Bizkaiko Batzar Nagusiek Ondarroako zubi birakaria "atoan" bereoneratzeko eskaria egin dabe
Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deutsie gaur Foru Aldundiari, Ondarroako Udalagaz lortu beharreko akordioak lortu daizan, Ondarroako zubi birakaria “preminagaz” bereoneratzeko eta etorkizunean zubiaren artapen egokia bermatzeko. Talde Mistoak planteau dauen arauz besteko proposamenak Batzar Nagusietako talde guztien aldeko botoak izan ditu, abstenidu egin dan Podemos Bizkaia taldearenak izan ezik.
1927an, Udalak berak aginduta, Aldundiak eregi eban oinezkoentzako zubiak bizirik iraun dau “milaka arazoren” aurrean, Gerra Zibilaren aurrean, besteak beste. Baina une honetan “egoera txarrean” dago, Arturo Aldecoa ekimenaren arduradunak azaldu dauenez. Talde Mistoko bozeroaleak adierazo dauenez, “penagarria” da bere diseinua eta funtzionaltasuna dirala eta “parebakoa” dan igarobideak bere egungo egoerea konpontzeko biderik ez aurkitzea. Hori dala eta, lehenengo Aldundiaren eta Udalaren arteko akordioa, eta horren ostean, estrukturea konpontzeko “finantzaketa pribadua be” bilatzea planteau dau.
Ekimenak Batzarretako ganerako taldeen aldeko eretxia jaso dau, baina PP taldeak, akordioa lortu aurretik “benetako” kontserbazino egoerea eta konponketarako beharren “kostua” zein dan jakiteko eskaria egin dau.
PSE-EE taldeko Juan Oterminek azaldu dauenez, Udalak zubiaren “ikuskapen” bat egin eban 2015eko urrian, eta bertan zubiko elementu batzuk “higatuta” egozala eta “egurra kaltetuta” egoala egiaztau zan. Hori dala eta, kultur intereseko ondasun moduan inbentariauta dagoan azpiegiturea kontserbetan batera aritu daitezala eskatu jake erakunde biei.
EH Bilduko Alexander Sarduik, bere aldetik, zubiak, inaugurau zanetik, izan dauen erabilgarritasuna aitatu dau, eta Aldundia izan dala hamarkadatan mantentze-lanez arduratu dana. Dana dala, argi itzi dau “inork” ez dakiela zein dan zubiaren jaubea. Halanda be, eskaria egin dau, Foru Aldundiak “hartu daizan bere gain” behar horreek.
EAJ-PNV taldea, José Angel Basauri batzordekidearen ahotik, bat etorri da Aldundiko gainerako taldeakaz, konponbidea bilatzeko orduan Aldundia “herritarrakaz eta Ondarroako Udalagaz eskutik“ joan behar dala esatean.
“Proposamenaren eukiagaz” ados egon arren, Podemos Bizkaiak bere abstentzinoa azaldu dau, bere eretxiz Ondarroan une honetan “beste lehentasun batzuk” dagozala uste dauelako. “Ez dakit hori egiteko unerik onena dan”, adierazo dau Elsa Pamparacuatrok.
BIZKAIKO ZUBIAK
Beste alde batetik, Talde Mistoak ez ditu Batzarretako gainerako taldeak konbentzidu bere beste ekimen bietan. Proposamen horreen bitartez, alde batetik, Aldundiak, bereoneratze lan “desegokiak” dituen zubien ganeko azterlan “eguneratua” aurkeztea gura izan dau, etorkizunean, “premina barik”, euren jatorrizko itxurara egokitzeko beharrak egin ahal izateko. Beste proposamen batean, Foru erakundeak Bizkaiko “landaguneetako zubi txikien” egoerea ebaluetea gura eban. Ekimen biak ezetsi egin dira, emoitza berberagaz: aldeko boto 1 (talde mistoa), kontrako 9 (EAJ-PNV eta PSE-EE) eta 6 abstentzino (EH Bildu, Podemos eta PP).
Foru Gobernua eusten daben talde biek, ekimena “ona” dala ulertu arren, Aldundia ezin dala bera titular ez dan zubiez arduratu adierazo dabe. Aldundia, zeozer egitekotan, “aholkuak emotera” mugatu beharko litzateke. Halanda be, gaur egungo egoera ekonomikoa eta baliabide mugatuak ikusita, “beste lehentasun batzuk” dagozala pentsau daiteke. “Zuk zeuk esan dozu ez dala preminazkoa, ezta azterlana bera egitea be”, erantzun deutso Ana Esther Furundarena jeltzaleak. Egitekotan, “babes kalifikazinoa daukien eta jaubea Aldundia dan” zubietan zeozer egin daiteke, gehitu dau Juan Oterminek (PSE-EE).
