Aurreko Albisteak

Ogasunak 600 euroko isuna jarri deutse azkenengo ikuskapenean "tiketik" emon ez eben 49 establezimenduri

bilbao

Batzarretako Podemos Bizkaia taldeak eskatuta, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Foru diputatuak, faktura sinplifikauak (tiketak) emotearen kontrolerako bigarren kanpainaren balantzea egin dau gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietan. Igazko urrian egindako ikuskapen hori dala eta 49 zehapen espediente barri zabaldu ziran. Ikuskatutako “92” saltokietatik, “49ri” zehapen espedientea zabaldu jaken, eta “600 euroko” isuna jarri; establezimendu horreetako “14ri” “salmentako eragiketak ez erregistretearren”; eta “35i fakturea ez egiteagaitik eta ez emoteagaitik edo fakturean IFK adierazo barik emoteagaitik”.

Iruarrizagak adierazo dauenez, beste “21” establezimendutan fakturea egin eta emon egin zan, baina faktura horrek ez eban beteten eskakizunen bat, BEZ moetea, izena edo enpresaren izaerea, hain zuzen be. Holangoetan, Ogasunak jakinarazpen bat bialdu dau, jaubeei hautemandako akatsen barri emonez. Beste 22 establezimenduetan Ogasunak ez eban ezelango irregulartasunik aurkitu.

Ikuskapena urrian egin eben “17 agente berezik”, Bilboko, Barakaldoko, Basauriko, Bermeoko, Durangoko, Erandioko, Ermuko, Galdakaoko, Gernikako, Getxoko, Leioako, Lekeitioko, Ondarroako, Portugaleteko, Santurtziko eta Sestaoko saltokietan. “Behargin 1 eta 5 artean” dituen saltokiak aukeratu ziran, eta azken kontsumitzaleei ondasunak emoten edo zerbitzuak eskintzen ari diran 15 sektore hautatu ziran, tabernak, jatetxeak, farmaziak, okindegiak edo elikagaien saltokiak, beste batzuen artean.

Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, ikuskatutako establezimenduen “%44” pertsona juridikoek edo ondasun erkidegoek kudeatuta egozan, eta “%56” pertsona fisikoek. Azken horreen artetik, establezimenduen %48an titularrak andrazkoak ziran, eta %52 gizonezkoak.

Iruarrizagak azaldu dauenez, Foru Ogasunak iruzur fiskalaren kontrako burrukan egiten dauen kontroleko neurrietako beste bat baino ez dan tiketak kontroletako kanpaina horren helburua “enpresarioei eta profesionalei jagokezan fakturazino betebeharrak beteten dirala egiaztetea, jaubeen errolda egoerea ikustea eta herritarrak, fakturak emotea eskatzeko daben beharraz kontzientzietea da, ez iruzurraren kontra burrukatzeko bakarrik, baita kontsumitzaile eta erabiltzaile moduan dituen eskubideak bermatzeko be”.

Batzarretako taldeak “pozik” agertu dira holango kontrolak martxan jarri izanaren aurrean. EH Bildu taldea harrituta agertu da ezarritako zehapenen ehuneko altua ikusita, “%53”. Orokorrean, taldeek, ikuskapen lan horregaz eta iruzur fiskalaren burrukan kontzientzietako kanpainak martxan jarriz jarraitzera animau dabe Ogasuna.

Bukatzeko, Iruarrizagak jakinarazo deutse Batzar Nagusiei “hilebete honen bukaeran edo martxoaren hasieran” Ogasunak 2015. urtean aurrera eroandako iruzurraren kontrako kanpaina orokorraren emaitzen balantzea egingo dauela Batzar Nagusietan, eta batzarretako taldeen aurrean azalduko dituela bere sailak arlo horretan ekitaldi honetan martxan jarriko dituan neurriak.