Ogasun eta Finantzetako diputatuak argitu dauenez, San Mames Barriko alokairua kontratuaren indarraldiaren 10 urte igaro eta gero barrikusiko da
Klausula horreetako batek eztabaidea sortu dau. Kontratuak adierazoten dauenez, Athletic Club taldeak zelaia “ia bape kostu barik” eskuratzeko eskubidea dauka, Bizkaiko Ahal Dugu taldeko Asun Merinero batzordekideak adierazo dauenez. Horri jagokonez, Iruarrizagak esan dauenez, alokairurako ezarri dan epealdia igarota, urtean 500.000 euro gehi BEZ ordainduta, Bizkaiko KPI-ri jagokon igoeragaz, Athletic Club taldeagaz sinatutako kontratuak talde zurigorriak zelaia erosteko aukerea izango dauela esaten dau, eta horren prezioa San Mames Barria soziedadearen barruan adostu beharko da. Klausula horrek esaten dauenez, aldeek (Athletic Club, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta Kutxabank) “konpromisoa hartzen dabe estadioa, ibilgetuaren balio garbiagaz erlazionauta egon beharko dan prezioan oinarrituta fede onez negozietako”, Iruarrizagak jakinarazo dauenez.
Diputatu jaunak argitu dauenez, zelaiaren eraikuntza lanak ordaintzen lagundu eben Herri Administrazinoek beste abantaila gehigarri batzuk be baditue, alokairuaz gain, espazio jakin batzuk helburu publikoetarako erabilteko eskubidea daukielako. Holan, Aldundiari jagokonez, kontuan izan beharreko beste erabilera publiko batzuk dagoz, eta diputatuak horreen balioa “1,5 milioi eurokoa” izan daitekeala, eta horren onurak Bizkaiko gizarteak jasoko dituala esan dau. Erabilera horreen artean, urtean ekitaldi handi bi egiteko estadioa oso-osorik bere esku eukitea, “palko bi eta hamar aparkaleku” lagatea eta Vip aretoaren “urteko hamar erabilera” dagoz, ekitaldi instituzionalak egin ahal izateko, “400 pertsona jasoten dituan erabilera anitzeko aretoa” erabilteko aukerea izateaz gain. Akordioaren barruan Foru erakundeak estadio barruan turismo informazino puntua zabaltzeko eta etorkizunean eregiko dan museoaren babesleen artean egoteko aukerea be jasoten dira.
Iruarrizagak, zelaiaren eraikuntzak uriari ekarri deutsazan onurak be aztertu ditu. Horreen artean, inguru horretan guztian urigintza aldeko ordenamendua egiteko aukerea, unibersidadeko zentro barriak instaletea erraztuz, eta Bilborako sarbide barriak eregitea dagoz.
Batzarretako taldeak bat etorri dira esatean, printzipioz, alokairua “merkea” iruditzen jakela, baina gurago izan dabe gai horren inguruan kontuz ibiltea eta KPEE-k San Mames Barria soziedadearen 2007 eta 2014 arteko kontuen ganean egingo dauen fiskalizazinoa egin arteko balorazinoari itxarotea. Prezio hori ez ete da merkaduko prezioa baino askoz merkeagoa? Galdetu dau Bizkaiko Ahal Dugu taldeko Asun Merinerok. EH Bilduk errentea “oso merkea” dela uste dau, eta esan dau Aldundiaren “lehentasunak” beste batzuk izan beharko litzatekezala.
Halanda be, Javier Ruiz bozeroale popularrak esan dau, beste estadio publikoakaz alderatuta, Athletic Club taldea nahiko leku onean geratzen dala, une honetan, Villarreal, Celta, Deportivo, Valladolid, Alavés, Eibar edo Bilbao Basket moduko taldeek ez dabelako inolango alokairurik ordaintzen titularitate publikoko kirol instalazinoak erabilteagaitik. Ruizek zelaiak eta Athleticek sortutako eragin ekonomikoa azpimarratu dau: eraikuntza lanetatik Bizkaira itzuliko diran “104 milioi euroak” edo Athleticen urteroko “75 milioi euroak” eta “1.800 lanpostuak”, beste batzuen artean.
Carlos Totorika PSE-EE-ko bozeroaleak, bere aldetik, alokairuaren zenbatekoa “gitxi iruditzen jakola” esan dau, baina bere eretxiz garrantzitsuak diran beste alderdi batzuk azpimarratu ditu, Herri Administrazinoek kontratuetan aseguratu dituen espazio jakin batzuen erabilera publikoak, adibidez.
IDOKI
Horren ostean, Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean, Bizkaiko Talde Popularrak, Unai Rementeria Ahaldun Nagusia bertara etorteko egin dauen agerraldi eskaerea gauzatu da, Idoki enpresak jaso ebazan diru-laguntza publikoei buruzko informazinoa emoteko. Azkenean, Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapeneko foru diputatua agertu da.
