Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deutsie Aldundiari, "ahal dan neurrian" Gernikako Batzarretxeko lehenengo hiru sinadura liburuen eukia "berregin" daian
Euskera eta Kulturako batzordeak aho batez onartu dau gaur, Gernikako Batzarretxean egon ziran eta gaur egun inork non dagozan ez dakian sinaduren lehenengo “hiru” liburuen eukia berreskuratzeko “ahalegin guztiak” egin daizala eskatzea Aldundiari.
Txusa Padrones EH Bilduko batzordekideak esan dauenez, liburuki horreek, 1885 eta 1978 urteen artean Bizkaiko Batzarren egoitzatik igaro ziran pertsona garrantzitsuen “sinadurak eta sentimentuak” jasoten ebezan. Bertako orrietan “Unamunoren, Sabino Aranaren, Agirre lehendakariaren edo George Sternsen” esaldiak eta pentsamentuak irakurri eitekezan, beste batzuenen artean. Liburukiek hiru epealdi jasoten ebezan, 1885 eta 1914 artekoa, 1914 eta 1944 artekoa eta 1944 eta 1978 artekoa, hain zuzen be.
Talde Mistoak aurkeztu dauen eta onartu egin dan arauz besteko proposamenak eskaria egiten deutso Foru Aldundiari “egin beharreko hartu emonak eta gestinoak egin daizan liburuki horreek ikusi ahal izan dituen ikerlariakaz eta ikerketa zentroakaz”, “ahal dan neurrian liburukien eukia berreskuratu eta berregin ahal izateko”.
Behar hori egiten dan bitartean, ekimenak eskaria egiten dau, Aldundiak jatorrizko liburukiak bilatu daizan eta gertakariak justiziaren aurrean salatu daizan. PSE-EE eta EAJ-PNV taldeetako ordezkariek geroago esan dabenez, salaketa hori jarrita dago daborduko.
Arturo Aldecoak behin eta barriro esan dau “beharrezkoa” dala Aldundiak ahalik eta dokumentu gehien batzea, etorkizunean, ale bat edo gehiago enkante publikoren batean agertzen bada be. Itzultzea eskatzeko “biderik seguruena da”, esan dau. Mikel Bagan jeltzaleak azaldu dauenez, Foru Artxibategia “hartu emonetan jarri da ikerlari bategaz”, eta ikerlari horrek, liburukien eukiak dituen “hiru koadernu” laga ditu. Koadernuok eskaneau egin dira. Talde Mistoko batzordekideak berak, bere eskuetara heldu dan dokumentazinoa emon deutso aretoan egoan Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako foru diputatuari.
EH Bilduk adierazo dauenez, liburukien desagerpena, Batzar Nagusietako Artxibategia Lumoko udaletxe zaharreko egoitzetara eta, horren ostean, María Díaz de Haro kalean dagoan Foru Artxibategiaren Bilboko egoitzara, eroan izateagaz egon daiteke erlazionauta. Padronesek ez dau argitu gura izan bere eretxiz gertautakoa “lapurretea ala ardurabakotasuna” izan ete zan.
IKASLEEN BISITAK BESTE LURRALDE BATZUETAKO MUSEOETARA
Bizkaiko ikasleek Donostiako Zientzia Museora egindako bisiten gaineko arauz besteko proposamenari buruzko eztabaidan, Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako foru diputatuak, berbea hartu ostean, hiru foru aldundiek “euren indarrak batu egingo dituela” jakinarazo dau, euren eskuetan dagozan museogune guztiei “txispea aterateko”, ikasleek egindako bisita kopurua “handitzeko” helburuz. Aldundiko arduradunak jakinarazo dauenez, Euskadiko ikastetxeen artean beste lurralde batzuetako kultur baliabideen erabilerea sustatzeko ari dira beharrean, ikasleen prestakuntzea osatu ahal izateko.
Plan hori, daborduko zeozertan gauzatzeko ahalegina lortu dau batzordeak. Holan, aho batez onartu da Foru Aldundiari eskaria egitea, Donostiako Eureka Zientzia Museoagaz hitzarmena ezarteko aukerea aztertu daian “Bizkaiko ikasleen partaidetzea bultzatzeko bertan antolatzen diran dibulgazino eta prestakuntza jardueretan”. Aldecoak azpimarratu dauenez, Museo horren bisitarien “laurdena” bizkaitarrak dira.
Txusa Padrones EH Bilduko batzordekideak esan dauenez, Bizkaiak dauen eskaintzea “zabala da, baina baditu hutsune batzuk”, eta horiek arintzeko gomendagarria izango litzateke hitzarmen “zabalagoak” sinatzea, Bizkaiko ikasleek beste zentro batzuk bisitetako aukera izan deien, “Oteitza museoa edo Araban dagoan La Hoyako Beron herrixkea”, adibide bi jartearren. Diputatu andreak berak Iruñeko Planetarioa eta Donostiako Aquariuma aitatu ditu bestelako gune interesgarrien artean.