Aldundiak, urritasuna daben pertsonentzako foru plan barria aurkeztu dau Batzar Nagusietan. 2019. urtera arte egongo da indarrean
Aldundiko arduradunak azpimarratu dauenez, “ibilpide orri hori”, “Bizkaiko hirugarren sektore sozialagaz batera egindako lanaren emaitzea” da. “Abangoardiako ikuspegi baten aurrean gagoz”, gizarte zerbitzuen sistemea eta hirugarren sektore sozialaren eta Administrazino Publikoaren arteko alkarrekintza ulertzeko orduan zein zerbitzuok jasoten dituen pertsonen papera aktiboari jagokenez. Planak, desgaitasuna daben pertsonakaz hartutako konpromisoari erantzuten deutso, “beti gogoan izanda hareen ongizatea eta beharrizanak, eta zelan gauzatu daikien guztiz euren bizitza-proiektua”, adierazo dau Sanchezek, Aldundiaren estrategiak “pertsona horreek aukera-bardintasuna eta irisgarritasun unibersala nagusi izango diran kulturarantz” bideratzeko.
Plana hurrengo hiru urteetarako lehentasunetan zentretan da, baina “bere ikuspegia epe luzekoa da”. “Kultur aldaketea” da, eta horrek sektorean behar egiten daben eragile “guztien” aldaketea eskatzen dau. Holan, pertsonarengan eta haren gaitasunetan jarten dau arretea eredu honek, eta ez pertsonaren desgaitasunean edo mugetan. Eredu honetan pertsonea “bere bizitza-proiektuaren protagonistea da”.
BOST ARDATZ ESTRATEGIKO
Plana gizarte eraldaketako bost ardatz estrategikotan oinarritzen da. Lehenengoan oinarrituta, Aldundiak ahalegina egingo dau “Baldintza egokiak sustatzeko, Bizkaian desgaitasuna daben pertsonek euren autonomia gorena, inklusinoa eta komunidadean parte-hartze aktiboa izan daiezan lortzeko”.
Bigarren ardatzean, Sánchez Roblesek “Benetako irisgarritasun unibersala eta guztientzako diseinua sustatzea” aitatu ditu, eta baita “aukera-bardintasuna eta pertsona desgaituenganako tratu egokia eta ez-baztertzailea be”.
Hirugarren ardatza, “Foru ardurapeko zerbitzu sozialen unibersaltasuna eta zerbitzuok eskuratzeko bardintasuna bermatzeko baldintza nahikoak eta egokiak sustatzean oinarritzen da”. Ganera, Gizarte Ekintzako Sailak aurrera egingo dau parte-hartze eta bizi-kalidaderako eredua ezarten komunidadean, bai eta sistemaren esku-hartzeko ereduan eta pertsona ardatz dauen eta pertsonagaz egiten dan plangintza-metodologia aurrera eroaten be.
Eta azkenengo ardatz estrategikoaren barruan, “Ekimen sozialeko erakundeen arteko lankidetzea sustatzea, foru ardurapeko zerbitzu sozialean sistemaren orientazinoan eta hedapenean (zerbitzuak emotea, plangintzea, barrikuntzea eta etenbako hobekuntzea…), herritarren arteko alkarrizketea eta ekimen sozialeko erakundeen interes orokorreko beste jarduera batzuk” bultzatuko dira.
Holan, planak berak mekanismo jakin batzuk aurrez ikusten ditu desgaitasuna daben pertsonek eta familiek parte har daien arlo honetan egiten diran politiken “prestakuntzan, gauzatzean, jarraipenean eta ebaluazinoan”. Gizarte Ekintzako Sailaren datuak kontuan izanda, 2015eko abenduaren 31n, Bizkaian, autortutako desgaitasun mailaren bat eben “90.000 pertsona baino gehiago” egozan. Horreetatik “ia 65.000k” %33ko edo hortik gorako desgaitasun maila eukien.
BATZARRETAKO TALDEAK
Batzarretako taldeek “konpartidu” egin dabe Bizkaiko Batzarretako Gizarte Ekintzako batzordean aurkeztu dan planak azpian dauen “filosofia”. Bertan, sailak eta hirugarren sektoreak, esateko zeozer daben eragileen “bizitza kalidadean eta partaidetzan eta inplikazinoan” zentretako erakutsi daben asmoa azpimarratu dabe.
