Aldundiak aurton "bederatzi enplegu anezka" martxan jartea aurreikusten dau
Gernikan alkartu diran Bizkaiko Batzar Nagusiek kontroleko beste saio bat egin dabe gaur goizean –legealdiko seigarrena–. Gaurko saioa, enpleguak lurraldean dauen egoeran eta Aldunditik bultzatutako politiketan zentrau da, batez be. Zehatzago esanez, ACB-ri, enplegu anezkei, Durangaldea bizibarritzeko programari, Behargintzei eta 44 urtetik gorako beharrik bako pertsonei zuzendutako enplegu politikei buruz egin da berba. Enplegu arloko barrikuntzen artean, Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatu andreak iragarri dau bere sailak aurton “bederatzi” enplegu anezka barri martxan jartea aurreikusten dauela, hiru esperientzia “pilotuen” emaitzak ezagutzen doazan heinean.
Diputatu andreak holan erantzun deutso PP taldeak, enplegu anezken proiektuaren garapena azaltzeko egin dauen itaun bati. Bertan zehaztu dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak enpleguaren arloan aurrera daroan politikea “osatzen dauen beste programa bat” da. Sailaren idea anezka horreek Bizkaiko eskualde guztietara zabaltzea da. Dana dala, gauza barria diranez, beste ezer baino lehen Aldundiak egitasmoa aztertu egin beharko dau, hiru esperientzia “pilotugaz” –Bilbo, Ezkerraldea eta Enkarterri– Lurraldearen ganerako lekuetara zabaldu aurretik.
Erantzunak ez dau pozik itzi PP taldea. Talde horrek Bizkaia Goazen 2030 estrategia ekarri dau osoko bilkurara –eta ez da lehenengo aldia izan–. Estrategia horretan esaten da Aldundiak “20 anezka” aurreikusten dituala, “400 pertsonari, edo asko jota 2.000ri arretea emoteko” legealdi honetan. Eduardo Andrés batzordekide popularrak azpimarratu dauenez, enplegu anezkek “oso emaitza onak” lortu ditue daborduko beste autonomia erkidego batzuetan, batez beste ia %70eko enplegugarritasuna lortuz, eta “kalidadeko enpleguakaz”, ganera, eta bere ardurea erakutsi dau, Bizkaian hori “gauza barria dala eta zelan funtzionetan dauen ikusi behar dala” esaten dalako, Aldundiak “egitasmo izar” moduan “saldu” eban arren.
SESTAOKO ACB DEFENDIDUZ
Podemos Bizkaia taldeak itauna egin deutso Aldundiari, Sestaoko ACB deritxonean lanpostuak defendiduteko Aldunditik martxan jarri diran “ekintzen” ganean. Hamar bat behargin egon dira gaur Batzarretan, eta Bizkaiko Batzarren laguntzea eta alkartasuna jaso dabe.
Aldundiak gogoratu dauenez, joan dan hileko Batzar Nagusien osoko bilkuran Adierazpen Instituzionala onartu zan, eta bertan esaten zan Aldundiak “egin beharreko gestino guztiak egingo ebazala” ACB-ren egoereari bueltea emoteko, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiaren berbetan.
Bizkaiko agintari nagusiak, enpreseagaz eta beharginakaz egindako bilerak gogoratu ditu, eta baita beste erakunde batzuekaz egindakoak be –Eusko Jaurlaritzagaz eta Sestaoko Udalagaz–, nazinoarteko Arcelor Mittal enpresaren lantegiari eusteko modu “koordinauan” behar egiteko helburuz, “ez gagozalako arazo teknologiko baten edo bertako beharginen koalifikazino mailagaz lotutakoaren aurrean, prezioagaz erlazionautako arazo baten aurrean gagoz, Txinak, merkadu guztia altzairu merkeagaz beteteko aurrera daroan estrategia dala eta”, esan dau.
