BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ONARTU UNE "PUNTUALETAN" BIZKAIBUS DOAKOA IZATEA
- Bizkaiko Batzar Nagusiak “ibilgailu pribadu asko ibilten diran” errepideetan Bizkaibuseko lineak doakoak izatearen kontra agertu dira, eta, ondorioz, ez dabe Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen proposamena onartu.
- Garraio Publikoaren Plan Estrategikoaren batzorde bereziaren lana martxan jarri da, dokumentua azalduta eta adituen agerraldien egutegia onartuta.
(Bilbon, 2022ko martiaren 28an). Bizkaiko Batzar Nagusiek baztertu egin dabe gaur Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako batzordean Talde Berezia-PP Bizkaiaren arauz besteko proposamen bat, “ibilgailu partikularren joan-etorri handiko errepideetan” Bizkaibusek emoten dauen zerbitzuaren doakotasuna aztertzeko eskatzen ebana ordutegi, egun eta linea “jakinetan”. Ideak ez dau ezelango babesik izan parlamentuan. Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu abstenidu egin dira, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak kontra agertu dira.
Talde proposatzaileak, Talde Berezia-PP Bizkaiak, neurriaren alde egin dau, eta Madrilen gauzatutako hainbat ekimen jarri ditu adibide moduan. Estaduko uriburuak garraio publikoaren erabilerea eta kostu bako bidaia horreek sustatu ebazan Filomena denporalean, bai eta oporraldiaren ostean txikienei eskolara bueltetea errazteko edo Black Friday egunean Madrilgo erdigunera joateko be, Eduardo Andrade batzordekideak azaldu dauenez.
Azken horrek “doako” bidaia horreek defendidu ditu Bizkaian “une puntualetan”, garraio publikoaren erabilerea “sustatzeko", pandemia dala-eta jenteak bildurra hartu deutsalako “garraio publikoan bidaiatzeari”. Eta, horretarako, Andrade 2021eko bidaia kopuruaren beherakadan oinarritu da, pandemia aurreko urteagaz, 2019gaz, alderatuta. Igaz, Bizkaiak egituratzen dauen sarearen erabiltzaileen kopurua 22 milioira heldu zan, urte bi lehenagoko 29,2 milioietatik “oso urrin”.
Elkarrekin Bizkaiarentzat eztabaidea “interesgarria” da, baina ez, barriz, mahai gainean jarri diran adibide batzuk, horreen artean Black Friday, merkataritza txikiari “kalte handia” egiten deutson jardunaldia, edo neurria autobus lineetan aktibetea, metro-zerbitzua dalako erabiltzaile bolumen handiena hartzen dauena. Alderdi horretako Emilio Lobato batzordekideak faltan bota dau proposamen “landuago” bat, izan be, aurkeztutako proposamenak Bizkaian doakotasuna ezarteko moduaren inguruko “zalantzak” pizten ditu, bizkaitarren artean “diskriminazinozko” tratua emon daitekelako, bizi diran lekuaren arabera.
Jose Alberto Alvarez Castrejón sozialistak Bizkaibusen egungo eredua defendidu dau; “hobetu” daitekean arren, “Espainiako uriarteko zerbitzurik onena da”. Bere taldeak ez dau “erabateko doakotasunean sinisten”, berarentzat, “existiduten ez dan” kontzeptua dalako, izan be, garraio publikoa “zergen bitartez ordaintzen da”. Eta Bizkaibusen tarifa-politikea defendidu dau, “oso lehiakorra dalako, orain inoiz baino gehiago ibilgailu pribaduaren aurrean”, erregaiaren prezioarengaitik. Ez da ahaztu behar “2014tik, igon ez diran prezioak dituala”.
Beste alde batetik, Raul Mendez EH Bilduko batzordekideak ez deutso uko egin gai hori Garraioaren Plan Estrategikoa eztabaidatzeko sortutako batzorde berezian eztabaidatzeari, baina Garraio Publikoaren Nazinoarteko Batasunak (UITP) egindako azterlana aitatu dau. Erakunde hori ehundaka enpresa pribaduk eta publikok osotzen dabe, horreen artean, Bilboko Metroak, Madrilgo Metroak, Madrilgo Garraio Partzuergoak edo EMTk (Madrilgo Udal Garraio Enpresa). Bertan ondorioztatzen danez doakotasun horrek, “txarto planifikau ezkero”, “gizarte arloko desbardintasunak handitu leikez”, eta, ganera, ez dau garraio publikorako aldaketa modala bermatzen. EH Bildu taldeak gurago ditu txartel bakarra eta “tarifa sozial eta eskuragarriak” sustatzen dituen garraio-politikak.
Euzko Abertzaleak taldearen eretxiz, popularren proposamenean ez da “bape argi” geratzen garraio publikoaren doakotasuna onuragarria izan daiteken ala ez, ezta “beste garraiobide batzuk fagozitau leikezan” be, Unai Lerma jeltzaleak esan dauenez, oinez edo bizikletaz joateko aukerea aitatuz. Lerma gai hori garraio publiko osoan eztabaidatzearen alde agertu da, eta ez Bizkaibusen aplikau beharreko neurri moduan bakarrik, eta zalantzan jarri dau Madrilen ezarritako neurriak “arrakastatsuak izan diranik.”
METROKO MAIZTASUNAK BERRESKURATZEA
Beste alde batetik, Talde Berezia-PP Bizkaiak pandemian maiztasunak barriro ez murrizteko “zer neurri hartuko dituan” galdetu deutso Foru Aldundiari. Zezeilaren 7tik martiaren 23ra bitartean, zerbitzua “% 20” murriztu zan omicron aldaerak eragindako laneko bajengaitik eta eskariaren beherakadeagaitik, eta horrek “pilaketa larriak” eragin ebazan. Eduardo Andrade batzordekidearen eretxiz hori “justifikau ezina” da.
Miguel Ángel Gómez Viar Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko foru diputatuak ukatu egin dau Aldundiak trenbide operadorearen kudeaketa-gaietan eskumenik dauenik, baina neurria “koiunturala” izan zala azaldu dau. Metro Bilbaok ahalegina egin eban zerbitzuak kalterik ez jasoteko. Neurrien artean, diputatuak metroaren antolaketea balorau dau, “bere historiako makinista kopururik handiena” lortu ebalako, “210 gidarigaz”. Puntako orduetan, maiztasunak “30 segundo” murriztera heldu ziran enbor komunean, eta “minutu bat” adarretan.
GARRAIO PLAN ESTRATEGIKOAREN BATZORDE BEREZIA
Garraio Batzordearen ostean, Bizkaiko Garraioaren 2018-2028 Plan Estrategikoa eztabaidatzeko batzorde bereziaren lehenengo lan-saioa hasi da. Eritz Sainz, PWC aholkularitza-enpresakoa, eta Susana Alarcón, Ingartekekoa, izan dira, Foru Aldundiaren eskariz, Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzak eskatuta egin eben eta orain dala urtebete Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Foru Sailak aurkeztu eban dokumentua argitzera etorri diran lehenengo adituak.
Ignacio Jerónimo sozialisteak, batzordeko presidenteak, organu honen laneko egutegia azaldu dau. Bertan, lurraldeko garraio publikoaren gaur egungo egoeraren diagnostikoa aztertzen dan dokumentuaren 500 orrialdeak aztertuko dira, hainbat ikuspegitatik –ekonomikoa, teknikoa eta juridikoa–, eta garraiobideen balizko gabeziak, gainjarteak edo bikoiztasunak aztertuko dira. Batzar Nagusietako talde bakotxak aditu biri deitu ahal izango deutse, eta horreek apirilaren 12tik bagilaren 9ra bitartean agertuko dira bost saio monografikotan. Egutegi hori aho batez onartu da, eta bagilaren 23an ondorioen dokumentua be aurkeztuko da, osoko bilkurara eroateko.