Aurreko Albisteak

MOMENTUZ ALDUNDIAK EZ DAU AURTEN "EZENLAGO INBERTSINORIK" MURRIZTEA AURREIKUSTEN

  • Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, egoera txarrean dagozan eragile ekonomikoen likidezia hobetzeko neurri fiskalak jasoko dituan preminazko foru dekretu arauemoilearen onarpena iragarri dau Batzar Nagusien kontrolerako osoko bilkuran; izan be, “108 milioi euro” injektauko ditue Bizkaiko ekonomian

  • Oposizinoaren ekimenez gaur Gernikan aztertu diran gaien ia erdietan, Ukrainako gerraren eta prezioen igoeraren ondorioei aurre egiteko hartu behar dituan “neurrien” ganean galdetu deutsie Foru Gobernuari

(Gernikan, 2022ko martiaren 30ean). Itaun edo ahozko erantzun-eskeen bidez, oposizinoko talde bakotxak Bizkaiko errealidade sozioekonomikoa aztertzeko eskatu deutso gaur ahaldun nagusiari, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernikan egin daben kontrolerako osoko batzarrean, erronka garrantzitsuei (Ukrainako gerra, inflazinoa, energia-kostuen eta lehengaien gorakadea…) aurre egiteko bere gobernuak hartu behar dituan “neurriak” azaltzeko. Erantzunetako batean, Unai Rementeriak iragarri dau arrisku handieneko eragile ekonomikoen likidezia indartzeko neurriak jasoko dituan preminazko foru dekretu arauemoile bat onartuko dala Bizkaiko Batzar Nagusietan, COVID-19aren pandemiarengaitik planteau zanaren moduan.

Atzo, hiru lurraldeetako ahaldun nagusiek neurri honeek aurreratu ebezan: aparteko geroratzeak emotea zergen ordainketan, interes eta berme barik; PFEZaren ordainketa zatikatuak ordaintzetik salbuestea; gastuen “forfait”-a handitzea; eta lehenengo sektorerako diru-laguntza barriak emotea. Ahaldun nagusiak gaur Gernikan esan dauenez, neurri horreek “108 milioi euro” injektauko ditue Bizkaiko ekonomian. Hori bai, “31 milioiko eragin negatiboa ekarriko dabe zuzeneko zergapetzeagaitiko zerga-bilketan”, eta momentuz ez dabe ondoriorik izango lau trantsizinoak (zainketak, energetikoa, digitala eta garapen jasangarria) gauzatzeko aurreikusitako inbertsinoetan. Gaur egun, “ez dogu aurreikusten ezelango inbertsinorik gitxitzea edo murriztea”, esan dau Rementeriak.

Halan, behargin autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek –50 langile artekoak– aparteko geroratzea izango dabe zergen ordainketetan, eta geroratze hori bermerik aurkeztu behar barik emongo da. Foru ogasunek emongo dituen geroratze horreek ez dabe interesik sortuko, eta geroratutako zenbatekoak itzultzeko, hiru hilebeteko gabealdia eta zenbateko bereko hileko sei kuotatan ordaintzeko aukerea eskainiko da.

Adostutako beste neurri bat da jarduera ekonomikoak egiten dituen persona fisikoak ez dirala urteko lehenengo hiruhileko bietan PFEZren ordainketa zatikatuak autolikidetera eta ordaintzera behartuta egongo.

Hirugarren neurria mikroenpresek eta behargin autonomoek soziedadeen ganeko zergan edo PFEZn daukien zerga-oinarria murrizteko gastuak konpentsetako forfait-a zabaltzea izango da. Forfait-a zabaltzeak indar berezia izango dau merkantziak errepidez garraiatzeko, nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueretarako, hiru lurraldeetan zabaltze hori % 70era helduko dalako. Forfait orokorra, bai PFEZn (autonomoak), bai Soziedadeen ganeko Zergan (mikroenpresak), % 15eraino igongo da.

Hiru Aldundiek lehenengo sektorerako zuzeneko diru-laguntza lerro barria edegitea be erabagi dabe. Bizkaiaren kasuan, “1.250.000 euroko” inbertsinoa egingo da, hau da, ustiategi bakotxeko “3.200 euroko bataz-bestekoa”, Rementeriak zehaztu dauenez.

Ahaldun nagusiak nabarmendu dauenez, talka-neurri “preminazko, salbuespenezko eta iragankor” horreek Gobernu zentralak elektrizidadearen eta hidrokarburoen prezioak arintzeko onartu dituan beste neurri batzuei gehituko jakez. Oraindino ikusteko dago zenbateko eragina izango daben Bizkaiko Ogasunaren diru-bilketan. Bermatzen dana da “apiriletik aurrera” hasiko dirala ezarten.