Rementeriak gogoratu dauenez, Eusko Jaurlaritzagaz batera, Aldundiak “presionau” egin dau Europar Batasuna, “ahalik eta arinen”, Txinaren lehiakortasun ez leialari aurre egingo deutsien “dumpingaren kontrako” neurriak martxan jarri daizan, baina Europak Euskadiko erakundeei jakinarazo deutsenez, jarduteko modu hori egiaztetan bada, “6 eta 9 hilebete artean itxaron beharko dira” neurri horreek martxan jarteko. Sestaok ezin deutso aurre egin epe horri. Ganera, eskaria egin da Europak ez daian Txina “merkaduko ekonomia” moduan autortu abendutik aurrera.
Euskadiko erakundeek planteetan dituen ekimenen artean, Ahaldun Nagusiak eskaria egin dau Gobernu zentralak “energiaren eragikortasunaren funts nazionala” erabili daian, ACB-ren fakturea murrizteko, energiagaz erlazionautako kostuetan Alemaniako enpresek baino “%38 gehiago” ordaintzen dauelako, edo ingurumenaren aldetik eraginkorragoak diran enpresei laguntzea emoteko, Europako beste herrialde batzuetan daborduko emoten diranen moduko “ziurtagiri zurien” bitartez. Rementeriak esan dauenez, energiagaz erlazionautako kostuen erdia “Estaduak jarten dauen kargari” jagoko, eta, holan, “gure industria porrotera bialtzen dabil”.
Aldundiari jagokonez, adierazo dau Elektrizidadearen ganeko Zergan “%85era arteko salbuespena” apliketan jakela “ACB moduko enpresei, elektrizidadearen kostua produkzinoaren kostuaren %50etik gorakoa danean”. “Gure eskumenen artean dagozan arloetan, egin beharrekoa egiten dogu”, adierazo dau Ahaldun Nagusiak, eta eskaria egin deutso Podemos taldeari, “Europan eta Madrilen” neurriak eskatu daizan.
LANIK EZ DAUKIEN 44 URTETIK GORAKOENTZAT ENPLEGUA ETA BEHARGINTZAK
Aldundiak, markautako gidoiagaz jarraitu dau, Batzarretako taldeen erantzun-eskeei erantzunez. EH Bildu taldeak 44 urtetik gorako pertsonei zuzendutako enplegu politiken ganeko azalpenak eskatu ditu. Laespadak autortu dauenez, biztanleriaren sektore horren enplegugarritasunaren arazoa “konplexua” da, eta horregaitik, programa bereziak jarri dira martxan foru dekretu bitartez, “enpresei laguntzak emonez” pertsona horreek kontratetako.
Josu Unanueren (EH Bildu) eretxiz, barriz, Bizkaia Goazen 2030 estrategian, enplegu politika horreetarako aurreikusi diran “4,2 milioi euroak” hor dagozan arren, lehenengo egin beharrekoa “helburu horreek eragileakaz, sindikatuakaz eta garapeneko agentziakaz konpartitzea eta euren eretxiak jasotea da”. Laespadak onartu egin dau kolektibo horren alde behar egiteko eskini jakon eskua.
EH Bilduk azaldu dauenez, Enplegu anezketan eta eskualdeen bizibarritzeko planetan Behargintzek parte hartzearen kontra Aldundiak kontrako eretxia ei daukala eta, Laespadak guzurtatu egin dau hori, eta esan dau erakunde horreek arrakasta osoz hartu dabela parte Dema izeneko foru enpresa buru dan plan “guztietan”. Gauza bera erantzun deutso Durangaldeari jagokonez enplegua bizibarritzeko foru programari buruz beste erantzun-eske bat egin dauen Podemos Bizkaia taldeari. “Ez da egia Behargintzek parte hartu ez dabenik”, errepikau dau.
KARRANTZAKO MINDATEGIA
PP taldeak, porrot egin eban Karrantzako Mindategiari Bizkaiko Foru Aldundiak emondako “diru-laguntzak eta bestelako laguntzak” berreskuratzeko gaur egun dauen “estrategiari” buruz itaundu deutso Aldundiari. Gai horri jagokonez, Elena Unzuetak esan dau Foru Aldundiak aurrera jarraituko dauela Karrantzako Minda deritxon lantegiaren zordunen konkurtsoan, Aldundiak laguntza publikoetan emon ebazan “2.200.000 euroak” berreskuratzeko “prozesua amaitzen dan arte”.
Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko sailaren arduradunak, foru erakundeak modu “zuzenean” jokatu ebala defendidu dau, Karrantzan proiektauta egoan mindategirako milioi bi euroko laguntzea emoteko orduan eta baita haren kontrolean eta diru hori berreskuratzeko espedientean be, ekimen hori ez zala gauzatuko egiaztau ostean.
Eusko Jaurlaritzak zazpi milioi euroko diru-laguntzak onartu ebazan, Bizkaiko Foru Aldundiak milioi bikoak, eta Gobernu Zentralak, beste lau milioikoak. Dana dala, azkenean jasotako laguntzak “10,2 milioi eurotan” geratu ziran, Arturo Aldecoak (PP) gogoratu dauenez. Bere eretxiz, proiektua, batzuek “Administrazinoari dirua atarateko” diseinau eben “iruzurra” baino ez zan izan. “Aldundiak epaileak esaten dauena hartuko dau kontuan”, erantzun deutso Unzuetak.
ALDUNDIAREN GASTUA BIDEZKO MERKATARITZA ARDURATSUAN
Podemos taldeak eskaria egin dau, Foru Gobernuak bidezko merkataritza arduratsura zuzendutako foru aurrekontuaren barri jasoteko. Aldundia ez dago bidezko merkataritza arduratsuaren “mobimendu horretatik aparte”, eta merkataritza hori zabaltzeko hainbat ekimen jarri ditu martxan, lehiaketa publikoetan “puntuazino altuagoa” emonez, adibidez.
Dana dala, Laespadak esan dau Aldundiak ez dauela bidezko merkataritzara zuzendutako partida “zehatzik”, gastu horrek “zeharkako ikuspegia dauelako Aldundiaren barruan”. Diputatu andreak adierazo dauenez, Foru Aldundiak “bidezko merkataritzaren munduko erakundearen” erespideak beteten ditu kontratazino publikoaren arloan, eta politika horren hainbat adibide jarri ditu: material birziklatuaren erosketan (paper ekologikoa); “merkeegiak diran produktuak” ez erostean; edo foru egoitzetako edarien makinetan bidezko merkataritzako kafea jartean.
Halanda be, Laespadak adierazo dau oso gaitza dala produktuen aukerea zabaltzea “kafea moduko produktuetatik haratago”. Errazagoa da Aldundiarentzat herritarren artean kontsumo “arduratsua” bultzatzeko sustapeneko eta hedapeneko jarduketetan parte hartzea.
“Europako gastuagaz alderatuta oso atzean gagoz. Horregaitik, oso garrantzitsua da eredu bilakatzea”, esan dau Podemos Bizkaiako Mikel Isasik, eta Bizkaia Garapenerako Lankidetza proiektuetara bideratu beharreko %0,7tik “oso urrun” dagoala gehitu dau.
GENERO IKUSPEGIA
Teresa Laespadak EH Bilduri erantzun deutsonez, Aldundiak genero ikuspegia bermatuko dau Bizkaia Goazen 2030 estrategian jasoten diran 120 ekintzetan eta proiektuetan. “Bardintasunean oinarritutako begiradea sartzeko aukerea” da. Hori dala eta, dokumentuak Bardintasunerako Foru Araua onartzea jasoten dau. Konpromiso horri esker, Aldundiak “politika publikoaren erdi-erdian jarten dau bardintasuna. Lehentasuna da”, esan dau.
Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, arau horrek, kontratu publikoak bardintasunezko erespideakaz neurtzeko aukerea emongo daben xedapenak jasoko ditu. Hemendik aurrerako ekimenen artean, behargin publikoak prestakuntza plan bereziaren bitartez trebatzea edo genero eraginaren ebaluazino txostenak bultzatzea egongo da. Azken horreetako “200 baino gehiago” egin dira daborduko.
Halanda be, Arantza Urkaregik ez dau onartu, praktikan, “genero zeharkakotasunik” dagoanik. Bere eretxiz, Aldundiak “ez dau genero ikuspegia sartzen. Egoerea lotsagarria da. Bardintasunerako foru planak 15 urte dituan arren, ez dogu gitxieneko zeharkakotasunik lortu”.
ERREGE KOPAKO FINALA SAN MAMESEN
PP taldeak, Aldundiak, San Mames Barria erakundearen barruan udabarri honetan jokatuko dan Errege Koparen finala “Katedralean” izatea “bultzatuko” eban ala ez jakin gura izan dau. Javier Ruiz PP-ko bozeroaleak berbea hartu dau, erantzun-eskea baztertzeko, osoko bilkuraren aurrean egiaztauta geratu dalako egoitzea daborduko aukeratu dala –Madrilgo Vicente Calderón zelaia–. Dana dala, bere taldeak ekimen hori datorren urterako “erreserbauko” dauela adierazo dau.
3. LINEAREN KOSTUA ETA MARTXAN JARTEA
3. lineari jagokonez, Aldundiak Bizkaia Goazen 2030 estrategiaren aurkezpenean Ahaldun Nagusiak iragarri eban gauza bera erantzun deutso EH Bildu taldeari, “2017ko lehenengo hilebeteetan” jarriko dala martxan. Vicente Reyesek onartu dauenez, aurreikuspen horrek “errazoizko desbideraketea” dakar, kontuan izaten badogu 2013an, Eusko Jaurlaritzagaz hitzarmena sinatu zanean, linea hori urte honetako bukaera inguruan egongo litzatekela prest iragarri zala.
Atzerapen txiki hori, urigunean tunelak eregiteko orduan “gertakariak” izan diralako eta “gaueko beharrak” eta obren erritmoak biztanleen atsedenaldiagaz bateratzeagaitik eta Aste Nagusia moduko bestelakoengaitik sortu dira. PP eta EH Bildu taldeek esan dabenez, barriz, atzerapena “urtebetekoa” da, haseran ezarri zanagaz alderatzen bada.
Kostuari jagokonez, eta arlo horretan PP taldeari erantzunez, Vicente Reyesek esan dau Euskotrenek ustiatuko dauen lur azpiko lineak “279,47 milioi euroko” inbertsinoa eragingo dauela, eta horreetatik erdia –139,73 milioi– dala Foru Aldundiak bere gain hartu behar dauen ekarpena. Jesus Isasik (PP) zenbateko horrek ez dirala zuzenak, eta Aldundiaren ekarpena “145 milioi eurokoa” dala esan dau. Kritikau dauenez, ekarpen horrekin eregitakoa beste Administrazino bati lagako zaio, 3. linea Euskotrenek ustiatuko dauelako.
FAMILIA HARRERA ESPEZIALIZAUA
Podemos taldeak “familia harrera programa profesionalizaua” martxan jartearen ganean egin dauen erantzun-eskeari erantzunez, Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintza arloko titularrak, Haur Zerbitzuak “amaitu dituala pleguak, eta harrera espezializauko programaren lizitazinoa hasi dauela” iragarri dau, Haurtzaroari eta Nerabezaroari buruzko 8/2015 Legea indarrean sartu ostean bere sailak planteamendu barria egin behar izan eta gero, arazo “juridikoak” zirala eta.