Aurreko Albisteak

Bilbao Airerako "plan estrategikoa" eta haren eraginkortasuna neurtzeko "mekanismoak" eskatuko ditu Foru Aldundiak

Bilbao

Loiuko aireportuaren sustapenerako Bilbao Air soziedadearen gastuak soziedadearen “helburuakaz bat datozala” egiaztau ostean, Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesiorako foru diputatuak Batzar Nagusien aurrean gaur egin dauen agerraldian, erakunde horrek “plan estrategikoa” eta bere jardueraren “eraginkortasuna neurtzeko eta kontuak aurkezteko mekanismoak” behar dituala adierazo dau.

Ahaldun Nagusiaren presentzia eskatu dauen Podemos Bizkaia taldearen ekimenez Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordean izan dauen esku-hartzean, Merkataritza Ganberak urtarrilaren 28ko Administrazino Kontseiluan egindako eskariaren ostean gastuak “aireportua sustatzeko soziedadeari jagokozan jarduerei apliketan jakezela ikusten dala azpimarratu dau Vicente Reyesek. Funtzionamenduko ohiko gastuez aparte, aireko operadoreakaz izan beharreko hartu-emonetara, aireportuaren sustapenera, publizidade korporatibora… zuzentzen dira”.

Diputatuak adierazo dau ez jakola “astakeria” iruditzen soziedadeak bere jarduerako “16 urteetan” “2.749.000 euro” gastau izana. Azpimarragarriena, bere eretxiz, gastu hori “arrazoizkoa izan ete dan, Bilboko Aireportua sustatzeko helburura egokitu dan eta eraginkorra izan dan ala ez da”. Holan, eta gastu batzuk aitatu eta zehaztu ostean, “gastuaren egiturari eutsi egin jakola Bilbao Airen ibilpide osoan, eta gastu hori soziedadearen helburuetara bideratu dala” azpimarratu dau Reyesek.

Aztertutako gastuen artean, Merkataritza Ganberak zenbait zerbitzu (kontabilidadea, idazkaritza, azterlanak eta estadistikea, prentsa zerbitzua, komunikazino aretoa, internet, telefonoak) dirala eta urtean fakturautako “13.000 euroak” dagoz; inkurridutako gastuak, “soziedadearen gastu osoaren %10 eta %16 artean, aireportua sustatzeko bidaiak dirala eta; edo “gastu osoaren %1 eta %2,6 artean, Lufthansa, Air France, Easy Jet… moduko eragileakaz egindako bazkarietan”. Reyesek autortu dauenez, partida horreen artean badago faktura “deigarriren” bat, "3.452 euroko" bazkari bat, adibidez, Lufthansako 50 pertsona ingururentzako konbentzino batean egindako gonbidapena dala eta. “Ez da beste munduko gastua zenbat pertsona egon ziran kontuan izanda, eta helburua linea gehiago erakartea zan, baina kontua holango gastuak helburuakaz proportzinoan dagozan ala ez da”, esan dau.

Beste alde batetik, urtero auditoria “independenteak” egiten dirala azpimarratu dau Reyesek. Azkenak, 2014koak, soziedadearen urteko kontuek “soziedadearen ondarearen eta finantza egoeraren irudi zuzena” erakusten dabela adierazoten dau. 2012ko kontuak fiskalizau dituan Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEP-TVCP) be “gauza berbera” esaten dau.

Euskadiko ganerako uriburuetan eta beste uri batzuetan gertatzen dan moduan, sustapenera zuzendutako holango soziedadeak beharrezkoak dirala uste dau, “linea barriak eta Bilboren, Bizkaiaren eta Euskadiren konektibidadea hobetzeko aukera emongo daben maiztasun gehiago aurrera eroan ahal izateko”; “aireportuak bere inguruneagaz dauen konektibidadea hobetzeko”; “Bilbon konpainia barrien eragiketa zentroak ezartea bultzatzeko”; “Bilboko aireportuaren bilakaerearen eta Bizkaiaren garapen ekonomikorako dauen garrantziaren barri emotea eta baloretako”; “aireportuak eragina dauen udalerrietako biztanleen bizitza kalidadea bultzatzeko”; edo “erakundeen arteko lankidetza publiko-pribadua sustatzeko”.

Eta helburu horreek bete ahal izateko, Bilbao Airek komunikazino eta aireportuaren sustapen jarduerak gauzatu ditu, eta horreei esker, bitartekaritza lanak egin ditu, AENAgaz batera, emaitza “garrantzitsuak” lortu ahal izateko, Air Francegaz 2014an Bilbo-Amsterdam hegaldia zabaltzea; linea bat Zurichera (2015ean Swiss International Airegaz); British Airways konpainia itzultzea 2015ean, egunean hegaldi bi eskiniz; Easy Jetegaz Genevara eta Manchesterrera doazan lineak; Alitaliagaz Erromara doana; edo udan eskintzen dan Pragarako linea. Lorpen horreen artetik “%10 baino lortu ez baleu be, 16 urteotako gastua justifikauta egongo litzateke”, esan dau.

Dana dala, Reyesk autortu dau soziedadeak ez daukala “Bilbao Airek jarduketa horreetan dauen partaidetzaren eraginkortasuna neurtzeko prozedurarik”. Hori dala eta, uste dau “Bilbao Air zelan hobetu ikusteko unea dala, beharrezkoa dan bere jarduerea gehiago zabaldu eta ebaluetako modukoa izan daiten”. Batzarretako taldeei deia egin deutse, euren ekimenen bitartez erakundea hobetzen lagundu daien.

