Finantzen Euskal Kontseiluan egin ziran diru-sarreren aurreikuspenetatik “urrun gagoz”.
Pradalesek barriro aitatu ditu Foru Aldundiak gaindituko ez dituan marra “gorriak”, “Administrazinoko zerbitzu publikoakaz, gizarte arloko zerbitzuakaz edo garraio publikokoakaz jarraitzea”, hain zuzen be. Bere sailari jagokonez, Pradalesek esan dauenez, doikuntzak, egotekotan, II. kapituluan jasoten diran inbertsinoetan izango dabe eragina. Kapitulu horretan “azterlanak eta laguntza teknikoak, foru egoitzetan egiten diran obra txikiak eta publizidadea eta propagandea” dagoz.
EZPONDAK BERRESKURATZEKO PROIEKTU PILOTUA
Saio berean, Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako batzordeak Talde Mistoaren agerraldi eskari bat gauzatu dau, Pradalesek, errepideetako lanetan ezpondak hobetzeko “gunitatutako teknozoruen” aplikazino esperimentalaren emaitzen barri emon daian.
Diputatuak adierazo dauenez, 2012an bukatutako obrea dan Gaztelugatxeko San Joango saihesbidean gauzatzen ari dan proiektua joan dan bagilaren 8an hasi zan, “teknozoru” bat aplikauta –araztegietatik edo mozketen hondarretatik datorren materia organikoz eta inorganikoz osatuta dagon substratu ez toxikoa– errepide horretako hegaletako batean. Bertan hormigoi armaua proiektau zan, harkaitzetako landaredia sartzea errezteko.
Diputatuak jakinarazo dauenez, proiektua errepide horretako “19 lur-sailetan” gauzatuko da eta 3 urte iraungo ditu. Denpora tarte horretan, Konpostelako Donejakueko Unibersidadeko Ingurumeneko Teknologia Laborategiaren aholkularitzea daben Aldundiko teknikariek, lekuan bertan aplikauko diran nahasketen bilakaerea aztertuko dabe, emaitzak ikusteko, iraunkortasunari eta kostu ekonomikoari jagokenez.
HOBEKUNTZEN AZTERKETEA SANTO DOMINGOKO SARBIDEAN
Dana dala, batzordeari hasierea emoteko, EH Bilduk ahozko erantzun-eskea egin dau, diputatuak BI-3741 errepidearen (Enekuri-Santo Domingo) egoereari eta egin beharreko hobekuntzei buruzko azterlana bukatuko dan dataren gaineko aurreikuspena emon daian. Pradalesek adierazo dauenez, txosten hori “garagarrilaren 4an” amaitu zan, eta aste honetan bertan bialduko da Bizkaiko Batzar Nagusietara, Batzarrek eurek emondako agindua betez. Aldundiko arduradunak esan dauenez, bere saila inguru horretako biztanleakaz alkartuko da bihar, txostena azaltzeko.