Aurreko Albisteak

Zemenditik aurrera, Urdulizko ospitalera joango dan Bizkaibuseko linea bat jarriko dau martxan Aldundiak

Bilbao

Vicente Reyes Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako diputatua Batzar Nagusietara etorri da gaur, berak eskatuta, Bizkaibuseko Zerbitzua, denpora gitxi barru zabalduko dan Urdulizko Ospitalearen beharretara egokitzeko aurreikusten diran jarduketen barri emoteko. Proposamenen artean, zemenditik aurrera, ospitalea, Bilboko Metroaren zerbitzurik ez daben Eskumaldeko uriguneakaz lotuko dauen linea barria jarriko dala martxan azpimarratu behar da.

Foru diputatuak bermatu dauenez, Bizkaibusen egungo zerbitzuak Urdulizko Ospitalearen “beharrak beteko ditu” funtzionetan hasi eta lehenengo fasean, aurtongo bagiletik zemendira. Aurreikusten danez, lehenengo etapa horretan Ospitale barriak Uribe-Kostatik gertuen dagozan udalerriei baino ez deutse zerbitzurik emongo: Gorlizi, Plentziari, Barrikari, Lemoizi, Sopelari, Berangori eta Urdulizi. "61.000 pertsonako" biztanleria potentziala, “2017. urtearen hasieratik” aurrera oso-osorik funtzionetan hasten danean zerbitzu barria jasoko dauen biztanleria osoaren “%31”, hain zuzen be. Une horretan, Mungialdeko eta Uribe Kostako “19” udalerrik jasoko dabe arreta Ospitale barrian. Zerbitzua jasoko dauen biztanleria osoa “195.000 pertsona” ingurukoa izango da.

Garraio publikoaren egokitzapena “nasaia” izango da, ospitaleko zerbitzuen irekierea eta arretea biztanle guztiei zabaltzea “apurka-apurka” egingo dalako, Garraio saileko titularrak azpimarratu dauenez.

Aldundiak egoerea aztertu daiala agindu deutso kanpoko kontsultoretza enpresa bati, eskariaren beharrak ezagutu ahal izateko. Osakidetzagaz, eragina jasoko daben udalerrietako alkateakaz, Bilboko Metroagaz eta Bizkaiko Garraio Partzuergoagaz egindako bileretatik be atera diran datu guztiak kontuan izanda, Vicente Reyesek zuzentzen dauen sailak garraio zerbitzuak zehaztuko ditu, “eta beharrezkoa bada, egokitu egingo ditu”.

Hasierako argazki finko horretan, sailaren eretxiz ez da beharrezkoa izango garraio linea barririk ezarterik bagiletik zemendira, bidaiatzeko behar diran denporak, une honetan Mungialdeko eta Uribe Kostako biztanleek gehien erabilten daben Gurutzetako ospitalera joateko denporak “baino laburragoak edo antzekoak” diralako. Mungia eta Urduliz arteko distantzia “12 kilometrokoa da, Gurutzetara 22 kilometro dagozan bitartean”, adierazo dau adibide moduan.

Reyesek hasiera batean esan dauenez, egungo eskaintzea “nahikoa” izango da eskariari erantzun ahal izateko, hau da, gaur egungo linea biak, Uribe Kosta-EHU eta Sopela-Mungia-Gatika lineak nahikoak izango dira. Linea horreek Urdulizetik egiten daben ibilpidea aldatuko dabe, “hasiera batean”, ospitaletik “200 metrora” geraleku bat egon daiten, “hilebete gitxi barru” Ospitaleraino doan bidea amaitu arte. Horrez gain, azken linea horren ibilpideak aldaketak izango ditu Mungian, Mungialdeko gainerako lineakaz egin beharreko garraio aldaketak errazteko, “anbulatoriotik gertu” egongo dan geraleku bategaz.

Reyesek iragarri dauenez, akordioa sinatu da Urdulizko Udalagaz, bide barria zabaltzen dan unean, Udalak Ospitale aurreko geralekua prestau daian eta Aldundiko Sailak markesina barria instalau daian.

Momentuz, une honetan Leioa eta Getxo Gurutzetako Ospitaleagaz lotzen dituen linea biek, A3471 Algorta - Gurutzeta eta A3472 Las Arenas – Gurutzeta, orain arte moduan jarraituko dabe, “baina denporan zehar izaten daben bilakaerea aztertuko dogu, bidaiarien kopuruak behera egiten dauela-eta egokitzapenen bat egin dan ala ez ikusteko”.

Urdulizko Metro zerbitzuari jagokonez, gaur egungo maiztasunagaz gai dala Ospitalearen eskariari erantzuteko esan dau Vicente Reyesek. Aurreikusitako kalkuluak kontuan izanda, eskari handiagoko egoeretan, Metroaren unidadeak –592 edo 741 bidaiari jasoteko ahalmena daukienak, 4 edo 5 kotxek osatuta egotearen arabera–, ahalmen osoaren “%10 baino gitxiagoko” okupazinoa izango leukie.

