Aurreko Albisteak

Enkarterrietako Museoak Mari Dapenaren "EL COMPROMISO DE UNA ARTISTA" atzera begirakoa inaugurauko dau eguen honetan

Mari Dapena (1924-1995), Bizkaiak XX. mendean emon dauen artista garrantzitsuenetakoa da. Ismael Fidalgo, Agustín Ibarrola, Dionisio Blanco, Blas de Otero edo Gabriel Aresti moduko sortzaileen garaikidea eta laguna, bere bizimodua artean eta frankismoaren kontrako borrokan oinarritu zan. Enkarterrietako Museoan (Sopuerta) egingo dan atzera begirako erakusketak, sormenez betetako 50 urteko bizitza eta arte ibilpidea erakutsiko dau, 40ko hamarkadatik 90eko hamarkadaren hasierara doazan bere ia berrogeta hamar artelanakaz. Artelan horreen artean orioak, grabauak eta eskulturak aurkitu daikeguz.

Margolari, grabatzaile, eskulturagile, idazle… Dapena, gerraosteko eta demokraziaren haserako arte jardueran parte hartu eban artista polifazetikoa izan zan. 1956an egin ziran lehenengo erakusketa ibiltarietako margolarietako bat izan zan, eta artea –grabauaren bitartez– eta frankismoaren kontrako burrukea alkartzen eban Estampa Popular de Bizkaia izenekoaren kide be izan zan. Emen Taldean sartu zan, gero Indar taldean eta, azkenean, bere galeria sortu eban.

Bizkaiko Batzar Nagusien eskuetan dagoan Enkarterrietako museoak, Enkarterrin parekorik izan ez dauen arren nahiko ahaztuta egon dan artista berreskuratu gura dau. Balmasedan jaio zan Mari Dapenak arteari eutsan maitetasuna eta konpromiso politikoa, modu naturalean eta etenbakoan batu ebazan. Eta beste batzuek egin eben moduan, artelanak egiteko eta frankismoaren eta totalismoaren kontra burrukatzeko erabili eban artea.


LEHENENGO PAUSUAK

Artearen munduan emon ebazan lehenengo pausuak Rodet Villaren eskutik emon ebazan, eta horren ostean Asociación Artística Vizcaína deritxoenean eta Bilbo handian egiten ziran arteari eta frankismoaren kontrako burrukari buruzko solasaldietan jarraitu eban ikasten. Bertan alkartzen ziran Agustín Ibarrola eta bere anaia, Blas de Otero, Gabriel Celaya, Jiménez Pericás, Gabriel Aresti eta beste asko.

Orioagaz margotzen eban, material urriak erabilita. Landu ebazan gaien artean beharginak, lan mundua, etxea eta familia egon ziran. Frankismoaren kontrako hainbat jardueratan hartu eban parte Gonzalo senarragaz, eta bere gizarte kontzientzia sakona zala eta, Fidalgogaz eta Ibarrolagaz batera erakusketa ibiltariak antolatu ebazan Bizkaiko herrietatik –oso gauza modernoa, garai haretan– artea herritarrei hurreratzeko helburuz. Eta emakumea zala ahaztu barik. Politikari buruzko eretxia emoten eban, batzuen alde eta beste batzuen kontra agertzen zan eta maila handiko artea egiten eban emakumea izan zan erregimenaren publizidadeak, gizonaren zerbitzura, esanetara, egoan emakumearen irudia bultzatzen eban garaian. Eta horrek are eta meritu gehiago emoten deutso.

Handik denpora gitxira Estampa Popular de Bizkaia sortu eban, Ibarrolagaz eta Dionisio Blancogaz batera. Hor, grabauaren bitartez, artelan gogorrak, deigarriak, politikaren ikuspegitik konpromisoa erakusten ebenak eta gizarte arloko karga altukoak, sortu ebazan. Beharginak, meatzariak, arrantzaleak, emakume langileak… Hori guztia eta gehiago irudikatzen zan klase herritarren artean saldu gura ebazan grabauetan.


KARTZELAN IGAROTAKO DENPOREA

Baina frankismoaren kontrako burruka horrek kartzelara eroan eban, eta baita bere moduan konpromiso sendoa eukan senarra be, garai haretako beste artista eta intelektual batzuk ahaztu barik. 1962an izan zan, eta urte bi emon ebazan kartzelan. Kartzelan igarotako denpora hori ¡Sr. Juez. Soy presa de Franco! liburuan kontau eban. Bere lan garrantzitsuenen artean, preso egon zen Madrilgo kartzelan egin ebazanak izango dira, seguruenez. Garai haretako hiru lan oso interesgarri dagoz.

Kartzelatik urten ebanean Santurtzira joan zan bizitzen. Bertan, erregimena suntsitu gura eban hainbat ideologiatako jendea alkartzen zan. Movimiento de la Escuela Vasca izeneko arte mobimendu garrantzitsuaren Bizkaiko sekzinoa zan Emen taldean sartu zan. Geroago Indar arte taldea sortu eta Arte galeria bat zabaldu eban Santurtzin, oso gauza modernoa garai haretarako, Arteta galeria. Eta margotzen eta grabatzen jarraitu eban. Eta egurra lantzen be hasi zan.


EMAKUMEA, EKOLOGISMOA ETA KOLOREA

Baina 1974an, bere familia osoagaz, landa ingurunera joan zan, Mena Bailaran (Burgos) dagoan Nava herrixkara. Bertan margotzen jarraitu eban, baina bere artelanek eboluzionau egin eben. Emakumeak bere lanean eukan presentzia nabarmendu egin zan, bere kontzientzia feministea gero eta argiagoa zalako. Gizonen eta emakumeen arteko bardintasunean sinesten eban, emakumearen eskubideak oso urriak ziran garaian. Eta ganera, harreman handia sortu eban naturagaz.

70eko hamarkadan Mari Dapenak ekologismoan sinisten eban. Bere artelanak naturaz, landareakaz metamorfoseetan diran, artelanen protagonista diran… emakumez bete ziran. Eta alderdi onirikoa be sortu zan, ametsen irudikapena. Eta inguruan eukan kulturea bultzatzen jarraitu eban. Aide freskoaren bila ari ziran 80ko hamarkadako Balmasedako gazteak Mariren etxera joaten ziran, arteaz, kulturaz eta politikaz berba egiteko.

Mari Dapena 1995ean hil zan, 71 urte eukazala. Eskolarik itzi ez eban arren, eragin handia izan eban artista eta kulturagaz erlazionautako pertsona askorengan. Gerra ostetik 70eko hamarkadara arteko arte mobimendu handi guztietan hartu eban parte. Grabauaren artearen bultzatzaile nagusietakoa izan zan Bizkaian. Egurra be landu eban. Eta frankismoaren kontrako burrukaren defendatzailea be izan zan, eta hori, senarrari gertau jakon moduan, kartzelan emondako urteakaz ordaindu eban. Ekologismoa eta gizonaren eta emakumearen arteko bardintasuna defendidu ebazan. Beste batzuekaz batera, gaur eguneko mobimendu feministen oinarriak eregi ebazan emakumea izan zan. Berba gitxitan esateko, oso artista garrantzitsua izan zan, garai baten eredu. Eta orain, Enkarterrietako Museoak bere historia eta bere lana berreskuratu gura ditu.