Aurreko Albisteak

Gernikako Arbolaren kimu baten landaketea Muskizen, Eguneko Zentroaren 25. urteurrenean

Gaur oso egun berezia izan da Muskizen. Uda modu ofizialean hasi aurreko eguna bat etorri da herri horretako Eguneko Zentroa zabaldu zaneko 25. urteurrenagaz. Hori ospatzeko, Aldundiko eta udalerriko agintariak San Joan plazara joan dira, Gernikako Arbolaren kimu bat landatzeko. Ekitaldian Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Borja Liaño Muskizko alkatea egon dira, eta eurekin batera udaleko kideak eta herriko hainbat biztanle.

Batzar Nagusietako presidenteak animau egin ditu pertsona nagusiak, zentroko zerbitzuak erabilten jarraitzera, “biziago eta pozago egoten lagunduko deutsuelako”, eta gehiago oraindino zentroaren instalazinoak zelan modernizau diran zuzenean ikusi ostean, areto multi-sentsorial barria zabaldu eta gero.

Muskiz erdi-erdian dagoan zentro horren zidarrezko ezteguak nahiko errazoi izan dira euskaldunon sinbolo unibersalena lurrean landatzeko. Gernikako haretxaren kimu gaztea indar osoz haziko da “gure askatasunen eta eskubide historikoen sinbolo moduan, Muskizko adinekoek ederto baten zainduta”, adierazo dau Otaduik.

Bere berbaldian, Bizkaiko Batzarretako presidenteak, gure “quercus robur” horren mendeetako leinuaren sustraiak Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa zabaldu dau. “Euskal Herriko herri guzti-guztietan Gernikako Haretxaren ondorengo bat sartuta egotea gurako geunke, gure bake, askatasun eta iraunkortasun gogoaren ikur moduan”.

Zeremonia sinbolikoa Eguneko Zentroaren ondoan egin da. Otaduik kimuaren benetakotasun ziurtagiria emon deutso Muskizko alkateari, haretxaren landaketea sinbolizetan daben eta daborduko tradizionalak diran palakadak emon ostean.