BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BARAKALDON EKIN DEUTSIE BARRIRO ERAKUSKETA IBILTARIARI
- Herritarrei Bizkaiko Batzar Nagusien garrantzi politikoa eta kulturala gerturatzeko asmoa dauen “Bizkaiko Batzar Nagusiak Ezagutuz” erakusketea maiatzaren 2ra arte egongo da Bide Onera plazan.
- Inaugurazino ekitaldian Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Amaia del Campo Berasategi Barakaldoko Alkatea izan dira.
(Barakaldon, 2022ko apirilaren 4an). “Bizkaiko Batzar Nagusiak Ezagutuz” erakusketak gaur hasiko dau Barakaldon Bizkaiko geografian zehar egingo dauen bigarren ibilaldia. Herriaren erdialdean dagoan Bide Onera plazak maiatzaren 2ra arte hartuko dau erakusketa ibiltaria. Dozena bat panelen bidez, Europako sistema parlamentario zaharrenetakoaren garrantzi historiko, sozial eta kulturala erakutsiko da.
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Amaia del Campo Berasategi Barakaldoko Alkateak inaugurau dabe gaur goizean Bizkaiko parlamentuak sustatutako erakusketea. Erakusketea igaz be egon zan ikusgai Bilbon, Getxon, Portugaleten eta Durangon; Barakaldoko erakusketa honegaz, bada, itxi egingo da lurraldeko lau barrutietan zehar erakusketeak egin dauen lehenengo itzulia.
Erakusketa ibiltariaren bigarren denporaldiko lehenengo helmugea Barakaldo izango da, eta bertatik Ermura (maiatzaren 4an), Galdakaora (bagilaren 1ean) eta Bermeora (garagarrilaren 1ean) joango da. Jente gehien bizi dan Bizkaiko herrietan barrena egingo dan bidaia da, XIV. mendetik Bizkaiko Batzar Nagusiak gertakari politiko nagusien protagonista eta lekuko izatea ekarri daben gorabeherak ezagutarazoteko.
“Bizkaiko Batzar Nagusiak Ezagutuz”erakusketea formatu handiko 12 panelek osotzen dabe, eta Batzar Nagusiek parlamentu-erakunde moduan daben eskumen-egitura zabala azaltzen da bertan, baita erakundearen kultur ondarea be. Batzar Nagusien lau egoitzetan zeharko (Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediaga) ibilbidea egiten dau erakusketeak; zehaztasun gehiago emoten ditu Gernikako Batzar Etxeaz, erkundearen egoitza nagusia dalako eta bertan dagoalakozalako, esaterako, Gernikako Arbolea (demokraziaren, askatasunaren eta bakearen euskal sinbolo nagusia) , eta Francisco de Mendietaren “El Besamanos” margolana; kuadro hori osoko bilkuren aretoaren atalburuan dago eta oso berezia da, Europako artean lehenengoz emakume-talde baten erretratua egiten dauelako.
Erakusketaren inaugurazinoan, Ana Otadui Biterik barakaldarrek Bizkaiko Batzar Nagusietan izandako parte-hartze historikoa nabarmendu dau, “oso antxinako garaietatik datorrena”, adibidez, Lope García de Retuerto edo Pedro Sarricolea XVI. mendearen hasieran diputatu nagusi izendatu ebezanean. Adibide bi horreek erakusten dabenez, “Bizkaiko Batzar Nagusiek tradizino historiko handia dabe, Erdi Aroa baino lehenagokoa. Antxinatasun hori dala-eta, Bizkaiko parlamentua Europako lehenengo sistema demokratikoetariko bat da”.
Gaur egun, Bizkaiko parlamentua “XXI. mendeko erakundea da, aldaketetara egokitua eta ordezkatzen dauen herriagaz etenbako komunikazinoan dagoana”, Otaduik azpimarratu dauenez. “Ordezkatzen gaituen alderdi politikoek bertan hartzen ditue gure eguneroko bizimoduari eragiten deutsien erabagiak. Esaterako, aurrekontuak onartzea, zergak, errepideak, garraioak, egoitzak, enplegu-gaiak, ingurumena, nekazaritza, kultura eta Bizkaiko herritarrei zuzenean eragiten deutseen beste hainbat gai”, esan dau.
Beste alde batetik, Amaia del Campo Berasategi Barakaldoko alkateak nabarmendu dauenez, berak zuzentzen dauen udalerriarentzat “ohore handia da erakusketa hau gure kaleetan hartzea eta, holan, Batzar Nagusiak gertuagotik ezagutarazotea; erakunde horretan, garrantzi handiko gaiak eztabaidatzen dira, ez bakarrik Barakaldorentzat, Euskadi osoarentzat”. Del Campok gaineratu dauenez, Bizkaiko Batzar Nagusiak “gure lurraldean herritarren parte-hartzea ordezkatzen dauen organoa dira, eta horregaitik uste dogu bereziki garrantzitsua dala herritarrek Bizkaiko Batzar Nagusien lana zuzenean ezagutzea, horrek gure historia hobeto ulertzen lagunduko deuskulako”.