Aurreko Albisteak

Omenaldia Durangako bonbardaketako biktimei

Durangok, orain dala 79 urte udalerri horretan 336 hildako eta ehunka zauritu eragin ebazan bonbardaketaren biktimak omendu ditu gaur, erakundeen presentzia handia izan dauen eta hilerrian egin dan ekitaldiaren bitartez. Omenaldian, beste batzuen artean honeek hartu dabe parte: Iñigo Urkullu Lehendakariak, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak; Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak; eta José Antonio Pastor (PSE-EE). Aitziber Irigoras Durangoko alkatea eta herri horretako hainbat zinegotzi, biktimen senideak eta Italiako Legioaren Hegazkinek egin eben bonbardaketatik bizirik urten eben pertsonak be joan dira bertara.

“Gaur 36ko Gerrako biktima guztiak gogoratu doguz, eta gatazka armau barrien ondorioak jasaten dituenenganako alkartasuna adierazo dogu. Dauela ia 80 urteko euskaldunek bezela, une honetan Siriako errefuxiatuek Europaren alkartasuna behar dabe”, adierazo dau Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak.

Ekitaldian, lehenengo lora eskintzea egin dau alkateak, biktimak gogoratzeko monolitoaren ondoan, eta haren ostean, erakundeen ordezkariek lorak itzi ditue kaperan, “Bakea eta adiskidetzea” inskripzinoagaz. Kapera barruan, bonbardaketaren biktimen izenak jasoten dituan plaka dago.

Udalak, Gerediaga Kultur Elkarteagaz batera, antolatu dituan oroimeneko ekitaldi horreek dirala eta, Andra Mari basilikako kanpaiak goizeko 08:30ean entzun dira, 1937ko martian airetik jaso beharreko lehenengo erasoaren barri emoteko herritarrei egin jaken deia simuletako.

Arratsaldean barriro entzun dira kanpaiak Durangon, bigarren bonbardaketa oroitzeko, eta beste omenaldi bat eskini jake biktimei, Andra Mari eleizako atarian, Gerediagak eta Kriskitin Dantza Taldeak bultzatuta.

Ekitaldiak asteburuan amaituko dira. Barikuan, apirilaren 1ean, mahai inguru bat egongo da, “Gertutik: errefuxiatuaren bidaia luzea” izenekoa. Bertan parte hartuko dabenen artean Nerea Mujika (Gerediaga), Hodei Arrausi (EITB) eta Mateo Agirre (Alboan) aitatu daikeguz. Zapatuan eta domekan, Gerediagak bisita gidauak antolatu ditu, bonbardaketaren “aztarnak” ezagutzeko.