Diputatu eta Bilbao Aireko kontseilariak zehaztu dauenez, Foru Aldundiagaz, Eusko Jaurlaritzagaz, Merkataritza Ganberagaz eta bost udalakaz batera parte hartzen dauen erakundearen hurrengo Administrazino Kontseilura eroango dituan proposamenen artean “espezializautako kontsultoretza bategaz plan estrategikoa planteetea egongo da, horren barruan, gitxienez, asmo handiko negozio plana eta lorpenak definiduteko aukerea emongo daben ebaluazino sistemak sartuz”, eta baita “beste inoiz egin dan moduan, Basquetoursegaz, Bilbotourregaz eta xedea Bizkaia ezagutzera emotea dauen beste edozein erakundegaz izan beharreko lankidetzea indartzea” be.


BATZARRETAKO TALDEAK

Podemos Bizkaiak Reyesi gogoratu deutsonez, HKEP-TVCP-ek 2014an adierazi eban ezinezkoa zala Bilbao Airen eraginkortasuna neurtzea, eta azpimarratzen eban ez egoala lankidetzarik AENAgaz, azpiegituraren jaube eta haren kudeaketaren arduradun bakarragaz. PP taldeak, bere aldetik, soziedadearen gastu guztiak zehatz-mehatz justifiketea eta erantzukizun politikoak hartzea eskatu dau, eta esan dau “argi eta garbi daukala” dirua “helburu pertsonaletara” zuzendu zala. “Nik ziurtasun hori izango banau, epaitegietan egongo nintzateke”, erantzun deutso Reyesek.

EH Bilduk, 2014an Batzar Nagusietan soziedadea desegitea eskatzea eta orain defendidutea aurpegiratu deutse diputatuari eta Batzar Nagusietako talde sozialistari, eta gehitu dau hori EAJ-PNV-ri egin beharreko ordainketea dala Foru Gobernuko parte izateagaitik. Reyesi gogoratu deutso, baita be, Patxi Lópezen Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzea kendu eutsala, Jon Gangoiti gerente eta behargin bakarrak ez ebazalako gastuak justifiketan. “Beharrezkoa da gastuen jarraipen politikoa egitea”, adierazo dau koalizino abertzaleak. Zigor Isuskizaren eretxiz, “Bilbao Air Gangoitirentzat ´ad hoc´ eratutako ate birakaria” da.

Gobernua eusten daben talde biek, EAJ-PNV-k eta PSE-EE-k, ontzat emon ditue Reyesen azalpenak. Sozialistek azpimarratu dabe HKEP-TVCP-ek Bilbao Airek legezko araudia beteten ebala esan ebala, eta haren kontuek soziedadearen egoeraren irudi zuzena emoten ebela. Jeltzaleek, euren aldetik, “eskandalu faltsuak antolatu izana” aurpegiratu deutsie oposizinoari, “guzur baltzen” bitartez, eta azkenengo urteotan AENAren eta Bilbao Airen arteko hartu emona indartu egin dala azpimarratu dabe. Jon Andoni Atutxa jeltzaleak agerraldia, alderdi batzuek “jazarpen politikoagaz” jarraitzeko helburu “argiaren” barruan sartu dau.


VENEZUELAKO ADIERAZPENAREN ALDEKO ERETXIA

Beste alde batetik Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordeak bat egin dau Venezuelako politika, kultura eta gizarte arloetako pertsona garrantzitsuek sinatu daben, eta eremu ideologiko demokratiko osoko alderdi politikoek eta hainbat erakunde publikok, pribaduk eta gobernuz kanpoko zenbait erakundek bultzatzen daben aldeko “Golpe a la Democracia. Elecciones Parlamentarias en Venezuela 2015” deritxan Adierazpenagaz. Bertan eskaerea egiten da Simón Bolivarren herriak hautestontzietan adierazo dauen borondate demokratikoa errespetetako.

EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen aldeko botoakaz eta EH Bilduren eta Podemos Bizkaiaren kontrakoakaz onartu dan adierazpena Nicolás Maduro egungo presidentearen kontrakoa da, “oposizinoko diputatu batzuen aukeraketearen kontra egiteko ahaleginarengaitik, orain arte oposizinoan egon diran alderdiek Asanblada Nazionalean gehiengoa izan ez daien”, azaldu dau Arturo Aldecoa proposamena aurkeztu dauen PP taldeko batzordekideak.

Beste alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusiek, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen kontrako botoakaz eta EH Bildu, PP eta Podemos Bizkaia taldeen aldekoakaz, ez dabe onartu talde morearen arauz besteko proposamena, “Aldundiari eskaria egiteko, Blas de Otero olerkariari “Bizkaitar Argia-Ilustre de Bizkaia” aintzatespena emon deion, jaio zanetik ehun urte beteten diranean”. Jeltzaleek eta sozialistek esan dabe euren kontrako botoa ez dala Blas de Otero aintzatespen horretarako egokia ez dalako, Podemosek bere proposamena Aldundira bideratzeko aukeratu dauen prozedurarengaitik baino. Euren berbetan, badago aintzatespen horreetarako hautagaiak proposatzeko prozedura arautua, urtero Foru Gobernu taldeak argitaratzen dauen dekretu baten bitartez.