Bizkaiko Batzar Nagusietako Osoko Bilkurak atzera bota ditu EH Bildu, Podemos eta PP taldeek Osotasunera aurkeztu dituen zuzenketa-eskeak
Bizkaiko Aurrekontuen proiektuak aurrera jarraituko dau bere izapidetzeagaz, gaur goizean Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkureak aurrekontuak atzera botatzeari ezezkoa esan eta gero. Bozketa bakarraren bitartez, Bizkaiko Batzarrek atzera bota ditue EH Bildu, Podemos Bizkaia eta PP taldeek aurkeztutako Osotasunerako zuzenketa-eskeak. Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernua eusten daben EAJ-PNV eta PSE-EE taldeetako ordezkarien batura nahikoa izan da aurrekontuak itzultzeko hiru ekimenak atzera botateko. Jeltzaleek eta sozialistek 30 boto batu ditue, eta oposizinoak, barriz, 20.
Holan, Lurraldeko Kontuen ibilpideak aurrera jarraituko dau bariku honetatik aurrera batzordean, Batzarretako taldeek aurkeztu dituen 335 zuzenketa-eske partzialen eztabaidagaz. Datozan egunetan aldaketarik ez badago, Aldundiko Gobernua eusten daben taldeek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak, 10 zuzenketa-eske partzial defendiduko ditue. Bizkaiko Talde Popularrak (PP) gauza bera egingo dau bere 191 zuzenketa-eskeakaz; EH Bilduk 99gaz; eta Podemos Bizkaiak 35egaz.
Zuzenketa-eske gehien jaso dituen sailak honeek izan dira: Euskera eta Kultura (59); Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna (53); eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala (50). Horreen ostean egongo litzatekez Gizarte Ekintza (45); Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanak (42); eta Ekonomi eta Lurralde Garapena (38). Eta, azkenik, zuzenketa-eske gitxien jaso dituen sailen artean Ogasuna eta Finantzak (17) eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa (8) dagoz. Ganera, 21 zuzenketa-eske aurkeztu dira Foru Arau Proiektuaren artikuluen alderdiren bat aldatzeko, eta beste bi Udal Finantzaketea aldatzeko.
Abenduaren 8tik 22ra Ekonomia eta Ogasuneko batzordean egingo diran zuzenketa-eske partzialen eztabaidaren ostean, Bizkaiko aurrekontuak onartzeko edo ez onartzeko Batzarretako izapidetzea hilebete bukaeran egingo dan osoko bilkuragaz amaituko da. Aurreikuspenak kontuan izanda, abenduaren 30a izan daiteke osoko hori egiteko aukeratuko dan eguna.
ZUZENKETA-ESKEEN EZTABAIDEA GERNIKAN
Batzarretako taldeen bozeroaleak berbea hartu aurretik, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatu jaunak zabaldu dau eztabaidea, eta esan dau aurrekontuen proiektuak, Foru Gobernuko talde barriak prestau dauen lehenengoak, lehentasuna emongo deutsela gizarte arloko gastuari, ekonomia indartzeari eta enplegua sortzeari, eta baita barrikuntzari emon beharreko laguntzeari be, “lurraldearen ikuspegitik Bizkaia kohesionatuagoa” lortzeko. “Bizkaitarron bizitza kalidadearen aldeko apustua egiten daben” kontuek “7.437,8 milioi euro hartzen ditue, aurrekoek baino %2,6 gehiago”.
Diru-sarreren atalari jagokonez, Iruarrizagak esan dau “7.146,5 milioi” zerga zuzenen eta zeharkakoen bitartez jasoko dirala. Beste “148,5 milioi” zorpetzetik datoz. Eta zor bizia “1.230 milioikoa” izango da, 2005. urteko berbera.
Gastuei jagokenez, Ogasuneko diputatuak azpimarratu dau “5.858,5 milioi euro” konpromiso instituzionaletarako izango dirala, hau da, kopuru osoaren “%78,8”. Foru Aldundiak “1.579 milioi” erreserbauko ditu bere kudeaketarako –%21,2a–, eta horreetatik, Gizarte Ekintzako sailera zuzendutako “490 milioi baino gehiago” edo Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenera bideratutako “ia 261 milioiak” azpimarratu ditu.
Iruarrizagaren berbetan, kontu horreek “krisialdi ekonomikoa eta haren ondorioak atzean itzi gura ditue”. “Bizkaiak funtzionetan jarraitu daian” eta enpleguaren eta ekonomiaren bizibarritzearen “palankea” izateko aurrekontuak dira. Berba gitxitan esanda, argi eta garbi izten dabe Aldundi honentzat “garrantzitsuena pertsonak dirala”, bukatu dau.
