Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek Foru Arau proiektu guztiak herritarren partaidetzara zabalduko ditue lehen aldiz

GERNIKA

Batzar Nagusiek beste pausu bat emon dabe herritarrengana zabaltzeko. Ehun urte baino gehiago dituan erakundearen historian lehen aldiz, bizkaitarrek, Bizkaiko Batzarretan izapidetzen diran Foru Arau proiektuen aurrean alegazinoak edo proposamenak aurkezteko modu erraza eta sistematizaua izango dabe. Bizkaiko Batzarrek “Herritarren Ataria” aktibau dabe gaur, herritarren iradokizunen sarrerako atea, Foru Arau proiektuen bultzatzaileei, hau da, batzarretako taldeei, bideratzeko, hareek zuzenketa-eskeetan sartzeko aukera izan daien.

Gura dabenak, iragarrita dagoan Gardentasunari buruzko Foru Arau proiektuaren edo, aurreikuspenak beteten badira Batzarretako izapideak urrian hasiko dituen 2016. urterako Bizkaiko Aurrekontu Orokorren ganeko ideak azaldu ahal izango ditue. Pausu horrek goitik behera aldatzen dau herritarren eta erakunde legegileetako baten arteko harremana, herritarrari aukerea emoten jakolako gizartean eragin handia daukien Foru Arauak egiteko orduan bere ideak zuzenean aurkezteko, Aurrekontuakaz gertatzen dan moduan.

Bizkaiko Batzarrek, politikea herritarrei hurbiltzeko ahaleginean, joan dan martian, aurreko agintaldiko azkenengo osoko bilkuran aho batez onartu zan bere Arautegi barrian, bakarka edo taldeka Foru Arauetan aldaketak proponiduteko aukerea emongo dauen ibilpide orria ezarri eben. Ekimen horrek gardentasunerako eta partaidetzarako bidea marketan dau Bizkaiko Batzarretan, herritarrek eurentzat interesgarri diran arazoentzako erantzuna jaso daien agintari publikoen aldetik.

Herritarrek Aurrekontuen proiektuan izan daikien partaidetzea 115. artikuluak araupetuten dau. Foru Arau proiektua onartzean, Mahaiak “Batzarretako webgunean iragarki bat jartea erabagi eta proiektu hori herritarren esku jarriko dau”. Batzarrek “10 eguneko epea zabalduko dabe, Aldizkari Ofizialean argitaratzen danetik idazkaritza nagusian alegazinoak aurkezteko, norbanakoek euren aldetik edo alkarteen edo erakundeen bitartez”. Idazkaritza nagusiak atoan bideratuko deutsez aurkeztutako alegazinoak batzarretako taldeei.

Partaidetza hori 137. artikuluan be agertzen da. Oraingo honetan, aurrekontuen izapidetzerako aipamen berezia egiten da. Kontu publikoak azterketa fasera ailegetan diranean, “herritarrek, alkarteek eta gizarteko ganerako erakundeek” 10 eguneko epea izango dabe alegazinoak eta proposamenak aurkezteko, eta horretarako formulario eredu bat prestauko da. Eredu hori webgune instituzionalean (jjggbizkaia.eus) eta paperean, Batzar Nagusien administrazino egoitzan (Hurtado de Amezaga kalea, 6) dago gaurtik aurrera.

Datuak emon eta gero (izena, helbidea, telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa), erabiltzaileak, une horretan Batzarretan izapidetzen ari dan Foru Arau proiektuaren ganean aurkeztu gura dituan proposamen guztiak aurkeztu ahal izango ditu. Plataforma horren helburua herritarren eretxiak Bizkaiko ordezkariei heldu arazotea da, Arauen behin betiko idazketetan sartu ahal izateko. Batzarretako idazkaritzak batzarretako taldeei bideratuko deutsez alegazinoak eta proposamenak, behar dan moduan sailkatuta, eta horren barri emongo deutso Mahaiari.

Lotutako estekak: