Aurreko Albisteak

Aldundiak "1.812.264" euro bideratuko ditu aurton Bizkaibuseko lau emakida "hobetzera"

Bilbao

Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Sailak, aurten Bizkaibuseko zerbitzuan daborduko sartu diran hobekuntzen barri emon dau. Batzarretako EH Bildu taldeak eskatuta Vicente Reyes sail horretako arduradunak egin dauen agerraldian, lau emakidetan eragina izango daben zerbitzu aldaketen barri emon dau Batzar Nagusietan. Aldaketa horreek “1.812.264 euroko” kostua izango dabe, eta Aldundiaren eta Bizkaibuseko bost sindikatuen artean 2015eko apirilean sinatu zan akordioaren ondorioz jarri dira indarrean.

Diputatu jaunak beste “560.903 euro” gehitu deutsaz kopuru horri, kontratu barrietan izandako “bidaiarien doikuntzaren” kontzeptua dala eta. Kopuru biak gehitzearen emaitza–“2.473.167 euro”– da 2015ean Bizkaibuseko zerbitzuan gauzatu zanaren eta 2016ko aurrekontuetan sartu danaren arteko aldea “79,1 milioitik 81,5 milioira”, hain zuzen be.

Reyesek Batzarretako taldeei azaldu deutsenez, aldaketek “modu desbardinetan” izango dabe eragina Bizkaibuseko lau emakidetan. Ezkerraldeak eroango dau kopuru nagusia, “959.468 euroko” aldaketakaz; Busturialdean “190.621 eurokoak” izango dira; Enkarterrin “279.492koak”; eta Txorierrin, barriz, “382.681 eurokoak”.

Ezkerraldeari jagokon kopuruari, “1 klaseko lau autobus” gehitzearen kostua gehitu behar deutso Garraio sailak. Horreetako bakotxak “43.708 euroko” kostua izango dau urtean, Reyesek esan dauenez. Lineei jagokenez, Aldundiak maiztasunak handitu ditu Termibus-EHU eta Bilbo-Santurtzi lineatan. Bilbo-Sestao-Errepelaga zerbitzu barria gehitu da, eta berreskuratu egin da Barakaldoko Urban ingurutik egiten zan ibilpidea, Portugaleten dagoan Ballontiko merkataritza guneraino helduz. Ganera, A3137 Bilbo-Barakaldo linea sortu da, eta zerbitzu gehiago eskaintzen da Gallarta-Santurtzi, Bilbo- Muskiz eta Bilbo-Abanto – Zierbena lineatan.

Reyesek adierazo dauenez, ganerako eskualdeei jagokenez, aldaketek eragina izango dabe urte osoan Bilbo-Amorebieta-Gernika linean, billeteengaitiko diru-sarrerak kendu ostean “190.621 euroko” kostua dauen express zerbitzuagaz. Zerbitzu horrek “1. klaseko autobus bi” sartuko ditu, eta horreen urteko kostua “72.853 eurokoa” izango da.

Sailaren buru gisa daroan denporan martxan jarri dan hobekuntzen pakete horren barruan, aireportuko linea be indartu egin dala adierazo dau Reyesek, garagarrilean eta abuztuan maiztasuna handitzeko, eta, Txorierriko emakidaren barruan, Plentzia-Gorliz-Mungia linea sortu dala. Jarduketa bi horreek, billeteak saltzeagaitiko diru-sarrerak kendu ostean, “382.682 euroko” kostua izango dabe.

Enkarterri inguruan, barriz, geraleku barria egongo da Balmaseda-EHU lineako Gurutzetako Ospitalean. Hori dala eta, “12 klaseko” unidadea sartu da, eta horrek “279.493 euroko” kostua eragin dau.

Oposizinoaren erantzun-eskeei erantzunez, aldaketa horreek sindikatuakaz lortu dan akordioa dala eta eta udalerrien eskari batzuk kontuan izan diralako sartu dirala adierazo dau Reyesek. Bere berbetan, aldaketok sailak garraio publikoa hobetzeko aurrera daroan “etenbako” azterketari erantzuten deutsie. Horretarako, ahalegin asko eta asko egin behar izan da baliabide publikoei “ahalik eta etekin handiena atarateko”. Diputatuak adierazo dauenez, une honetan Bizkaiak ez dauka “preminazko” beharrik Bizkaibusi jagokonez.


ALDAKETEA BARIK TXARTELAREN INFORMAZINORAKO TELEFONO ZENBAKIAN

Batzarretako EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek Bizkaiko Batzarretan jakinarazo dabenez, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP-CTB), “94gaz” hasiko dan informazinorako telefono zenbakia aktibauko dau “datorren astetik” aurrera, Barik txartelagaz erlazionautako informazino eskariei eta kexei erantzun ahal izateko.

Iragarpen hori, PP taldeak aurkeztu dauen eta aho batez onartu dan arauz besteko proposamenaren ganeko eztabaidaren barruan emon da. Proposamen horrek eskaria egiten eutson Aldundiari, BGP-CTBn egin beharreko gestinoak egiteko, gaur egun indarrean dagoan 901 123 123 zenbakiaren ordez, erabiltzailearentzat “gain-kosturik” eragingo ez dauen zenbakia jarteko.


BIZKAIBUSEN MEMORIAREN ARGITALPENA

Beste alde batetik, Batzarretako Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako batzordeak, legealdi honetako hamargarren bileran, Aldundiak Bizkaibusen urteko memoria egin daiala erabagi dau. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek aurkeztu daben zuzenketa-eskeak jasoten dauenez, memoria hori formatu digitalean argitaratuko da, eta Bizkaibusen orrian jarriko da, “danon esku” egon daiten eta, aldi berean, ingurumenari lagunduko jako, ez dalako paperean argitaratuko, PP taldeak jatorrizko arauz besteko proposamenean paperean be argitaratzea eskatzen eban arren.