OSOTASUNERAKO ZUZENKETA-ESKEAK
Javier Ruizek, Bizkaiko talde popularraren bozeroaleak bere taldeak Osotasunerako aurkeztu dauen zuzenketa-eskea defendidu dau, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek osotzen daben gaur egungo Foru Gobernuak defendidu dituan aurrekontuek ez dituelako erakusten Bizkaiaren lehentasunak. “Jarraitzaileak” dira, aurtongo aurrekontuen “moztu eta itsatsi” bat baino ez. Ganera, Ruizek, Aldundia eusten daben talde biek aurrekontuak negozietako orduan erakutsi daben “hermetikotasuna” salatu dau, eta bere eretxiz hori “paripe” bat baino ez dala izan esan dau.
Diru-sarreren atalean erakutsi dituan desadostasunak foru erakundearen beraren politika fiskalaren ondoriozkoak dira, “iraungituta dagoan denporaz kanpoko” eredua dalako. PP-ko bozeroaleak zergak jeistea defendidu dau, “ekonomia eta kontsumoa barrindartzeko”. Bere eretxiz, 2016ko kontuen proiektuak eredu “zentralistea” erakusten dau, eta eredu horren onuradun nagusia Lakua da, Eusko Jaurlaritzari egiten jakon ekarpena “%4,4koa” dalako. Udalen finantzaketeak, barriz, behera egin dau.
Gastuen politikari jagokonez, Ruizek “konpromiso handiagoa” eskatu dau gizarte politikak bultzatzeko, krisia dala eta. Arlo horretan, bere esanetan, aurrekontuak “ez dau ezelango aldaketarik jaso”. “Ez dago partida barririk”, esan dau. Ganera, Ahaldun Nagusiak legealdiaren haseran iragarri eban laneko kontziliazinoaren aldeko konpromisoa “hutsa” dala adierazo dau.
PP taldeak uste dau Foru Aldundiak enplegu planetara bideratuko dituan “20 milioi euroak ez dirala nahikoak”, eta gitxiago oraindino partida hori “31 milioi” eroango dituan Aldundiaren informatika planagaz alderatzen badogu. Salatu dauenez, Bizkaia “atze-atzean” dago ekintzailetzan. Alderdi hori neurtzen dauen tasea Espainian “%5,4an” dagoan bitartean, Bizkaian “%2,9ra” jatsi da, 2008an lortu eban “%6,9tik”.
Bukatzeko, “Supersur” errepideak Lurraldearen kontuetan sortzen dauen “harlauzea” leporatu deutso Foru Gobernuari. “Gure Castellóko aireportua bilakatu da”, esan dau. Eta foru sektore publikoaren “dimentsionamendu handiegia” be kritikau dau. Horregaitik, enpresa egiturea murriztuko dauen errazionalizazino plan bat eskatu dau, bere berbetan sektore hori EAJ-PNV-ko militanteentzako “babesleku” bilakatu dalako.
“BETIKO GAUZA BERA”
Podemos Bizkaia taldearentzat, Aldundiak 2016rako prestau dauen aurrekontuak ez ditu “funtsezko” helburuak beteten, hau da, “aberastasunaren banaketea eta desbardintasunaren kontrako burrukea”. Asun Merineroren esanetan, aurrekontu horreek “betiko gauza bera” dira. “Ez ditue gizarte arloko larrialdiak konponduten. Ez dira ekoizpeneko eredu barrirantz joateko gai. Eta ez dira solidarioak”. Lankidetzarako partidei jagokenez, ia ez dira ailegetan 2010eko aurrekontuek erakusten eben “erdira”.
Gastuei jagokenez, Gizarte Ekintza sailak daukan 472 milioi euroko aurrekontutik “kanpokoek egiten dituen” zerbitzuetara “239 milioi euro” bideratzen dirala azpimarratu dau Merinerok. Ganera, Podemoseko ordezkariak salatu dauenez, aurrekontu horreek ez dagoz “klientelismotik edo ustelkeriatik” libre, desbardintasunak “modu jasanezinean” handitu diran eszenatokian.
PP taldeak egin dauen moduan, Podemos Bizkaia be gaur egungo eredu fiskalaren kontra agertu da, eta bere kritikak, fiskaltasuna “ez dala progresiboa” esatean zentrau ditu. Iruzur fiskalaren kontra “gehiago eta hobeto” burrukatzeko eskaerea egin dau, eta “gehiago daukienek gehiago ordaindu behar dabela” esan dau.
