Aldundiak "lehentasunak ezarri beharko ditu" gastuan, diru-bilketeak behera egin dauela berresten bada irailean
Bizkaiko Foru Aldundiak bere foru sailetako eta erakundeetako gastuan “lehentasunak ezarri beharko ditu”, diru-sarreren aurreikuspenaren eta benetako diru-bilketaren artean dagoan aldeak Aurrekontuetan izango dauen eragina murrizteko. Foru Gobernuak ez ditu ikutuko “gizarte arloko zerbitzuak eta zerbitzu publikoak”, baina “atzeratu egingo dau” preminazkoak ez diran eta abagune ekonomiko hobearen zain egon daitekezan proiektuen edo jarduketen hasierea.
Bizkaiko Ogasunak igazko hilebete horreetan baino “%2,8 gitxiago” batu dau urtarriletik apirilera, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko batzordean gaur baieztu dauenez. 66 milioi euro gitxiago dira, eta Aldundiak autortu dauenez “oso gaitza” izango da ekitaldi osorako aurreikusita dagoan hazkundea betetea.
Diru-bilketaren jatsiera nabarmenagoa izan da Soziedadeen gaineko Zergan eta BEZ zergan, eta zerga horreetan Bizkaiko Ogasunak ez dauka maniobratarako aukera handirik. Soziedadeen gaineko Zergak behera egin dau, Estaduko arauzko erreformak hamar puntutan murriztu dauelako Estaduko arautegia bete behar daben konpainien tributazinoa. Iruarrizagak adierazo dauenez, aldaketa horrek “30 milioi euroko” eragina izan dau.
BEZaren diru-bilketa osoari jagokonez, “100 milioi euroko” jaitsiera izan dau, energiagaz erlazionautako produktuek izan daben beherako bilakaerea dala eta, batez be. Iruarrizagak esan dauenez beste zergaiti batzuk be badagoz, loteriaren errendimenduei jagokozanak adibidez, errendimendu horreek “15 milioi euro gitxiagoko” eragina izan dabelako kontuetan. 2016an “ez da hainbeste loteriarik tokatu”, esan dau.
ARTXANDAKO JOLAS PARKEAREN ERAISPENA
José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak adierazo dauenez, bere sailaren aurrekontuaren barruan dagoan Artxandako jolas parkearen eraispena izan daiteke Bizkaiko diru-bilketak azkenean dauen eboluzinoa kontuan izanda horren eragina jasan daikean proiektuetako bat. Irailera arte itxaron beharko da lanak geratu egingo dirala berresteko, Errentaren eta Soziedadeen gaineko Zergen datu “itxiak” ezagutu eta BEZaren eta zerga berezien urteko balantzearen “heren bi” amaituta egon arte, hain zuzen be.
Diputatu jaunak gogoratu dauenez, Bizkaiko Ogasunak aurreikusitako diru-bilketak ez badira beteten, “ikutuko ez diran lehentasunezko gastuak” egongo dira. “Marra gorriak zerbitzu publikoetan eta gizarteko zerbitzuetan dagoz jarrita”, esan dau, eta horren ostean, “une honetan daukaguzan datuakaz ez da ezelango partidarik ikutuko” adierazo dau.
BATZARRETAKO TALDEAK
Podemos Bizkaiak eta Bizkaiko Talde Popularrak Ogasun eta Finantzetako foru diputatuaren agerraldia eskatu dabe, bere saileko kideak, Bizkaiko diru-bilketak, 2016ko ekitaldiaren lehenengo lauhilekoan “%2,8ko” jatsierea izatearen zergaitiak azaltzeko Batzarretako taldeakaz alkartuko dirala jakin eta gero. Talde biek, aurreikusitako diru-sarreren murrizketa horrek aurrekontuetako programetan izango dituen “ondorioen” gaineko azalpenak eskatu ditue.
Diputatu jaunaren azalpenak entzun eta gero, oposizinoko taldeek diru-sarreren aurreikuspena kalibretako orduan Aldundiak izan dauen aurreikuspen “okerra” kritikau dabe. Horrek Udalen kudeaketan be badau eragina. Eduardo Andrés popularraren eretxiz, bat ez etorte hori “argi egoan”. Bere berbetan “murrizketak” izango diran horreek sailez-sail gehiago zehazteko eskaria egin dau.
Podemos Bizkaia taldeko Mikel Isasik esan dau, zoritxarrez, diru-sarrerak “barriro be desbideratu egin dirala”. Bere esanetan, beharrezkoa da lurraldeko politika fiskala “aldatzea”, eta badago horretarako tartea, Bizkaiak Estaduko gainerako lekuek baino “inposizino txikiagoa” dauelako, eta Danimarkak “baino 15 puntu txikiagoa”, adierazo dau. Aldundiak, beste batzuen artean, hidrokarburoen gaineko zergea igotzea aurreikusten dauen ala ez galdetu dau.