Amaitzeko, diputatuak iragarri dauenez, une honetan Urdulizen behar egiten daben “bost” taxiak “nahikoak” izango dira, zerbitzu hori “gain-dimentsionauta” dagoalako. Udalak, Ospitalean geraleku bat jarteko konpromisoa hartu dau.

Batzarretako taldeek inguru horretako trafikoaren eta aparkatzeko lekuen gainean egindako galderei erantzunez, Reyesek esan dau ospitaleak beharginentzako aparkaleku bat izango dauela, eta “hiru solairuko lur azpiko” beste bat, erabiltzaileentzat, “300 plazakoa”. Udala ari da horretan beharrean. Diputatuaren eretxiz ez da beharrezkoa izango metroaren geralekutik lantzadera zerbitzua eskaintzea, talde batzuek adierazo daben moduan, datorren urteko “martian” indarrean sartuko dan Urdulizko metroaren geltokia, Osakidetzaren ospitaletik “5 minutura” egongo dalako, oinez joanda.


MARKESINAK

EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez, Reyesek adierazo dau Bizkaibuseko markesina bat jarriko dala Galdakaoko anbulatorioan, joan dan martiaren 18an, udalerri horretako alkateak, Udaleko osoko bilkuran gai horren inguruan landu zan eskaria bideratu ostean.

Lurralderako markesina eredu barria aurkeztea eskatu daben PP taldeari emondako beste erantzun batean, Reyesek “horretan beharrean ari garala” esan dau. Une honetan, “materialagaz, iraunkortasunagaz, mantentze-lanakaz, argiztapenagaz, informazinorako euskarriakaz eta prezioakaz” erlazionautako hainbat alderdi ari dira aztertzen, datorren urtetik aurrera erabagia hartzeko.

EZEZKOA ASTE SANTUAN METROAREN ORDUTEGIAK ZABALTZEARI

Beste alde batetik, Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako batzordeak ez dau onartu PP taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamen bat Aste Santuan metroaren ordutegiak zabaltzeko. Talde Mistoa izan da PPren proposamenaren alde agertu dan bakarra. EH Bildu eta Podemos Bizkaia abstenidu egin dira eta EAJ-PNVk eta PSE-EEk kontrako botoa emon dabe.

Proposamena aurkeztu dauen taldeak ez dau azkenean onartu EAJ-PNV eta PSE-EEk aurkeztu gura izan daben zuzenketa-eskea, enpresak gaueko zerbitzua ezartea aztertu eta balorau daian, “instalazinoen mantentze-lanetarako beharrak eta egun horreetako benetako beharretara egokituta egongo dan eskaintza bateragarriak izan daitezan”.

Talde biek, EH Bildugaz batera, zehaztu dabenez, Aste Santuko eskariak ez dau Metroaren zerbitzuak luzatzerik justifiketan. Holango eskari bat ezin daiteke “edozein preziotan egin”, EH Bilduko Zigor Isuskizak esan dauenez. “Datuak izan behar dira kontuan”, eta datu horreek erakusten dabenez, Aste Santuan, ohiko astegun batean mobiduten diran erabiltzaileen “herenak” erabilten dau metroa. Proba moduan metroak zapatu gauez funtzionau eban urtean, ohiko zapatu batean baino “%60” erabiltzaile gitxiago zenbatu ziran, Isuskizak zehaztu dauenez.

Koalizino abertzaleko batzordekideak ez dau onartu PPk turisten atxakia jarri izana zerbitzu gehiago eskatzeko “gure zerbitzuen jasotzaile nagusiak bizkaitarrak diralako”, eta ez dau onartu, ezta be, Aste Santua Gabon edo Gabon Zahar gaueko zerbitzuakaz alderatzerik. Bere eretxiz, metroko sindikatuek eurek be ez leukie ondo ikusiko proposamena.

EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek behar besteko eskari faltea jarri dabe mahai gainean, eta kritikau egin dabe, baita be, metroa “geldik” dagoanean egiten diran mantentze-lanak kontuan ez izatea.

Podemos Bizkaia, bere aldetik, herritarren mobikortasuna “bermatzearen” alde agertu da. “Jende guztiak ez dauka automobilik”, esan dau Nuria Atienzak.

PP taldeko Jesús Isasik kritikau egin dau alde batetik Basque Fest moduko kultur jarduerak programetea eta, bestetik, metroak gauez eskaintzen dituan zerbitzuak “murriztea”. “Ez da justifikagarria” horren zergaitia iraunkortasuna dala esatea, garraio zerbitzuak, berez be “galerak ditualako”. Jeltzaleek eta sozialistek zehaztu dabenez, ezinezkoa da inoiz eskaini ez dana murriztea.


EZ DA FRANTSESEZ IDATZITAKO TESTURIK EGONGO AIREPORTUKO BIZKAIBUSEAN

Beste alde batetik, batzordeak ez dau onartu Talde Mistoaren beste proposamen bat, Loiuko aireportuagaz lotzen daben Bizkaibuseko lineen informazinoa ingelesez eta frantsesez be egon daiten. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen eretxiz, neurri hori “ez da beharrezkoa”, euskarriak daborduko ingelesez dagozalako, nazinoarte mailan komuntzat hartzen dan hizkuntzan, hain zuzen be.