Pradalesek adierazo dauenez, Autzaganeko obrak bukatzeko egin dan 21,9 milioi euroren lizitazinoak ez dau inolango gain-kosturik eragingo
Foru Aldundiaren esku dagoan Interbiak soziedadeak baliorik barik itzi dau zazpi enpresak -Sacyr, Mariezcurrena, Bycam, Viconsa, Cavosa, Zubieder eta Febide- osatutako Autzagane ABEE-gaz eukan kontratua, Urdinbideko tunelen hondeaketa lanak geratuz egindako “ez betete larriarengaitik”. Pradalesk adierazo dauenez, ekainean egiaztau ahal izan eban Aldundiak geratze hori, eta ordutik aurrera, beharrak “ahalik eta arinen” barriro hasi ahal izateko beharrezkoa dan administrazinoko makineria martxan jarri eban. Saihesbidea errematetako hasera batean aurreikusitako burutzapeneko epea “25 hilebetekoa” izango da.
Foru diputatuak esan dauenez, ABEE-ak adierazo dau ezin dituala bere gain hartu hondeaketa proiektuaren ingurumen arloko eskakizun teknikoetatik sortutako kostu altuak. Eskakizun horreen artean lur-azpiko akuifero baten ganeko neurri zuzentzaileak egozan. Pradalesek azaldu dauenez, eginbehar horreek haserako proiektuan islatuta egozan daborduko. Aldundiko arduradunak iradoki dauenez, ABEE-ak beharrak itzi behar izatea, ABEE-aren beraren “kalkulu akats” baten ondorioa izan da, baldintzen pleguan “zehaztasun osoz jasoten ziralako kontratistarentzako egon eitekezan arriskuko transferentziak”, eta horreen artean “baldintza geoteknikoen, geologikoen edo hidrologikoen ondoriozko hazkundeak” aitatu ditu.
Pradalesek batzarretako taldeen aurrean esan dauenez, ez da beharrezkoa ingurumen eraginari buruzko txosten barririk egitea Urdinbideko tuneleko beharrek jarraitu ahal izateko. 693 eta 695 metro dituen “hodi” bietako metro guztietatik 62 eta 63 metro geratzen dira hondeatzeko, hurrenez hurren, eta, beste ataza batzuen artean, “tunelaren erdia eta espaloi eta bide instalazino guztiak” estaltzea be falta da. Kanpoko beharrak ia guztiz amaituta dagoz.
Neurri konpensatzaileengaitik galdetuta, Pradalesek adierazo dau ABEE-ak kontratuaren baldintzen pleguan jasoten diran penalizazinoei egin beharko deutsela aurre. EH Bilduk zehaztu dauenez, penalizazino horreek “12.000 eurokoak” izan beharko litzatekez obra geldik egon dan egun bakotxeko.
OPOSIZINOAREN ZALANTZAK
Autzaganeko beharren jarraipenari buruzko azalpenak emoteko Pradales Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etortea eskatu dauen EH Bilduko Batzarretako Taldeak esan dauenez egoerea “larria” da, herritarrek jasan beharko daben atzerapena dala eta, eta zalantzan jarri dau orain beste enpresa batzuek lizitazino barrian parte hartu gura izatea.
PP taldeak, enpresa berberak lehiaketa barrira aurkezteko aukerea izango daben ala ez galdetu dau. Jesus Isasi batzordekideak uste dau sailak, beharbada, “akats” bat egin dauela eraikuntza proiektuan, baina diputatuak ezetz erantzun deutso.
Bizkaiko Ahal dugu taldeak egin dituan kalkuluak kontuan izanda, obrak hauteskundeak baino apur bat lehenago bukatuko dira, eta ea hori kasualidadea ete dan galdetu dau. Batzarretako talde horrek eskaerea egin dau, ingurumenagaz erlazionautako alderdiak be jasoko dituan kostuen amaierako auditoria egin daiten. Pradalesek esan dauenez, fiskalizazino behar hori ez da beharrezkoa izango, bere unean Kontu Publikoen Euskal Epaitegiak egingo dauelako. Dana dala, oposizinoko taldeak bat etorri dira, azalpenak “berandu” ailegau dirala esatean.