Joan dan irailean La Arena hondartzan izandako isurketak "suerte txarraren" eta Muskizko udal estolderia sarean gertautako "hainbat matxuraren" ondorio izan ziran.
Joan dan irailean La Arena hondartzan izan ziran eta aldi baterako bainua debeketea eragin eben isurketak, “suerte txarraren” eta Muskizko udal estolderia sarean gertautako “hainbat matxuraren” ondorio izan ziran, María Uribe Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendari Nagusiak gaur Bilbon egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako batzordearen aurrean azaldu dauenez.
Uribe Batzorde horren aurrean agertu da eta EH Bildu taldeak La Arena hondartzan gertau zanari buruz hasera batean Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Elena Unzueta diputatu andreari zuzenduta egin eban batzorderatze eskaereari erantzun deutso. Diputatu andrea saioan egon dan arren, ezin izan dau parte hartu afonia arazo bat dala eta.
David Lopategi EH Bildu taldeko bozeroaleak, joan dan irailean, bere esanetan “Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoaren araztegian (EDAR) izandako matxurea” zala eta Muskizen izandako isurketari buruzko azalpenak eskatu ditu. Lopategik adierazo dauenez, “isurketa horreek urak eta pertsonak kaltetu ebezan”. Ingurumeneko Zuzendariak adierazo dauenez, “Salbamendu eta Sorospen zerbitzuan ez da agertzen kaltetutako pertsonarik”.
Gertaera hori egiaztau ostean, Uribek Ur Partzuergoaren txostena aurkeztu eta azaldu dau. Bertan, “Muskizeko EDAR-etik Barbadun errekara izandako isurketea eta aurrekoagaz bat datorren udal estolderia saretik iraupen txikiagoagaz izandako beste isurketa bat” jasoten dira.
Azterlanak adierazoten dauenez, “euri apur bat egin eban eta egoera arindu egin zan 6 egunen ostean, EDAR-era heltzen zan ur-emaria eguraldi sikua egoanean ohikoa zana baino handiagoa zala ikusi eben ustiapeneko beharginek”. “Ez ohiko egoera horrek bere horretan jarraitzen ebanez, errekatxoren batetik edo maila freatikotik saneamendu sarera ura sartu izanaren ondorioz zala pentsau zan”, gehitzen dau txostenak. Epealdi horretan, Barbadun errekara ur bolumenak joan ziran arren, La Arenako bainu guneko uren sailkapena ona eta oso ona artekoa izan zan.
“Hainbat ikuskapen egin ostean, arazoa butxadura batetik etorrela ikusi zan, eta hori zala eta hondakin ur gordina isurtzen zala udal estolderia saretik. Horren ondorioz hondartzako uraren kalidadea ez zan egokia bainurako”, amaitzen dau Partzuergoaren txostenak.
Bere esku hartzean María Uribek “holango gertakariei aurre egin ahal izateko herri administrazinoen aurrean ezarritako koordinazino protokoloen baliozkotasuna eta funtzionamendu egokia” defendidu ditu, eta bere eretxiz ez dira zertan berrikusi behar, EH Bilduko bozeroaleak eskatu dauen moduan. Arturo Aldecoa Bizkaiko Talde Popularreko (PP) eta Paulino Colmenero Euskal Sozialistak taldeko (PSE-EE) bozeroaleek Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Sailaren eta Ur Partzuergoaren jarduketea defendidu dabe. María Presa Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeko bozeroaleak, bere aldetik, “azpiegiturek batzuetan akatsak izaten dituela” adierazo dau, eta “holango gertakariak tratetako orduan kontu handiz ibiltzeko” eskaerea egin dau.