Halaber, Podemosek publikoa dan horren kudeaketa eredua kritikau dau, eta kudeaketa horretan herritarrek partaidetza zuzena izan behar dabela esan dau. Merineroren ustez, gaur egungo gobernua zerbitzu publikoak “kanpoko enpresek eskintzean” dago oinarrituta, eta bere esanetan, hori “gitxi batzuen mesedetarako pribatizazino estaldua” baino ez da. Horrek “klientelismo-sareak” sortu arazoten ditu.
EH Bildu be kritiko agertu da Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiaren buru danetik aurkeztu diran lehenengo kontuakaz. Arantza Urkaregi ordezkariak, bere esku-hartzearen haseran, pobrezia arriskuan dagozan “ia 250.000 pertsonak” gogoratu ditu. Pertsona horreen parte batentzat –DSBE edo RGI izenekoa jasoten ez dabenentzat– Foru Aldundiak “1,7 milioi euro” baino ez ditu bideratuko. Beraz, aurrekontu horreek “Bizkaiko gizartearen parte bat baztertzen dabe, milaka pertsona diru-sarrera barik izten dituelako”.
Urkaregik kritikau dauenez, politikea egiteko modu barria ez da gauzatu, “betiko politika berberak” apliketan jarraitzen dalako. Bere esanetan, enplegu “egonkorrik eta duinik” sortzen ez daben politikak dira.
Koalizino abertzalearen ordezkariaren berbetan, Aldundiaren politika fiskala ez da “ez zuzena, ez bidezkoa ezta progresiboa be”, eta, ganera, “57 milioi euro” parkatu dirala azpimarratu dau, Ondarearen ganeko Zergea kendu dalako. “Merkea da aberats izatea”, esan dau. Podemos taldeak egin duen moduan, kritikau egin ditu kanpoko enpresek egiten dituen zerbitzuetara bideratutako “231 milioi euroak” edo bardintasunerako politikek aurrekontuan beteten daben “%0,08 lotsagarria”.
Enpleguari jagokonez, Urkaregik “betiko programa berberak” apliketan dirala kritikau dau. Bere taldeak eskualdeetan enplegua sustatzeko tokiko politiken aldeko apustua egiten dau, ez industriaren sektorean bakarrik, baita lehen sektorean be, produktu autoktonoen kontsumoa bultzatzeko. Ganera, diru gehiago bideratuko leukie GUFE-IFAS-era, kalidadeko enplegu publikoa sortzeko.
EH Bilduren bozeroalearen berbetan, aurrekontu horreek ez dabe “behar dan moduan” bermatzen udal finantzaketea. Urkaregik salatu dauenez, finantzaketa hori “%1,6” baino ez da handitu, Bizkaiko aurrekontua “%2,6” handitu dan arren, eta haserre agertu da Foru Aldundiak diru-sarreren aurreikuspena egiteko orduan izan dauen “akatsa” Udalek ordaindu behar dabelako, Udalkutxako funtsetako dirua itzuliz.
DESBARDINEN ARTEKO AKORDIOAREN FRUITUA
Foru Gobernua eusten daben EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen eretxiz, Aurrekontuen proiektua, alderdi biek agintaldiaren haseran lortu eben “desbardinen arteko akordioaren fruitua” da. Carlos Totorika bozeroale sozialistak esan dauenez, “ekonomia eta enplegua bizibarritzeko eta krisialdi ekonomikoaren erasoa gehien jasaten dabenekaz izan beharreko alkartasuna indartzeko” balioko dabe. Hau da, “inor atzean itzi barik krisialditik urtetako”, azaldu dau.
Bizkaiko adierazleek “hobekuntza txikia” erakusten dabe, baina horrek ez dau esan gura ez dagozala “oso txarto pasaten ari diran” pertsonak. Horreengan, “pertsonengan” arretea jartea benetako “lehentasuna” da Gobernu honentzat. Helburua, 2016ko aurrekontuak, Gobernu zentralak indarrean jarritako erreformak dirala eta ongizate estaduan sortu diran murrizketei aurre egiteko “euspeneko hormea” izatea da.
Totorikak adierazo dauenez, aurrekontuak ez ditu gainditzen, Gobernu honen eta bere aurrekontuen aldeko apustua egiteko orduan bere taldeak markatu ebazan “marra gorriak”, eta horreen artean honeek azpimarratu ditu: ekonomia eta enplegua bizibarritzeko politikak “gizartearen ikuspegitik eraginkorrenak”; industria sarea berreskuratzea, proiektu aurreratuakaz, kalidadeko enpleguak lortzeko; Bizkaiak munduan beteten dauen lekua, nazinoartekotzearen aldeko apustua eginez; barrikuntzeari eta talentuari eta ekintzailetzari emon beharreko bultzadea; eta bardintasunaren aldeko politikak.
