AURREZ AURREKO ARRETA INDARTZEKO ETA ADINEKOEI KOMISINOAK KENTZEKO ESKATU JAKE BANKU-ERAKUNDEEI
- Bizkaiko Pentsinodunen Mobimenduak agerraldia egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta zortzi eskaera zehatz batzen dituan dokumentua aurkeztu dau, besteak beste, egoera zaurgarrian dagozan personek kostu bako kontuak edegi ahal izatea.
- Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeak Sandinderi herri-plataformaren eskariak entzun ditu. Plataforma horrek kritikau egin dau Batzar Nagusiek epai judizial batean oinarrituta Abiñako lurrak Busturiari “entregetea”, Sukarrietako bizilagunentzat “bidebakoa” eta “moralbakoa” dalako.
(Bilbon, 2022ko martiaren 11n). Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeak Bizkaiko Pentsinodunen Mobimenduko eta Sandinderi herri-plataformako (Sukarrieta) bozeroaleak hartu ditu gaur. Pentsinodunen kolektiboak barriro be adierazo dau ez dagoala konforme adinekoek banku-bulegoetan kudeaketak egiteko dituen gaiztasunakaz. Kexa hori herrialde osoan zehar bideratzen ari dira hainbat erakunderen aurrean. Oraingo honetan, bankuei aurrez aurreko arretea hobetzeko eskatzeko inplikazinoa eskatu deutse Batzar Nagusiei.
Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztu dan eta Euskal Herriko Pentsinodunen Mobimenduaren babesa dauen dokumentuak zortzi eskari zehatz jasoten ditu. Horreen artean, “lanaldi osoan” aurrez aurreko arretea bermatzeko eskatu deutse banketxe guztiei, eta “itxarongelak jarteko, jentea kalean egon ez daiten”. Modu berean, egoera zaurgarrian dagozan personek komisino bako kontuak edegi ahal izatea eskatu dabe, eta 65 urtetik gorakoei zordunketa-txartelak “doban” emoteko, saldo jakinik barik, gitxieneko erabilera-zenbateko barik edo antzeko produktu barik.
Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordean parte hartu daben kolektiboko hiru ordezkariek, Mª Begoña Mezo Basarasek, José Carlos Ruiz Garrok eta Juan José Aramburu Rojasek, sektore horren “egiteko publikoaren eta egiteko pribaduaren arteko bereizketea egiteko” eskatu dabe, bankuek emoten dituen zerbitzu “asko” zerbitzu publikoak diralako. “Banka publiko bat sortzea” be planteetan da, eta etxebizitza publikoa sortzeko politikea jarri da adibide moduan.
Pentsinodunen Mobimenduak eskaera horreek osoko bilkuran berresteko eskatu deutse Batzar Nagusietako taldeei, baita euren ustez “larriak” diran beste gai batzuk be, horreen artean herrietan banku-sukurtsalak eta kutxazainak ixtea edo dirua aterateagaitik komisinoa ordaintzea. Euren eskumenen esparruan, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaera horreek lurraldean finkatuta dagozan erakundeei helarazotea eskatu dabe.
ABIÑAKO SAN ANTONIO ENKLABEA
Bestalde, Sandinderi herri plataformak Batzar Nagusietako taldeei eskatu deutse osoko bilkuraren erabagia “zuzendu” daiela eta Bizkaiko Batzar Nagusiek 2017ko otsailean onartu ostean behin betiko Busturia izatera igaro zan Abiñako San Antonio auzoa Sukarrietari bueltau deioela.
Sukarrietako auzotarren plataforma horrek Batzar Nagusietako taldeei azaldu deutsenez, euren ustez Abiña auzoa Sukarrietako parte da, jatorrian bertan egiten ziralako udalbatzak XVIII. mendearen amaierara arte, eta hor egoalako Sukarrietako parrokia (garai haretan Pedernales), herriaren jatorria.
Une honetan Busturikoak diran eta izen bereko hondartzea eta BBKren Urdaibai Zentroa hartzen dituen lurren ganeko eztabaida orain dala hamar urte baino gehiago hasi zan. Azkenengo kapituluetako bat orain dala urtebete gertatu zan, Auzitegi Gorenak auzibidea ixtea erabagi ebanean, Sukarrietako Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren (EAEAN) epaiaren kontra jarritako kasazino-errekurtsoa ez ebalako onartu. Epai horrek ezetsi egin eban Bizkaiko Batzar Nagusiek Abiña auzoa Busturian integretako hartutako erabagiaren kontra udalerri horrek jarritako administrazinoagazko auzi-errekurtsoa.
Bizkaiko Batzar Nagusietara Isabel María Mareo Ugarte, María Jesús Learreta Jauregizar eta Jaime Orueta Bascaran joan dira, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai hori “faltsukeria” batean oinarrituta dagoala frogetako. Aldundiak enklabetzat jo eban Abiña, eta horrek epai “bidebakoa” eta “arbitrarioa” emotera bultzatu eban auzitegia, Oruetak esan dauenez. Are gehiago, Aldundiak “muga bat asmau dau” Sukarrietako lursaila izandakoa Busturian sartzeko, eta justiziari “ikusarazo deutse” auzitan dagoan lurra itsasoa dala, “existiduten ez dan enklabe bat ezin dalako desegin”.
Oruetak erronkea bota deutse Batzar Nagusietako taldeei, “etikoa ez dan” eta agindu “faltsotuakaz” emon dan epaian oinarritutako erabagia “konpondu” daien. Soluzino moduan bide bi ikusten ditue: Batzar Nagusietako osoko bilkuran zuzenketea egiteko akordioa edo lurralde-mugak arautzen dituan Foru Arauaren aldaketea. Epai judiziala irmoa dan arren, Oruetak uste dau atzera bota daitekela, aurkeztutako frogak “faltsoak” diralako. “Guk, alkarte moduan, burrukan jarraituko dogu”, esan dau.