Aurreko Albisteak

Ana Otaduik Gernika batailoiko gudariak eta senitartekoak hartu ditu Batzarretxean

Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Gernika Batailoiko gudariak eta senitartekoak hartu ditue gaur arratsaldean Gernikako Batzarretxean. Otaduik gogoratu dauenez, gaurkoa moduko egun batean, –1936ko urriaren 7an– Jose Antonio Agirre Euskadiko lehenengo lehendakariak, karguaren Zin-Egitea egin eban, erakundeetako ordezkariak Gernika Batailoiko gudariakaz eta senitartekoakaz alkartu diran leku berean.

Batzar Nagusietako presidenteak gogoratu dau joan dan apiriletik, Pointe de Grave gudaldiaren 70. urteurrenaren oroitzarrea egin zanetik, Gernikako Haretxaren landara bat dagoala sartuta Frantziako Vendais Montalivet herrian, 40 Kota mitikoan, Carnot brigadea gudaroste alemaniar indartsuaren aurka burrukatu zan leku berean. Erregimentu Misto Atzerritar Marokoarra boluntarioz osaturik egoan, magrebekoak, somaliarrak, anarkista aragoiar eta kataluniarrak eta Gernika Batailoiko gudariak. “Gaur Gernikako Haretxaren gerizpe honetan besartean hartu gura zaitugu euskal gudarien unidade mitiko haretatik geratzen zarienok eta gazte boluntario guzti hareen senitartekook”, adierazo dau.

Gernikako Haretxaren oinordekoak zuztarrak bota ditu Medoc iparraldean, Bordeletik hur, “orain dala hirurogeta hamar urte Europa nazismotik askatzeko odol gaztez blai geratu ziran hareatzetan”. “Amets batek bultzatzen zituan, Jose Antonio Agirrek emon eutsen ametsak, hain zuzen be Euskadirentzako askatasunaren itxaropenak. Ideologia guztietako gudariak zirean: sozialistak, abertzaleak, komunistak, anarkistak, errepublikarrak, danak Gernika deiturapean. Gaurkoan, Gernikako Haretxaren itzalpean, gure eskerrik zintzoena emon gura deutsuegu zuen sakrifizioagaitik”, bukatu dau.

Gernikako Batzarretxean eskinitako omenaldiaren ostean, bertaratuak batailoiko gudarien omenezko Memorialera joan dira, eta bertan estalkia kendu jako batailoiko gudari guztien izenak jasoten dituan plakari. Eta horren ostean Gernikako Liceora joan dira, "Gernika batailioia. Askatasun esperantza" dokumentalaren estreinaldia ikusteko.

Lotutako estekak: