Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek eskaria egin dabe Elgero auzoak (Trapaga) Bizkaibuseko zerbitzu gehiago izan daizan

Bilbao

Elgero auzoko (Trapaga) biztanleek hobetuta ikusiko dabe Bizkaibusek (3331 linea) eskaintzen daben eta herria eta gertu dagozan Portugaleteko eta Sestaoko udalerriak lotzen dituan zerbitzua, Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Batzordean gaur onartu dan arauz besteko proposamenari esker.

Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV), Euskal Sozialistak (PSE-EE) eta EH Bildu taldeek alkarregaz aurkeztu daben eta onartu dan proposamenean, eskaria egiten jako Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Sailari, Elgero auzotik igaroten dan Bizkaibuseko zerbitzuak beste urteera bi izan daizan auzo horretan, bat goizeko 09:00etan eta bestea arratsaldeko 17:00etan.

Saio berean, Batzordeak ez dau onartu Batzarretako Podemos Bizkaia taldeak aurkeztu dauen eta Trapagako auzo horretara doan autobus zerbitzu beragaz erlazionauta egon dan ekimena. Ekimen horretan auzo horretan eskaintzen diran zerbitzuak bikoiztea eskatzen jakon Aldundiko Garraio Sailari, gaur egun eskaintzen diran bostetatik hamarrera pasatuz. Nuria Atienza Podemos Bizkaia taldeko ordezkariaren eretxiz, eskari hori justifikauta dago, zerbitzua zabaltzeko eskaria dagoalako, eta bere ustez “ez auzoko biztanleen aldetik bakarrik”. Holan, azpimarratu dauenez, leku horretan Aspaceren Zentro bat dago, eta bertan “buru paralisia eta ezintasunak dituen nerabeak edo/eta helduak dagoz”. Horri jagokonez, “Aspaceren zentroko erabiltzaileek, euren beharrakaz bat datorren garraio zerbitzua dabela” gogoratu dau Joaquín Colmenero Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleak.

Zigor Isuskiza EH Bilduko kideak adierazo dauenez, onartu dan zerbitzuaren hobekuntzeak ez ditu jasoten bere taldeak joan dan maiatzean aurkeztu eban eta onartu ez zan antzeko proposamen batek jasoten ebazan eskari guztiak, baina “aurrerapen bat dala” onetsi dau. Jesús Isasi Bizkaiko Talde Popularreko (PP) bozeroaleak, bere txandan, Bizkairako Mugikortasun Jasangarriko Plan bat egitea eskatu dau.


MASKOTAK BIZKAIKO ZUBIAN

Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Batzorde berak ez dau onartu Podemos Bizkaia taldearen ekimena, Bizkaiko Zubiaren esleipena dauen enpresari agindua emoteko, “animaliak eta animaliakaz doazan pertsonak” zubi eskegiko kabinetan joateko baimena emon daian, igarobidean, ibilgailuen ondoan, joan behar izan barik.

Talde guztiek, proposamena baztertzeko eta barriro formuletako eskatu deutsie Podemos Bizkaia taldeari. Joaquín Colmeneroren (PSE-PSOE) eretxiz “ez dauko zehaztasunik, eta eskariaren jasotzailea zein dan be ez dau zehazten”. Ildo berean, Unai Lerma Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak, bere taldeak proposamenaren idazketaren inguruan dituan zalantzak azpimarratu ditu. Bere ustez “txarto planteauta dago” eta ez ditu hainbat alderdi kontuan hartzen, “maskota motea edo bidaiari gehieneko orduetan zubiak dauen bidaiari eskari altua”, beste batzuen artean.

Talde morearen proposamena azkenean ez da onartu. EAJ-PNVk, PSE-PSOEk eta Talde Mistoak kontrako botoa emon dabe, Podemos Bizkaiak eta EH Bilduk aldekoa eta PP taldea abstenidu egin da.