Azkenik, Rementeriak adierazo dau garrantzitsuena Ukrainako gerra “ahalik eta lasterren” amaitzea dala, gatazka horren ondorioak ez diralako ekonomikoak bakarrik. Gaur egun, Bizkaiak herrialde hareetatik datozan “204 persona” hartu ditu, lurraldeko babes-sistemak etorrera barriei aurre egiteko “430 plaza erabilgarri” dituan arren, batez be emakume eta umeentzat. Ganera, “15 plaza” dagoz bakarrik dagozan adinbakoentzat, eta beste “100 plaza” bizikidetza-unidadeetan.

OPOSIZINOAK BESTE NEURRI BATZUK ESKATU DITU

“Ontzat emoten doguz”, baina neurri horreek “ez ditue konpontzen” Bizkaiko gizarteak jasaten dituan “egiturazko” arazoak, adierazo dau Bea Ilardia EH Bilduko bozeroaleak. Herrialdeak bizi dauen “gizarte arloko krisiak” “beste neurri batzuk behar ditu, talka-plan zabala”. Lehenik eta behin, krisiak gizartean eta ingurumenean dauen eraginaren adierazleak jasoko dituan “diagnostikoa”. Bere eretxiz, “ezinbestekoa” da energia-eredua aldatzea, eta “preminazkoa” da fiskalitate “progresiboa eta bidezkoagoa” planteetea. Modu berean, neurri horreek “alde bakarretik” planteau izana kritikau dau, kudeaketa-ereduan “ezelango aldaketarik” egin barik. “Madrilen kritiketan dozuen gauza bera egiten dozue”.

Ildo beretik, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak, harago joanez, esan dau arazoa “egiturazkoa” dala, eta loturea dauela “energia-mendekotasunagaz eta horniduren mendekotasunagaz”. Neurriak “epe laburrekoak” eta “pizgarri fiskalen marmita bat” ez izatea espero dau, oraingo honetan arretea “gizarte-babesean eta beharginen pobretzearen eta erosteko ahalmenaren galeraren kontrako borrokan jarri behar dalako”. “Zerbitzu publikoak bermatzeko edo energia-eredua aldatzeko ezelango zerga-neurririk ez egotea” kritikau dau.

Bere erantzunean, Rementeriak oposizinoko talde nagusi biak kritikau ditu, “larregi aktueteagaitik” eta “gauza bera behin eta barriro planteeteagaitik”. “Covid-aren krisian egindakoa kopietea eta itsastea” da, erreforma fiskala planteetan dau, koiunturazko egoera batean holangorik egin “ezin dan” arren. “Hurrengo hilebeteetan” ikusiko da egoerea egiturazkoa dan ala ez. Energia-ereduari jagokonez, ahaldun nagusiak uste dau Bizkaiak ezer gitxi egin daikela berak bakarrik, Europa eta mundu mailako arazoaren aurrean gagozalako.

Beste alde batetik, ahozko erantzun-eske batean, Talde Berezia-PP Bizkaia taldeko Esther Martinezek gogor kritikau dau inflazino izugarriaren ondorioz foru administrazinoaren dispositibo ekonomikoaren (+%7,4) eta herritarren erosteko ahalmenaren galeraren (+%9,8) artean dagoan “17 puntuko” arrakalea. Aberastasuna banatzeko “benetako neurriak” eskatu ditu, eta ez Covid-a dala eta hartutako neurrien “kopiau eta itsatsi” bat. Modu berean, zerga arloko beherapenak eta jaitsierak planteetako “erabagitasunaren eta zentzutasunaren” alde agertu da. Halanda be, Rementeriaren eretxiz, “ez da ona une koiunturaletan egiturazko neurri zorrotzak hartzea”.

Beste alde batetik, popularrek, beste itaun baten bidez, Europako funtsak Bizkaian gauzatzearen kontrola eta jarraipena Bizkaiko Batzar Nagusiakaz partekatzeko eskatu deutsie Foru Gobernuari, “gardentasun” ariketa moduan. Gai horretan, Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak azaldu dauenez, Batzar Nagusietako taldeek Next Generation funtsetatik sortzen diran proiektuak aztertu ahal izango ditue, bertan egiten dan ohiko kontrolaren bidez eta, baita kontuak emoteko urtero egongo dan mekanismoaren bidez be. Mekanismo hori Aldundiak edegiko dau Bizkaiko Batzar Nagusietan bertan. Eduardo Andrade popularren bozeroalea kexu agertu da taldeek funts horreek kontroletako eta horreen jarraipena egiteko sortutako batzorde berezian parte ez hartzeagaitik. Foru diputatuaren berbetan, batzorde horrek orain arte “56.694.521 euroko” finantzaketea lortzeko balio izan dau.

