Aldundiak definidu dau daborduko bere sailen erdiaren "egitura organikoa"
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanerako sailaren arduradunak adierazo dauenez, Foru Aldundiaren egitura organikoa definitzea “behar asko eskatzen dauen” prozesua da, sailak “epe laburrean” antolatzeko aukerea emoten dau eta aldundiko sailak “alkarren artean erlazionetan diran” eta herritarrei zerbitzua emoten deutsien modua marketan dau. EH Bilduri erantzunez, Bengoetxeak baieztu dau Aldundiak dituan sailen erdiak –lauk– bete dabela daborduko barruko antolakuntza prozesu hori.
Bengoetxea bertan egoala baliauta, EH Bildu eta PP taldeek Aldundiko sailen arteko “koordinazino faltea” salatu dabe. Lau dekretu horreek argitaratu ez izanak “argi eta garbi erakusten dau” funtzionetako egiturea “ondino itxi barik” dagoala, esan dau Joseba Gezuraga EH Bilduko batzordekideak. Alderdi biek kritikau egin dabe, adibidez, Batzar Nagusien aurrean egiten diran agerraldiak “errepiketea”, sail bat baino gehiago etorriz gai beraren ganeko informazinoa emoteko, edo Batzarretako taldeek eskariak egiten dituenean Aldundiak dokumentazinoa banatzeko orduan “atzerapenak” egotea. Podemos taldeak be bat egin dau azkenengo kritika horregaz. Neskutz Rodríguez talde horretako bozeroalearen eretxiz, Aldundiak luzapen “larregi” erabilten ditu, erantzunak atzeratzeko.
Eduardo Andrések (PP) esan dauenez, sail horreetan gertetan dan “bikoiztasunak” eragin dau “koordinazino falta” hori. Bere eretxiz, lau dekretu horreek argitaratu ez izana “oso gertakari larria” da. Ganera, bere berbetan, “mezu kontraesankorrak” be emon dira, EAJ-PNV taldearen esku dagoan Gizarte Ekintzako Sailaren eta PSE-EE taldearen esku dagoan Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailaren programak aurkezteko orduan. Orain denpora gitxi udalakaz izandako bilera batera Gizarte Zerbitzuen Mapea azaltzeko diputatu andre bat joan izana “horren beste adibide bat da”. Batzarretako taldeek egiten dituen idatzizko informazino eskariei jagokenez, “ez gagoz oso pozik erantzuteko orduan Aldundiak erakusten dauen arintasunagaz”. “Behin behinekotasuna ez da eraginkorra”, esan dau Andrések.
Bere erantzunean, oposizinoak “zorroztasun faltea” erakusten dauela, eta Gobernuaren ekintza “ezelango datu barik” kritiketan dauela esan dau Bengoetxeak. Jakinarazo dauenez, Aldundiak, “garagarrilaren 2an” Bizkaiko Foru Aldundiak izango dituan sailak eta hareen jarduketarako arloak eta funtzinoak ezarten ebazan dekretua onartu zanetik dauka martxan barruko egiturea, oraindino zortzi sailetatik lauren egitura “funtzionala” zehaztu barik dagoan arren. Horreek izaera “finkoa” izango dabe onartzen diranean. Horrek bere denporea behar dau eta, ganera, hiru sailen on ikusia be behar dau: Funtzino Publikoaren txostena, zerbitzu juridikoen beste txosten bat eta genero eraginaren ganeko hirugarren txostena.
Batzarretako taldeei emondako erantzunean, bere sailaren barruan“Modernizazinorako Bulegoa” dagoala baieztu dau Bengoetxeak, eta egiturari buruzko dekretuek ez dabela kanpoko aholkularitzen laguntzarik behar. “Baliabide propioakaz” egiten dirala esan dau.
Bengoetxeak esan dau, baita be, funtzionarioek “ordu asko eta asko” egin behar dituela Batzarretako taldeen informazino eskariei denpora eta modu egokian erantzun ahal izateko. Horrek “kostua” eta herritarrei zerbitzua emoteko beste arlo batzuetatik denporea kendu behar izana eragiten deutso Foru Administrazinoari.
Aldundiko arduradunak eskaria egin deutso oposizinoari, beste lurralde batzuek egitura organikoaren ganeko dekretuak onartzeko orduan erantzuteko behar izaten daben denporari begiratzeko, Bizkaiko Foru Aldundia kritikau aurretik. “8 hilebetetan” Bizkaiak lau gauzatu ditu, eta aurreko legealdian, EH Bilduren esku egoan Gipuzkoako Foru Aldundiak bere lehenengo dekretua “maiatzean” argitaratu eban eta PP taldearen esku egoan Arabakoak ez eban holangorik egin “hurrengo urteko zemendira arte”.
PSE-EE taldeak eskaria egin deutso Aldundiari, Aldundiaren egituraren ganeko dekretuak “ahalik eta arinen itxi daizan”, baina Alexia Castelo talde horretako batzordekidearen eretxiz horrek ez dau “disfuntzinorik” eragiten zerbitzu publikoak emoteko orduan. Bere ustetan, EH Bildu eta PP taldeek gai hori “puztu” gura izan dabe.
Antzeko zeozer esan dau Jon Andoni Atutxa EAJ-PNV taldeak batzorde horretan dauen bozeroaleak. Kritikau egin dau talde biek gaiak “nahastu izana”, “salbuespenezko giroa sortzeko”, “gehiegikerietan” jausiz. Errepikautako agerraldiak gertetearen zergaitia, batzarretako taldeek bertako ekimenak planteetan dituen moduaren “araberakoa” da, eta ez Aldundiko Gobernuaren sailen egiturea diseinauta dagoan moduaren araberakoa, esan dau.
Idatzizko dokumentazinoa emoteko orduan dagozan “atzerapenei” jagokenez, jeltzaleek eta sozialistek esan dabe, eskatzen dan informazino moetaren konplexutasuna kontuan izanda, Batzarretako Arautegiak, Aldundiak “luzapenak” atzeratzeko aukerea emoten dauela eta, edozelan be, arautegia bete egiten dala zaindu behar dauen Bizkaiko Batzarretako Mahaiak “babesten dituala” Batzarretako taldeak.
Orain arte onartu diran egitura organikoaren ganeko arautegiari jagokozan dekretuen zehaztasun gehiago eskatu dauen Podemos Bizkaia taldeari erantzunez, Bengoetxeak dekretu horreek Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuta dagozala esan dau: urtarrilaren 11koan (Garraio, Mugikortasun eta Lurraldeko saila), urtarrilaren 22koan (Ogasuna eta Finantzak), zezeilaren 1ekoan (Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna) eta zezeilaren 18koan (Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapena).