Bizkaibusek, bere 81,4 milioi euroakaz, Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio sailaren aurrekontuaren erdia jasoko dau
2016ko Bizkaiko Aurrekontu proiektua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean azaltzeko hirugarren jardunaldia. Oraingo honetan, Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio diputatua Ekonomia eta Ogasuneko Batzordera joan da, bere sailak datorren urtean erabiliko dituan 155,7 milioi euroen (beharginen gastuak aparte) nondik norakoa zehazteko. Aurrekontu hori 2015ekoa baino %2,8 handiagoa da. Diputatuaren berbetan, kontu horreek bat datoz foru erakundeak arlo horretan dituan ildo estrategikoakaz, hau da, “gardentasunagaz, eraginkortasunagaz eta herritarrengandik gertu egoteagaz, eskualdeen garapenagaz eta mobikortasun iraunkorragaz”. Bizkaibus zerbitzuari eusteak bakarrik –81,47 milioi euro–, aurrekontuaren erdia baino gehiago eroango dau, eta beharginen kostuak kontuan izanda, aurrekontu hori 162,2 milioi eurokoa izango da.
Beste gauza batzuen artean, diputatuaren esanetan, Aldundiak garraio publikoaren arloan dituan lehentasunak jasoten ditu aurrekontuak. Milioi asko eskatzen dituan esfortzu hori, Bizkaibusen foru zerbitzuari eusteko eta “hobetzeko” balio izateaz gain, Bilboko Metroaren 1. eta 2. lineatan inbertsinoak egiteko eta, datorren urtean lur azpiko trenbidearen 3. linearen eregite lanak bukatzeko erabiliko da.
Reyesek “kalidadekoa, iraunkorra, segurua eta eraginkorra” izatea gura dauen Bizkaibus garraio publiko sisteman, Aldundiak 2015ean baino “2.333.000 euro gehiago” inbertiduko ditu, batez be Ezkerraldeko eta udan Loiuko aireportura doazan zerbitzuak eta erabiltzaileari emoten jakon informazinoa hobetzen “ustiapenari laguntzeko sistemea zabalduz eta indartuz”. Reyesek esan dauenez, aurrekontuetan jasoten diran 81,47 milioi euro horreen barruan “markesina gehiago” instaletako dirua be egongo da. Bere helburua, alderdi horretan, “hornitzaile bakarragaz” behar egitea da, aurreikuspenak kontuan izanda “8.000 eta 12.000 euro arteko” prezioa izango daben babeslekuak hobetzeko, esan dau.
Trenbide metropolitarrari jagokonez, Reyesek metroaren 3. lineako lanak finantzatzeko partidak azpimarratu ditu (29,4 milioi euro), eta baita Bizkaiko Garraio Partzuergoak zentralizetan dituan inbertsinoak ordaintzera zuzendutakoak be (38,6 milioi). BGP-k jasoten dauen dirua Urbinagako trukagunea (Sestao) eta Kabiezesen azpi-estazino elektrikoa eregiteko, Urdulizen metroa lur azpian sartzeko eta Ibarbengoan aparkalekua eregiteko erabiliko da. Kopuru horretatik, 6,9 milioi, erakunde horrek sinau dituan maileguen amortizazinorako eta finantza gastuetarako erreserbauko dira.
Reyesek adierazo dauenez, “bultzadea” emongo jako Bizkaiko Mobikortasunaren Agintaritzari, eta hori Batzar Nagusien agindua dala azpimarratu dau. Helburu horretarako “203.417 euro” erreserbau dira, lehenengo azterlan juridikoak eta teknikoak egin ahal izateko. Diputatu jaunak esan dauenez, “beharrezkoa” da garraioa planifikauko dauen erakundea eratzea Lurraldean, garraio publikoaren “bikoztasunak saihesteko eta kalidadea eta eraginkortasuna hobetzeko”. Garraioaren antolaketarako bide horretan, Aldundiak “Bizkaian tarifa integrazinoa lortzeko lehenengo pausuak” emongo ditu, garraioaren arloan eskumenak dituen ganerako erakundeakaz batera, etorkizunean “ibilpide berean tarifa berberak” ezarri ahal izateko, erabilten dan garraioa bat edo beste izan arren.
LURRALDEAREN KOHESINOA
Lurraldearen kohesinoaren eta uri antolamenduaren arloan, sailaren helburu “nagusia” Bilbo Metropolitarraren Lurralde Plan Partziala barrikusteko beharrak hastea da. Dokumentu horren “izapidetzea luzea” izango da, eta bertan “ez da faltauko” herritarren partaidetzea. 2016ko aurrekontua “150.000 eurokoa” izango da. Ganera, “6.500 euro” aurreikusten dira Gernika- Markina plana bukatzeko, eta beste “20.000 euro” Balmaseda-Zalla ingurunerako. Reyesek iragarri dauenez, beste “250.000 euro” erabiliko dira Udalei euren planeamendu orokorretan laguntzea emoteko.
Beste gauza batzuen artean, Aldundiak 50.000 euro erreserbauko ditu Igorreko Paisaiaren Katalogoa egiteko eta “denpora gitxi barru” Bizkaiko landa inguruetako nukleoen inbentarioa egiteko. Kartografiara bideratutako partidea %155 handituko da eta 446.000 eurora helduko da.