Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egin dabe mobikorrentzako kargagailuak jarteko Bizkaibusen eta Bilboko Metroan
Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egin deutsie Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio Sailari, Bizkaibusen eta Bilboko Metroan telefono mobikorrak eta tabletak kargetako gailuak jarri daizan. Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztu dauen arauz besteko proposamenak EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen aldeko botoak eta EH Bilduren eta Podemos Bizkaiaren abstentzinoak jaso ditu.
Jesús Isasi batzarkide popularrak azaldu dauenez, Bizkaibuseko flota osotzen daben autobusak WI-Fi zerbitzua emoten hasi ziran. Hori dala eta, autobus barruan gero eta gehiago erabilten dira telefono mobikorrak eta tabletak. Gauza bera gertatzen da Bilboko Metroan. “Uri batzuetan, autobusetan elektrizidade hartuneak instaletako ekimenak jarri diran martxan, gailu horreek erabilten diran bitartean norberaren kableagaz gailuak kargau ahal izateko”, adierazo dau.
Joaquín Colmenero PSE-EE-ko ordezkariak bere taldea proposamenaren alde agertuko dala adierazo dau, eta Saila lehendik be aztertzen ari dan ekimena dala defendidu dau. Euzko Abertzaleak taldeko Unai Lermak defendidu dauenez, beste linea batzuetan behar dan moduan funtzionetan ari dan neurria da. “Hori dala eta, idea egokia iruditzen jaku Bizkaibuserako, eta beste garraio batzuetan ezartea positiboa dan ala ez be aztertu daiteke”.
EH Bildu abstenidu egin da, bere ustez gai horrek “zehaztasun handiagoa behar dauelako”. Podemos Bizkaia taldea be abstenidu egin da, eta talde hori “energiaren kutsaduraren ganeko azterlana” egitearen alde agertu da.
ZERBITZUA INDARTU EGINGO DA GALDAKAO-BOLUETA LANTZADERAN
Beste alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio Batzordeak ez dau onartu EH Bildu taldeak aurkeztu dauen proposamena, Galdakao eta Bilboko Metroaren Boluetako geltokia lotzen dituan lantzaderaren maiztasuna handitzeko. Arauz besteko proposamenak EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen kontrako botoa jaso dau. Talde horreek, goizeko 7:15eko eta 8:15eko zerbitzuak indartzearen alde agertu dira, eta ez goizeko 07:00etatik 09:00etara bitarteko maiztasuna, EH Bilduko Zigor Isuskiza batzarkideak proponidu dauen moduan.
Podemos Bizkaia proposamenaren alde agertu da, eta Bizkaiko Talde Popularra (PP) abstenidu egin da.
Eztabaidan, batzordeko taldeek euren desadostasuna erakutsi dabe, goizeko 7:15eko eta 8:15eko zerbitzuak indartzearen barri emoteko Sailak aukeratu dauen uneari jagokonez. Holan, neurria “elektoralistea” dala esan dau Isuskizak. Podemos Bizkaiak, Nuria Atienza batzarkidearen berbetan, “zerbitzua indartzea interesgarria dala, baina ez nahikoa”, adierazo dau.
PSE-EE-ren eretxiz, ordu biz maiztasuna handitzea, EH-Bilduk proponiduten eban moduan, “alperrik galdu ezin daitekezan baliabideak alperrik galtzea” izango litzateke. Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeko Mikel Bagan batzordekideak txosten teknikoan oinarritu behar dala esan dau. Txosten horretan, goizeko 7:15eko eta 8:15eko zerbitzuetan ez dala eskintzen erosotasun maila egokia, eta zerbitzu horreek “indartu egin behar dirala” esaten da.
PP taldeak, bere aldetik, linea hori “burubakokeriaz betetako kontua dala, eta bere etorkizunak justiziaren esku jarraitzen dauela”, esan dau.
AHO BATEZ ONARTU DA MARKESINEI BURUZKO TXOSTENA
Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe Bizkaibuseko markesinei buruzko txostena. Gai horri buruzko arauz besteko proposamena Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztu dau, baina aldatu egin da, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek batera aurkeztu daben zuzenketa-eske baten bitartez.
Batzarretako talde guztiak, argi gitxi daukien eta eraso sexista posibleen aurrean puntu baltz bilakatu daitekezan markesinen egoerea aztertuko dauen txostenaren alde agertu dira.
Unai Lerma batzordekide jeltzaleak adierazo dauenez, “egoerea ezagutu ahal izateko azterlana egiteko errazoiak dagoz”. PSE-EE-ko Joaquín Colmenerok aurreratu dauenez, Saileko teknikariak txostena egiten ari dira daborduko, eta hori dala eta aurkeztu da zuzenketa-eskea.
Jesús Isasi PP-ko batzordekideak, bere proposamena justifiketako orduan, erabiltzaileentzako zerbitzu hoberena bilatzera dagoala bideratuta esan dau.
PUBLIZIDADEAREN ERRENTAGARRITASUNARI BURUZKO AZTERLANA BIZKAIBUSEKO UNIDADEETAN
Bukatzeko, Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio Batzordeak, EAJ-PNV, PSE-EE, eta PP taldeen aldeko botoakaz, eskaerea egin deutso Bizkaiko Foru Aldundiari, Bizkaibus zerbitzuko unidadeen barruan eta kanpoan publizidadea jarteko bideragarritasun eta errentagarritasuneko azterlana egin daian. Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztu dauen arauz besteko proposamenak Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen zuzenketa-eskea jaso dau.
Jesús Isasi batzordekide popularrak adierazo dauenez, kanpoko eta barruko publizidadeak, “zerbitzua hobetzen lagundu daikien diru-sarrera interesgarriak ekarri daikez”. Joaquín Colmenerok (PSE-EE) adierazo dauenez, “argi eta garbi daukagu etorkizun laburrean Bizkaibuseko unidadeek publizidadea eroango dabela”.
Unai Lermak (EAJ-PNV), aurretik linea guztietan errentagarritasunari, barruan publizidadea jarteko alternatibei eta publizidadearen eta Bizkaibusen marka korporatiboaren arteko bizikidetzeari buruzko azterlana egiteko beharra defendidu dau.
Podemos Bizkaiak, Nuria Atienza batzordekidearen bitartez, taldea abstenidu egingo dala adierazo dau, diru-sarrera posibleak non inbertiduko diran ez dakielako. EH Bilduk arauz besteko proposamen horren kontrako botoa emon dau “gure taldean ez gagozalako ados dana merkantilizeteagaz”.