Ildo berean, EH Bilduren eretxiz, lehenengo lauhilekoko datu fiskalek “subiranotasun fiskalaren faltea” berresten dabe, BEZ edo Soziedadeen gaineko zergea moduko zerga batzuetan. Arantza Urkaregiren eretxiz, Aldundiak aurkeztutako aurrekontuek “ez dabe ezertarako balio”, eta horrek eragin kaltegarria izango dau udaletan.
Foru Gobernua eusten daben batzarretako talde biek –EAJ-PNV eta PSE-EE- adierazo dabenez, argi eta garbi daukie zeintzuk diran “gainditu behar ez diran marra gorriak”, “gizarte arloko gastuak”, adibidez. Diru-sarreren desbideraketea, Bizkaiak eskumenak ez dituan arloetan gertatu dira, BEZaren bilakaeran eta arautegi komunetik jasotako Soziedadeen gaineko zergaren partean, hain zuzen be.
Talde biek azpimarratu dabenez, Aldundiak diru-sarrera fiskalen bilakaeraren gainean aurreratu eban informazinoa oso baliozkoa zan Udalek gastuetarako agertoki barria “denporaz” prestau eien. Halanda be, Janire Bijueska batzordekide jeltzaleak gogoratu dauenez, diru-bilketaren desbideraketea, urteko lehenengo lauhilekoan, lurraldearen aurrekontu “orokorraren” gaineko “%1ekoa” da.
SAN MAMES ONDOKO LURREN URBANIZAZINOA
Ekonomia eta Ogasuneko batzordean, talde moreak, San Mames ondoan dagozan eta UPV/EHUrenak diran partzela bi bitartekotasunez urbanizetako Aldundiak sinatu dauen hitzarmenaren gainean itaundu deutso foru diputatuari. Partzela horreek Foru Aldundiak laga ebazan, unibersidadeko eraikin bi eregiteko.
Iruarrizagak adierazo dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, UPV/EHUk eta Athletic taldeak sinatu daben hitzarmen horrek inguruko “segurtasuna bermatuko” dau, hesiak kenduz eta ostean partzela bietan aurretiaz asfaltoa botaz. Gehieneko gastua “979.095 eurokoa” izango dala aurreikusi da, eta lau erakundeek ordainduko dabe, “danak kopuru berbera”. Behar horreek egiteko epea “hilebete bikoa” izango da.
EH Bilduri erantzunez, Iruarrizagak esan dau ez dakiala zein dan unibersidadeak eraikin biak eregiteko buruan dauen epea, eta esan dauenez, Aldundiak “ez dau aurreikusten” lurren titularidadea itzultzea eskatzerik, bere egunean “barrikusteko klausulea” sinatu zan arren.
LANKIDETZARAKO PARTIDAK
Beste alde batetik, batzordeak ez dau onartu Podemos Bizkaia taldeak aurkeztu dauen proposamena, Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetzarako dituan aurrekontu partida “guztiak” Banka Etikoaren erespideakaz bat datozan erakundeetan sartu eta landu daitezan. Mikel Isasik esan dauenez, diru hori aurrekontuaren “%0,4”, –5 milioi euro inguru– izango litzateke, hori dalako Foru Aldundiak lankidetzara bideratzen dauena. Arauz besteko proposamena ez da onartu, aldeko 5 boto (Podemos eta EH Bidu), kontrako 9 boto (EAJ-PNV eta PSE-EE) eta abstentzino 2 (Mistoa eta PP) izan ditualako.
Batzarretako talde gehienek proposamenaren “izpirituagaz bat datozala” adierazo dabe, baina PP, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek arazo “teknikoak eta legezkoak” dagozala esan dabe.
Alexia Castelo batzordekide sozialistak azaldu dauenez, bere taldeak arazo tekniko horreek gainditzeko eta, Aldundiari, “Arabako Foru Aldundiak eta udal batzuek egiten daben moduan”, erakunde horreekaz behar egiten hasi daiten eskatzeko proposamen bat ekarriko dau Bizkaiko Batzar Nagusietara.
EH Bilduko Arantza Urkaregik Podemos Bizkaia taldearen proposamenari baiezkoa zergaitik emon deutson azaltzean, “lehenengo pausua” eta kopuru “txikia” dala esan dau. Dana dala, bat etorri da sozialistakaz eta jeltzaleakaz, erakunde horreek diru kopuru handiak kudeetako orduan “arazoak” dituela esatean.
EAJ-PNV taldeak adierazo dauenez, gaur ez dago baremorik banka etikoa zer dan eta zer ez dan esateko orduan, eta gogoratu dau betidaniko erakundeek euren ekintzen artean be badituela “gizarte arloko lanetara bideratutako elementuak”.
Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak puntu horretan hartu dau parte, Aurrekontua eta Diru-zaintzea “mundu desbardin bi” dirala zehazteko. Aldundiak “ez daukaz 7.000 milioi euro urtarrilaren batean”, esan dau, eta gogoratu dau Foru Aldundiak finantza erakundeakaz behar egiten dauenean, erakunde horreek ez dirala dirua eukiteko leku hutsak, erakunde horreek dirua mailegatzen deutsiela Aldundiari, Diru-zaintzako kredituen bitartez.