KLIMAREN ALDAKETEAREN KONTRAKO BURRUKEA
Ingurumeneko Zuzendari nagusiak Podemos Bizkaia taldeari erantzuteko be hartu dau parte Batzordean. Talde horrek Foru Diputatu andrearen batzorderatzea eskatu eban, bere sailak, klimaren aldaketaren aurkako burrukan “datozan hilebeteetan” hartu behar dituan neurriak azaldu daizan. Talde horren eretxiz, ekintza horreek “emisinoak murriztera zuzendu behar dira, apurka-apurka ondasun komunaren ekonomiarako trantsizinoa bilatuz”, José Angel Elgezabal bozeroaleak adierazo dauenez.
Bere azalpenean, Elgezabalek Bizkaiko hainbat proiektu eta azpiegitura kritikau ditu –Zabalgarbiko plantea, Supersur errepidea eta Abiadura Handiko Trena, adibidez– bere ustez “ingurumenaren aldetik jasanezinak eta ekonomiaren ikuspegitik bideratuezinak” diralako. Podemos Bizkaia taldeko ordezkariaren esanetan, “oso une garrantzitsuan gagoz, eta politika ekonomikoak aldatzen ez badoguz oso bide okerrean joango gara”.
María Uribek berretsi egin dau bere Sailak Klimaren Aldaketearen kontrako nazinoarteko akordioakaz eta Negutegi Efektuko gasen emisinoa murrizteko neurriakaz daukan konpromisoa, eta beste batzuen artean, garraio publikoaren eta energia barriztagarrien aldeko apustua azpimarratu dau. Gogoratu dauenez, jarduketa horreek guztiak Bizkaia 21 Foru Agendan, http://www.bizkaia21.net/index.asp, Lurralde Historikoaren eta berau osatzen daben udalerrien garapen iraunkorrerako foru estrategian, dagoz jasota.
Batzorderatzeak Klimaren Aldaketeari buruzko eztabaidara eroan dau. Arturo Aldecoa PP taldeko bozeroaleak, “María Esther Solabarrieta Ingurumeneko Foru Diputatu zan garaitik arlo horretan lortutako adostasuna” azpimarratu dau, eta Klimaren Aldaketearen kontra burrukatzeko “politika baliagarriak” proponiduteko eta aurrera eroateko beharra adierazo dau.
"HEGAZTI KANTARIEN HARRAPAKETEA"
Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako batzordeak “Silbestrismoagaz” (libre dagozan fringilidoen familiako hegazti jakin batzuk harrapatzea eta atxilotuta zaintzea, kantari izan daitezan prestetako helburuz) erlazionautako gaia be landu dau gaurko bileran, 2015-2016 denporaldian harrapaketa hori Bizkaian debekau egin dalako.
"Noiz izan da zuek libre, kalean, kardantxoria ikusi dozuen azken aldia?" galdetu dau Arturo Aldecoa PP-ko ordezkariak. Talde horrek Foru Diputatuaren Batzorderatzea eskatu dau, gai hori lantzeko. Hegazti fringilidoak apurka-apurka desagertuz doazalako bere ardurea agertu ostean, “zeozer gertatzen ari dala eta neurriak jarri behar dirala” esan dau Aldecoak.
Bere erantzunean, Lucía Isla Nekazaritzako Zuzendari Nagusiak, hegazti horreen harrapaketea debeketako neurria, Batzarretako PP taldeak, hain zuzen be, zezeilaren 24an aurkeztu eban eta EH Bildu eta PSE-EE taldeen aldeko botoa eta EAJ-PNV-ren abstentzinoa lortu eban proposamenari jarraituz onartu zan Foru Arau batean oinarrituta hartu zala gogoratu dau. Horrez gain, neurri horrek, Europar Batasuneko kide diran estaduei, Espainiako Estaduari be bai, jagoken Europako erkidegoaren erabagiari be erantzuten deutso.
Islak jakinarazo dauenez, bere Sailak, Bizkaiko hainbat alkarte “silbestristen” eta ehizakoek egindako biltzeko eskaerea erregistrau eban urriaren 21ean, eta bilerea egin eta gero horren eukiari buruzko informazinoa emongo dauela esan dau.