Eduardo Andresek (PP) esan dauenez, bere taldeak planteetan jakozan ekintzak eta horreek hurrengo aurrekontuetan islatzeko modua aztertuko ditu. Josean Elegezabalel (Podemos Bizkaia) eskaria egin dau, zerbitzuen “prekarizazinoagaz”, “beharginek jasaten dituen eta gero eta gehiago diran erasoakaz” edo sektoreko erakundeetan dagoan “gardentasun faltagaz” zerikusia daben eragile sindikalek eskatzen dabenari erantzuteko. Josu Unanuek (EH Bildu) barruko planaren eta sektoreko erakundeen ebaluazinoaren ganeko eta parte hartzea eta ekintzen finantzaketea bermatzeko moduari buruzko galderea egin dau.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek, euren aldetik azpimarratu dabenez, plana “albiste ona” da. “Pausu garrantzitsua emoten da, desgaitasuna daben pertsonak euren garapenaren protagonista bilakatzen diralako”, azpimarratu dau Juan Otermin sozialistak, eta eragileek plana egiteko orduan izan daben “parte hartzea” eta planaren “zeharkakotasuna” azpimarratu ditu. Ildo berean, Jon Sánchez jeltzaleak planaren “parte hartzeko estiloa” eta “lupea erabiltzailearen potentzialtasunetan jarten dauela” aitatu dau. Ganera, 2020. urtera arte Bruselatik prestau dan “Europako plan estrategikoari erantzuten deutso”.
Erantzuteko txandan, Isabel Sánchez Roblesek etorkizuneko gizarte eredua finantzetako moduaren aurrean dauen ardurea adierazo dau. Ardura hori Estaduko gobernu guztietan dago “kolore batekoak edo bestekoak badira be”. Horregatik eskaria egin dau, finantzaketaren gaian “danon arteko eztabaida leiala eta zintzoa” zabaltzeko. Podemos taldeari eskaria egin deutso lan arloa eta gizarte politikak “ez nahasteko”, eta “argi eta garbi” itzi dau Aldundiak arautegia beteten dala “bermatuko dauela”, baina “ez gara lan arloko harremanen protagonistak izan behar” gehitu dau.
Amaitzeko, plana batzarretako taldeen ekarpenen aurrean zabalik egongo dala esan dau diputatu andreak. Bertan, “behar egiteko lau mahai” sortzea dago aurreikusita, eragileek parte hartu daien.
ZAINDUZ PROGRAMEA ETA ADIMEN DESGAITASUN PROIEKTU PILOTUA LANTEGI BATUAKEGAZ
Saio berean, Aldundiko arduradunak Zainduz programearen une honetako egoerearen eta Gizarte Ekintzako foru saila Lantegi Batuakegaz batera, urritasun intelektuala daben pertsonen zahartzeari begira aurrera eroaten ari dan proiektu pilotuaren barri emon dau.
“Udalen” eskumenekoa dan pertsona zaintzaileei laguntzea emoteko Zainduz programari jagokonez, eta PP taldeari erantzunez, diputatu andreak esan dauenez programa hori “ondo zabalduta” dago. Lurraldearen “%79ra” heltzen da. Sánchez Roblesek “horren ezarpena zabaldu gura dau”, baina “ez dogu ahaztu behar borondatezko programea dala”. Programea lurralde osoan zabaltzea gaitza da, badagozalako euren laguntza programa propioak dituen udalak “Sestao edo Ermua, adibidez”.
Proposamenak aurkezteko epea irailaren 30era arte zabalik dauen aurtongo deialdian “barrikuntzak” sartu dira, udalerri txikietan “zentretako helburuagaz”. Barrikuntza horreek 2016ko urtarrilaren 14ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean kontsultau daitekez.
Beste alde batetik, Sánchez Roblesek, adimen urritasuna daben pertsonak “zahartzen doazan neurrian” hareen bizi-kalidadea hobetzeko Lantegi Batuakegaz batera prestau dan proiektu pilotua “urte honetako bigarren erdialdean” amaituko dala azaldu dau.
Proiektuaren helburua, talde hori “gero eta urte gehiago” bizitzen dala eta, sortzen diran behar barrien aurreko erantzun eta tresna praktikoak diseinetea da, daborduko gero eta ohikoagoa dalako pertsona horreek 45 urte baino gehiago betetea. Proiektuak “balioa sortuko dau beste zentro batzuetan, eta beste Lurralde eta erakunde batzuetara zabaldu ahal izango da”, adierazo dau.
Bigarren txandan, eta oposizinoaren galderei erantzunez, proiektuan “800 pertsonak” hartzen dabela parte adierazo dau diputatuak. Bidaia honetan behar egiteko Lantegi Batuak erakundea aukeratu da, “enpleguko zentro berezien plazen erdia baino gehiago” sortzen dituan erakundea dalako. Erakunde horregaz sinatutako hitzarmena 200.000 eurotara heldu zan igaz. Eta aurton, Aldundiak 140.000 euro gehiago inbertiduko ditu, diru-laguntza izendun baten bitartez.