Bozeroale sozialistaren berbetan, aurrekontuek Gobernu taldeak iruzur fiskalaren kontra aurrera daroan burrukea erakusten dabe, beste ogasun batzuekaz “koordinazino handiagoa” erakutsiz eta “kontrol handiagoagaz”. Lehen aldiz partaidetzarako formulak ezarri dira, batzarretako taldeek Bizkaiko Batzarretako webgunearen (jjggbizkaia.eus) bitartez jaso dituen “175 zuzenketa-eskeak”, adibidez.
Bere esanetan, aurrekontuek, Aldundiak garraio publikoagaz daukan konpromisoa erakusten dabe, garraio horren erabilerea eta Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritzea bultzatuz, garraio horretan “solapamenduak eta bikoiztasunak” saihestuz eta, aldi berean, “tarifikazino bakarra” bilatuz.
Totorikak kritikau egin ditu oposizinoko hiru taldeek aurkeztu dituen osotasunerako zuzenketa-eskeak, “orokorrak eta alternatibarik bakoak” diralako. “Bilatzen dabena titularrak dira”, esan dau, PP-ri eta Podemos Bizkaiari zuzenduta, batez be.
JARRERA “MAXIMALISTAK”
Kritika horreetan sakondu dau Jon Andoni Atutxa ordezkari jeltzaleak, eta oposizinoko taldeen jarrera “maximalistak” salatu ditu, ez diralako agertu Ogasun eta Finantzetako diputatu jaunak zehaztu dituan “lehentasunak” betetearen ondorioz sortu diran kontuen alde. Lehentasun horreek honeek dira: “gizarte zerbitzuei eustea, ekonomia eta enplegua bizibarritzea, Bizkaia nazinoarte mailara ataratea eta administrazino modernoa, iraunkorra, gertukoa eta gardena lortzea, lurraldearen ikuspegitik kohesino handiagoa izango dauen Bizkaia lortzeko”, beste gai batzuen artean.
Atutxak onartu egin dau aurkeztutako aurrekontuak “jarraitzaileak” dirala, bere ustez komenigarria dalako “aurrekontuaren %40 baino gehiago Gizarte Ekintzan inbertiduten jarraitzea”, eta oposizinoko taldeei, “zertan izango litzatekezan apurtzaileak” azaltzeko eskatu deutse. Holan, Podemos Bizkaia taldeari, “gastu fiskalari” jagokonez ze “kenkari eta salbuespen” kenduko leukezan azaltzeko eskatu deutso, pisu handiena PFEZ-n dagoala kontuan izanda. “Ze kenkari kenduko zeunke? Bizitzeko etxebizitzaren inbertsinoarena, urritasuna daukien beharginen hobaria, pentsino planei egiten jakezan ekarpenak, etxebizitzaren alokairua edo sindikatuetako afiliauei itzultzen jakena?”, galdetu dau.
Atutxak azaldu dauenez, aurrekontuen diru-sarreren aurreikuspena –7.437 milioi, %2,5 gehiago– “zuhurtziazko erespideagaz” kalkulau da, Ekonomia Ministerioaren zifra baikorren eta NMF-FMI-ren zifra ezkorren artean mobiduz.
PP taldeak proponidu dauen zergen jatsierari jagokonez, ordezkari jeltzaleak adierazo dau bere taldeak “ez dauela zergetan aldaketarik egiterik aurreikusten”, izatekotan be “xehetasun” txiki batzuk. “Ez doguz zergak jatsiko hauteskundeak datozalako”, erantzun deutso bozeroale popularrari, popularrak kanpainan defendiduten ari dirana aitatuz.
Holan, Atutxak apustua egin dau Bizkaiak behar besteko baliabideak izaten jarraitu daian, “nagusiei emon beharreko arreteagaz jarraitzeko, Bizkaibuseko autobusek bidaiariak garraiatu daiezan lurraldeko eskualde guztietatik, gure nagusiek ahalik eta bizitza kalidade handienagaz jarraitu daien, metroaren lanek aurrera egin daien, gure enpresek, gazteek edo 45 urtetik gorako langabetuek enplegua lortzeko aukerea izan daien”, esan dau.
