Aurreko Albisteak

Foru Aldundiak adinbakoentzat etxe barria zabalduko dau urtarrilean

Batzordea

Gizarte Ekintzako diputatu Isabel Sánchez Roblesek gaur Batzar Nagusietan iragarri dauenez, “datorren urtarrileko bigarren hamabostaldian” Foru Aldundiak, babes faltagaz erlazionautako arazoren bat daukien adinbakoentzako bizileku baliabide barria zabalduko dau. Iragarpena, PP taldeak eskatuta, Umeen Zerbitzuko Harrera, Balorazino eta Orientazino Sekzinoaren funtzionamenduaren barri emon daian egin dauen agerraldiaren barruan egin dau. Zerbitzu horrek beste psikologo bi izango ditu 2016an, Gizarte Ekintzako sailaren esku dagoan sekzino horren beharrei aurre egin ahal izateko.

PP-k egin dauen agerraldi eskaria, Eduardo Andrés batzordekideak adierazo dauenez, adinbakoen babes faltaren balorazinoaz arduratzen dan sekzino horretako behargin batzuek egindako eskaerearen ondorioz egin da, behargin horreek baliabide gehiago eskatzen ebelako, “5 psikologo gehiago” kontratetea, zehatzago esanez, euren berbetan zerbitzua “ganezka” dagoalako eta arautegiak ezarten dituan epeak ez diralako beteten.

Sánchez Roblesek ukatu egin dau hori. “Ez da egia sekzino hori ganezka dagoanik”, esan dau. Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, izatekotan be, “ez ohiko abaguneak” gertau dira eta, ondorioz, balorazinoko sailak “doikuntza faltak” izan ditu, baina horrek ez du inoiz eraginik izan adinbakoei eskini beharreko arreta zuzenean, ez dagoalako “itxaroteko zerrendarik” zehaztu dituan hamar programetako batean be. Roblesek azaldu dauenez, arazo horreek kasu kopuruak gora egin dauelako –2014an 2013an baino “184 kasu gehiago” sartu ziran, krisia zala eta– , eta beharragaz erlazionautako bestelako abaguneengaitik gertau dira, bajak, jardunaldi murrizketak, laneko kontziliazino neurriak eta leku aldaketako lehiaketea. Horrez gain, Foru Aldundia, diagnostikorako prozedura “zorrotzagoak eta zehatzagoak” egitera, behartzen dauen araudi barria be kontuan izan behar da.

Roblesek, batzarretako ganerako taldeek egin daben moduan, egoera horren erruaren parte bat PP-rena dala esan dau, Gobernu zentralaren hainbat lege ekimen zirala eta ezinezkoa izan zalako arlo horretan kontratazino publikorik egitea, holango zerbitzuak indartzeko. “Montoro Legea” “bihotzik ez daukan” legea da, esan dau diputatu andreak, eta datorren urtean egoerea arindu egingo dala aurreikusi dau, neurri horreen malgutasunarengaitik, psikologo bi kontratauta, Sekzinoko buruak berak ezarri dituan planak kontuan izanda. Ganera, gogoratu dauenez, Aldundiak ezin izan eban zerbitzu hori zabaldu hitzartutako beste figura batzuen bidez, legeak agintzen dauenez bertako beharginak izan behar diralako espedienteak balorauko dituenak.

Roblesek adierazo dau Aldundiak une honetan “531 plaza” dituala arazoak dituen adinbakoentzat –110 Aldundiak berak kudeautakoak eta 421 beste 15 erakundegaz hitzartutakoak–, “46 zentro eta etxe”, eta “510 profesional”. Diputatu andreak adierazo dauenez, zentro barriak –ez dau zehaztu non egongo dan– porrot egin daben adopzinoetatik edo harreretatik datozan gazteentzako etxe espezializauak” indartuko ditu, horrelako etxeen gehieneko plaza kopurua murriztu egin dalako, dekretu bitartez. “Gehienez 12 adinbako izatetik 10 izatera pasau da”. Harrera, Balorazino eta Orientazino sekzino horretako giza taldea, sekzino buru batek, arloko arduradun batek, 5 psikologok, 10 gizarte beharginek eta 7 administrarik osotzen dabe, esan dauenez.

Diputatu andreak esan dauenez, babes falta arriskuan dagozan adinbakoak babesteko Bizkaian erabilten dan sistemea “aurreratua” da eta “finkauta” dago eta, ganera, “erreferentea” da Euskadin, Estaduan eta Europan. Saileko teknikariak aditu moduan be deituak izan dira behin baino gehiagotan Gorte Nagusietan aurrera eroan diran hainbat ponentziatan, Gobernu sozialistagaz zein gobernu popularragaz, zehaztu dau. Zerbitzuko programa bakotxak “auditoria operatiboa” jasoten dau, bere baliabideak une bakotxeko beharretara egokitu ahal izateko.


EZEZKOA ESTIMULAZINO GOIZTIARREKO LAGUNTZAK ZABALTZEARI

Saio berean, Gizarte Ekintzako Batzordeak ez dau onartu, estimulazino goiztiarreko terapietara zuzendutako laguntza indibidualak zabaltzeko eta bertako tratamenduak 6 urtetik gorakoei be zuzentzeko Bizkaiko Foru Aldundiari eskaria egiteko PP taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena. Batzarretako talde guztiak neurriaren kontra agertu dira, adituen eretxiak esaten dauelako terapia goiztiarrek daborduko ez dabela eraginik izaten 5 urtetik aurrera, eta baita Eusko Jaurlaritzaren eskumenen kontra doalako, 6 urtetik aurrerako adinbakoak derrigorrezko hezkuntzan sartzen diralako, eta Administrazino hori izan behar dalako behar horreek landu behar dituana, “berritzeguneen” bitartez.