Aurreko Albisteak

Israelgo enbaxadoreak Gernika bisitau dau

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak Daniel Kutner Israelgo enbaxadorea hartu dau Gernikan gaur eguerdian. Enbaxadoreagaz batera Yinam Cohen Ekonomia eta Barrikuntza Sailburua eta Hagit Mualem Kultura Sailburua etorri dira. Euskadin egin dauen egotaldi ofizialean, Israelgo ordezkaritzak, euskaldunontzat balio historiko handia dauen Gernikako Batzarretxea bisitau gura izan dau.

Enbaxadoreak Bizkaiko batzarretxeko eskilaretan bertan jaso dau harrerea, txistuan “Agur Jaunak”, errespetu eta harrera sinboloa, entzuten zan bitartean. Txistulariek eta Batzar Nagusietako presidenteak lagunduta, konbidatuek, Batzarretxearen eta Gernikako Arbolaren esanahiaren gaineko ikus-entzunezko laburra ikusi ostean, Batzarretako egoitzatik ibilpidetxoa egin dabe, Gernikako Arbola Zaharraren eta Haretx gaztearen ondoan argazkiak atera aurretik.

Ahaldun nagusiek eta Lehendakariek euren zina egiten daben leku berean, enbaxadoreak dantzari bikote baten omenaldia jaso dau, ohorezko “aurresku” batekin, eta horren ostean bisita gidaua egin da Batzarretxe barrura (osoko bilkuren aretoa, Beirategiaren aretoa-Museoa, artxibategi-liburutegia). Amaitzeko, Batzarretako presidentearen bulegora joan dira, eta bertan enbaxadoreak “Batzarretxeko Ohorezko Liburuan” sinatu eta mezua idatzi dau.

Batzar Nagusietako presidenteak, euskal eskubide historikoen berezitasuna azaltzen dauen “La Foralidad” liburuaren ale bat oparitu deutso Israelgo ordezkaritzari.