LARREINETAKO FUNIKULARRAREN KABINAK
Bizkaiko Batzarretako Euskera eta Kulturako batzordeak ez dau onartu Talde Mistoak aurkeztu dauen arauz besteko beste proposamen bat. Proposamen horretan eskaria egiten jakon Aldundiari, Euskotrenegaz eta Azpeitian dagoan Burdinbidearen Euskal Museoagaz egin beharreko gestinoak egin daizan, 1994an Gipuzkoan dagoan museora eroan ziran kabinak Larreinetako Funikularrera itzuli daitezan. EH Bildu taldea izan da Arturo Aldecoak aurkeztutako ekimenaren alde agertu dan bakarra. EAJ-PNV, PSE-EE eta Podemos taldeek kontrako botoa emon dabe, eta PP abstenidu egin da.
Aldecoak, 1926ko datea dauen kabina Zugaztietan eukiteko “unea dala” adierazo dau, “ahal bada une berezietan” erabili ahal izateko edo jendearen aurrean erakusteko. 1994tik Eusko Trenbideak soziedadeak kudeetan dauen “garraio moeta hori berreskuratzeko prozesuari amaiera polita emoteko modua” izango litzateke. Urte haretan, kabina zaharrak kentzea eta hareen ordez gaur egun dagozanak jartea, eta zahar hareetako bat Azpeitian dagoan museora eroatea erabagi zan. Aldecoak esan dau penagarria dala kabina museoan bertan behera itzita ikustea. Kanpoan dago “trabesa biren ganean”, eta plastikoakaz estalduta.
EAJ-PNV taldeak azaldu dauenez, bere kokalekua kontuan izanda, dagoan kabina bakarra –bestea “desegin” egin zan– “modu egokian estalduta, prezintauta eta umeltasunetik isolatuta” dago. Celia Gómez jeltzaleak adierazo dauenez, aurreko Kulturako foru diputatuak Ondare zerbitzuaren txosten tekniko bat bialdu eutsan “2013ko apirilean”. Txosten horretan ibilgailuaren egoerearen balorazinoa egiten zan. Dokumentuan adierazoten zanez, “errobera, txasis eta plataforma barik” egoan, eta motorra “erreta eta erabili ezinda”.
Ibilgailua, tren arloko ibilgailu bat kontserbetako “Euskadin dagoan erakunde espezializau bakarraren” esku itzi zala, eta museoak aurreikusi dauenez, hartu diran neurriakaz kabina “ez dagoala artapen arrisku egoeran” azaldu dau Gómezek. “Erakusteko erabili ahal izateko” konponketea “90.000 eurotik gorakoa” izango dala aurreikusten da, eta bere balio historikoa “kalidade gitxikoa” da. Adituen eretxiz, balio hori “ertaina edo txikiagoa” da, adierazo dau.
EH Bildu izan da Aldecoak defendidu dituan tesien alde agertu dan bakarra. Eskaria egin dau, koalizino abertzaleak egindako proposamenari erantzunez 2013an Eusko Legebiltzarrak onetsi eban ekimena bete daian, kabina “bere jatorriko lekura” itzuli daiten, erabarrituta. “Arriskuan badago, neurriak hartu beharko dira, atoan”, adierazo dau Txusa Padronesek. “Eztabaidetako modukoa da” kalidade gitxiko elementua dala esatea. “Gure eretxiz bere balioa handia da, Meategi inguruko oroimen historikoa berreskuratzeari jagokonez”, defendidu dau.
LOREA BILBAOREN AGERRALDIA
Beste alde batetik, Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako foru diputatuak, Talde Mistoak eskatuta, Lekeitioko Garraitz edo San Nikolas ugartean egiten ari diran lanen barri emon dau. Gaur egun ugarte horretan bertako espezie naturalak landatzeko proiektua dago martxan. Ingurua garbitzeko eta sastrakak kentzeko beharrak egiteaz aparte, “baseleizaren, komentuaren eta gotorlekuaren aztarnei balioa emon” gura jake.
Bilbaok azaldu dauenez, “3.300 euro” jarri dira behar arkeologikoak gauzatzeko, Alfredo Moraza Barearen zuzendaritzapean, egitura garrantzitsuen ganeko zundaketea egin ahal izateko, Aranzadigaz, Lekeitioko Udalagaz eta Atabaka Alkarteagaz alkarlanean.