Javier Ruiz Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak adierazo dau behar bada “mesedeko tratua” egon dala enpresa horri diru-laguntzak emoteko orduan, bertako presidentea Ardanza Lehendakari ohia zalako eta merkataritza soziedadearen ahaldunetako bat haren alaba. Galdetu egin dau ea zelan dan posible likidazino egoeran dagoan enpresa batek Aldundiaren diru-laguntzak jasotea bere jarduerea aurrera eroateko, enpresea “eten barik galerak” jasaten egon arren. “Beharbada diruaren bidebako erabilteaz eta prebarikazinoaz berbetan ari gara”, salatu dauenez.
Pradalesek jakinarazo dauenez, Idokik, 2006an kosmetikaren, farmaziaren eta elikaduraren arloetan estraktu naturalak erabiltera bideratutako bioteknologia sektoreko enpresak, hainbat laguntza lerro jaso ebazan zenbait administrazinotatik, ez bakarrik Aldunditik, baita Eusko Jaurlaritzatik eta Estaduko Gobernutik be. Laguntza horreek, enpresa beharrean egon dan 7 urteetan “13 lanpostu” sortu dituan proiektu barritzailea bultzatu dabe.
Pradalesek esan dauenez, enpresak 255.000 euro jaso ebazan arrisku kapitaleko Seed Capital foru soziedadearen aldetik. Soziedade horren akziodunen artean, Aldundiaz gain, Kutxabank, Banco Santander, Banco Sabadel, Axa, Iberdrola edo El Corte Inglés moduko erakunde pribadu garrantzitsuak dagoz, beste batzuen artean. Aldundiaren ekarpena, aho batez emon eban Aldundiko 4 ordezkarik eta aitatutako erakunde pribadu horreen beste 4 ordezkarik osatutako inbertsino batzordeak.
Bigarren une batean, arrisku kapitaleko Seed Capital erakundeak, aho batez, 45.000 euroko bigarren laguntza lerroa zabaltzea erabagi eban, Idokiko arduradunek negozioa beste bide batzuetara zuzentzea erabagi ebenean, krisialdi ekonomikoa eta euren produktuak merkaduan sartzeko aurkitutako gaiztasunak zirala eta.
Foru Aldundiak emondako laguntzez gain, diputatu jaunak azpimarratu dauenez, Idokik jaso ebazan laguntzen %65 Gobernu Zentralak emondakoak izan ziran, I+G bultzatzeko plan nazionaletik urtendako “906.000” euro”.
Pradalesek eskaerea egin deutso PP-ri, ekintzaileak ez “estigmatizetako”, euren abizena eta joera politikoa dirala eta, eta, aldi berean, Seed Capitalek aurrera daroan beharra “balioan jartea” gura izan dau. 1991. eta 2014. urteen artean, soziedade horrek 84 enpresa lagundu ditu, %20 bioteknologiaren arloan. Horreetatik 31 proiektuk baino ez dabe porrot egin, eta hori “erabateko arrakastea” da, arrisku handiko inbertsinoak dirala kontuan izanda.
Pradalesek azpimarratu dauenez, euskal administrazinoek sektore horren aldeko apustua egin dabe “Biobasqueren” bitartez, eta horri esker azkenengo 15 urteetan “ereite handia” egon da, eta PP taldea kritikau dau, proiektu “bideragarriak” baino ez dirala lagundu behar eskatu dauelako. “Ez bagara arriskatzen, zelan sortuko dogu existiduten ez zan sektore bat?”, erantzun deutso Pradalesek.
Jon Andoni Atutxa jeltzaleak, PP taldeak militantzia politiko jakin bat daukien pertsonen kontra aurrera daroazan “jazarpena eta estigmatizazinoa” salatu ditu. “Frogak badaukazuz, aurkeztu egizu salaketea Fiskaltzan”, eskatu deutso, eta, aldi berean bozeroale popularraren jarrerea kritikatu dau “salatu, epaitu eta zigortzeagaitik”, errubakotasun presuntzinoa kontuan izan barik. “Beste garai batzuetako” estrategia da.
Carlos Totorika bozeroale sozialistak be kritikau dau PP taldea, “jardunbide ustelari buruzko inolango daturik” ez eskaintzeagaitik eta “oinarri bako zurrumurruak” aurkezteagaitik. Bere ustez, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua erakunde “sinesgarriak” dira, eta kudeaketa publikoaren arloan beti dago arrisku bat proiektu barritzaileak laguntzen diranean. Bere eretxiz, azpimarratzekoa da proiektua 300.000 euroko kapital pribaduagaz sortu izana, kudeaketan esperientzia eukien pertsonakaz eta teknologia propioagaz, eta banku erakundeek finantzen aldetik emondako onespenagaz.
EZEZKOA ARDANZAREN AGERRALDIARI
Atsedenaldi baten ostean, Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak ez dau onartu PP-k aurkeztu dauen proposamena, Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako Lehendakari izandakoa Batzar Nagusien aurrean agertu daiten, gai horri buruzko argibideak emoteko. EAJ-PNV-k atzera bota dau EH Bilduren eta Bizkaiko Ahal Duguren aldeko botoa jaso dauen popularren ekimena, eta PSE-EE abstenidu egin da.