EH Bildu taldeagaz “ados dago” BEZ moduko zergak arautzeko eskaria egitean, baina Aldundiak, ezkutu fiskala izenekoa dala eta “51 milioi euro parkatzen dituala” esan izana aurpegiratu deutso Urkaregiri (EH Bildu). “Foru Aldundiak zorroztasun osoz apliketan ditu Batzar honeetako gehiengoak onartutako foru arauak”, azaldu dau.
Udalek Udalkutxako fondoetatik egin behar izan dituen itzulketei jagokenez, “inori ez jakozala gustetan” esan dau Atutxak, baina hori dala arrisku partekatuko sistemeak daukana. “Ez dau emoten logikoa danik Aldundia izatea kopuru horreek bere gain hartuko dituana”. Haserre agertu da “inork ez dauelako planteau aurreikusitakoa baino gehiago batu danean –2005eko 106 milioiak, 2006ko 115 milioiak edo 2015eko 5 milioiak– diru hori Foru Aldundiaren esku geratu behar zanik”.
PP taldeak foru soziedade publikoak dirala eta egin dituan “klientelismo, entxufismo eta gardentasun faltari buruzko” salaketei jagokenez, Atutxak enpresa publikoak desagertuarazotea gura izatea aurpegiratu deutso talde horri, “enpresa horreen lekua ekimen pribauak hartu daian”.
FORU DEKRETU ARAU EMOILEA
Aurrekontuei buruzko eztabaidea bukatu ostean, Batzarrek ohiko beste gai batzuk eztabaidatu ditue. Holan, Bizkaiko Batzar Nagusiek aldeko 33 botogaz (EAJ-PNV, PSE-EE eta PP) eta 16 abstentzinogaz (EH Bildu eta Podemos Bizkaia), berretsi dabe zemendiaren 24ko 5/2015 Foru Dekretu Arau emoilea, Soziedadeen ganeko Zergaren Foru Araua aldatzen dauena, talde fiskalen finkapeneko perimetroan sartu behar diran erakundeei jagokenez.
Balizko horreetan dagozan tributu betebehar materialak eta formalak bete ahal izateko, Foru Dekretu Arau emoile horren bitartez figura berezia araupetzen da, talde fiskalaren erakunde ordezkaria zein izango dan ezarteko.
MOZINOAK
Beste alde batetik, osoko bilkurak ez dau onartu Talde Popularraren mozino bat, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egin deioen Foru Aldundiari, “balorazinoko txosten bat” egin daian, Aldundiko goi kargu bat edo Foru Erakundeak izendatutako konfiantzazko kargu bat, funtsen kudeaketan edo erakunde publikoen arloan ustelkeriagaz erlazionautako delituak dirala eta “inputauta” dagoanean. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeak ekimenaren kontra agertu dira, eta EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeak, barriz, abstenidu egin dira. Ganera, proposamen horren helburuen artean, Aldundiak Batzar Nagusiei txostenaren eukiari buruzko informazinoa emotea be baegoan.
Bizkaiko Batzarrek argi berdea emon deutsie Foru Aldundiak genero indarkeriaren kontra aurrera daroazan politikei buruzko EH Bilduren mozino bati. Mozinoak PSE-EE taldearen zuzenketa-eskea jaso dau. Abstenidu egin dan PP taldeak izan ezik batzarretako talde guztiek onartu daben ekimenak, Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun sailak bete beharreko hiru puntu jasoten ditu.
Holan, Aldundiko sail horrek “genero indarkeriaren biktimak babesteko tresnen prozedurei eta emaitzei buruzko ebaluazinoa egin beharko dau, tresna horreetan hobekuntzak lortzeko, kalidadeari eta eraginkortasunari jagokenez”. Ganera, “kontuan izan beharko ditu ebaluazino hori eta emakume erabiltzaileen eta zerbitzuan ari diran profesionalen eta eragile laguntzaileen erespideak, hirugarren sektorearen ari diranenak, batez be”. Eta emaitza eta ondorio horreek Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean aurkeztu beharko ditu.
Bukatzeko, Bizkaiko batzarrek ez dabe onartu –kontrako 33 botogaz (EAJ-PNV, PSE-EE eta PP) aldeko 16gaz (EH Bildu eta Podemos Bizkaia)– EH Bildu taldeak aurkeztu dauen mozinoa, ura “gizakien eskubidea” izendatzeko, eta Bizkaiko Batzarrak, gure lurraldean, baliabide natural horren horniduran eta kudeaketan gertau daitekean “edozelango pribatizazinoaren” kontra agertu daitezan.