ADINEKOAK, GARRAIO PUBLIKOA ETA ESKOLA-KIROLA

Gaur osoko bilkuran eztabaidatutako beste gai batzuk adinekoen egoitzen kudeaketaren ingurukoak izan dira. EH Bilduk bizikidetza-unidadeen garapenaren inguruan egindako itaunean, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak azaldu dau zentro txiki horreetako adinekoen profila sare orokorrean dagoanaren “antzekoa” dala. Egoiliarren “% 35ak” 2. mailako mendekotasuna dau, eta “% 58ak” mobikortasun murriztua. Batez besteko adina “85,9 urtekoa” da, foru-sarekoaren 83 urtekoaren ganetik. Izaskun Duque EH Bilduko kideak zalantzan jarri dau eredu barria egokiena ete dan “oso zainketa intentsiboak” behar dituen erabiltzaileentzat.

Sopuertako Gorabideko Haizea egoitzako zortzi egoiliar “laguntza hobeak” dituen beste zentro batzuetara lekualdatzearen inguruan EH Bilduk planteautako beste gai bati jagokonez, Murillok baieztu dau lekualdatze horrek persona horreei “ahalik eta arreta egokiena” emotea dakarrela, erabiltzaile horreek “behar dituen laguntzen” profila aldatu egin dalako, eta ezin diralako Sopuertako instalazinoetan artatu, bertan erreformak egin diran arren. Erantzunaren ostean, Duquek iragarri dau “leku berean bizitzen 20 urte daroezan” eta adimeneko dibertsitate funtzionala daukien persona horreek adinekoen egoitza batera pasetako erabili dan txostena eskatuko dauela. “Personei emon beharreko laguntzak doitzeari emon jako lehentasuna”, erantzun deutso Murillok.

EAEko Gizarte Zerbitzuen Legean zehapenak egokitzearen inguruan Elkarrekin Bizkaiari erantzuteko be igon da atrilera Gizarte Ekintzako diputatua, “oso irregulartasun larriengaitik” Barakaldon egoitza bi urtebetez itxi dituela jakin ostean. Murillok esan dauenez, “aplikazinoa zuzenbideagaz bat dator, eta daukagun esparrua Estaduko zabalena da, Andaluziakoaren ostean”. Hector Medrado talde moreko batzarkideak “zehapenen aplikazinoa hobetu daiteken” galdetu dau, eta Barakaldoko kasu bietan “behar beste gogorra” ete dan zalantzan jarri dau.

Beste alde batetik, Aldundiak garraio publikoaren inguruko hainbat gairi erantzun deutse; Elkarrekin Bizkaiari, zezeilaren 7tik Metroan maiztasun gitxiago egotearen inguruan; eta EH Bilduri, Bizkaibuseko autobusen mantentze-lanen “gero eta egoera txarragoaren” inguruan. Metroaren zerbitzua murrizteari jagokonez, ahaldun nagusiak berak esan dau Metroaren zerbitzu osoa martxoaren 21ean ezarri zala barriro.

EH Bilduk Bizkaibuseko zerbitzuan “fidagarritasuna galtzeari” eta “gero eta matxura gehiago egoteari” jagokonez egindako salaketari erantzunez, Miguel Ángel Gómez Viar Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko diputatuak ukatu egin dau talde abertzaleak esandakoa. “Oro har”, zerbitzuaren kalidadea “ez da murriztu”. 2021ean egindako asebetete-inkestetan, bezeroak “10etik 7,6 puntu” emon ebazan batez beste. Eta kanpoko enpresa batek azken lau urteetan egindako azterlanak erakusten dauenez, fidagarritasun-indizea “% 97 eta % 98 bitartekoa” da, eta “betetako zerbitzuak, barriz, % 99,99koak”. Datu horreek ez datoz bat Raul Mendez ahaldunak SAEren erregistroetan oinarrituta emon dituanakaz. Erregistro horreen arabera, aurreko zemenditik Ezkerraldea-Meatzaldea eta Durangaldea lineatako mantentze-lanak “ez dira nahikoak”. Egunean “ia 4 zerbitzu” galtzen dira lehenengoaren kasuan, eta, bigarren emakidadunean, barriz, “zerbitzu bi egunean”, “matxurengaitik edo erreserbako autobusik ez egoteagaitik”.

Azkenik, eta EH Bilduren esanetan Aldundiak aurtengo Aurrekontuetan hartu eban “konpromisoa” oinarri hartuta, Bizkaiko Eskola-Kirolaren barruan umeen ongizaterako eta babeserako plana martxan jarteko emondako pausuak Bizkaiko parlamentuan azaltzeko eskatu deutso talde horrek Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuari. 2020an plangintza-lanak hasi ostean, aurreko hilean “azpitalde bi” eratu ziran plan horren alderdi bi lantzeko: prestakuntzea eta protokoloen diseinua. Bilbaok baieztu dauenez, planifiketan diran ekintzetako “asko” “hurrengo 2022-2023 denporaldirako” jarriko dira martxan. EH Bilduko Zigor Isuskizak diseinauta dagozan neurriak “atoan” aurreratzea eskatu dau.