Aurreko Albisteak

Teresa Laespadak bere gain hartu dau Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun sail barria, inor "atzean, baztertuta edo kanporatuta" geratu ez daiten konpromisoagaz

Batzordea

"Inor ez daitela atzean, baztertuta edo kanporatuta geratu”. Hori da gaur Batzar Nagusien aurrean, berak eskatuta, bere Sailak Agintaldi honetarako dituan ildo estrategikoak aurkeztu dituan Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatu Teresa Laespada Martínez andrearen helburu nagusia. Batzordean egin dauen agerraldian Foru Diputatu barriak, “garatuz doazan politiken etenbako azterketarako eta ebaluazinorako mekanismoak” apliketako asmo garbia adierazo dau.

Bere agerraldiaren hasieran, Laespadak genero indarkeriaren biktima diran emakumeak eta aste honetan Somalian izandako trafiko istripuan hil dan Nerea Pérez Arrospide kooperante bizkaitarra gogoratu ditu. Alkartasunezko berbak zuzendu deutsez errefuxiatu siriarrei eta “gatazkan dagozan beste leku batzuetako milioika pertsonei”. Arlo horretan, adierazo dauenez, Aldunditik “lankidetzan eta beharrean ari gara giza krisialdi horreei erantzuna emoteko”, eta denpora gitxi barru Batzordearen aurrera etorriko dala barriro iragarri dau “aurrera eroaten ari diran ekintzen barri zehatza emoteko”.

Sailaren osaketari jagokonez, hiru zuzendaritzek (Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna eta Lankidetza) “desbardintasunari aurre egiteko politiken ikuspegi zeharkakoa eta osagarria osotzen dabe, eta horretarako beharrezkoa da krisi ekonomikoaren ondorioz egoera larrienean dagozan pertsonei arreta integrala eskintzea”.

Lanbideren azkenengo zifrek erakusten dabenez Bizkaien, Ezkerraldean, Bilbon eta Enkarterrin, batez be, 87.334 langabetu dagozala gogoratu eta gero, Laespadak egoera horri, gazteen langabeziari eta iraupen luzekoari eta gizartetik baztertuta geratzeko arriskua daben pertsonei jagokenari, batez be, aurre egiteko eta datu horreek murrizteko hainbat jarduketa iragarri ditu. Diputatu andreak auto-enpleguaren aldeko apustua azpimarratu dau, kalidadeko enplegurako bideak behar dauen jarraipena eta laguntza ziklo osoa jasoten daben foru dekretuen bitartez, Behargintza izenekoak moduko tokiko eragileen laguntzagaz. Beste leku batzuetan arrakastaz gauzatu diran “Enplegu lantzaderak” izeneko programa barria be iragarri dau. Programa horretan talde lana egiten da coach batekin, lan munduan sartzeko helburuz, norberaren kontura edo beste batzuen kontura.

Gizarte Zerbitzuen arloan, Laespadak bere ardurea erakutsi dau etxebizitzatik kanpoko egoera larrian dagozan pertsonak dirala eta, eta horren aurrean gainerako herri administrazinoakaz lankidetzan aurrera eroan beharreko erantzuneko estrategia proponidu dau. Intsertzinoaren arloan, gizarte politiken helburua gizarte eta lan arloko intsertzinoa izango dala zehaztu dau. Ganera, batez be egoera txarrenean dagozan familiei zuzenduta egongo diran gizarte barrikuntza programak be iragarri ditu.

Gizonen eta emakumeen arteko bardintasunari jagokonez, diputatu andreak ko-hezkuntza, prebentzino, maskulinitate barri, mikromatxismoen bazterketa, enpoderamendu eta eraso matxisten biktimei emon beharreko arreta politikak planteau ditu. Holan, denpora gitxi barru indarrean jarriko dan eta “gai hori agenda politikoaren lehenengo lekuan jarriko dauen eta gizonen eta emakumeen arteko aukera bardintasuna zeharkakotasunetik, alkarren arteko erantzukizunetik eta kontziliazinotik, enpoderamendu eta balio aldaketatik eta genero indarkeria guztiz baztertzetik landuko dauen” Bardintasunerako Foru Arau Proiektua iragarri dau.

Garapenerako Laguntzari jagokonez, Teresa Laespadak azaldu dauenez, “beharrezkoa izango da 2016an Plan Zuzendaria barriztetea eta tokiko erakunde publikoen arteko lankidetza teknikoaren aldeko apustua egingo dauen Foru Dekretu barria onartzea, etorkizunean Aldundiaren aurrekontuaren %0,7ra heltzeko konpromisoa ahaztu barik”.

Laespadak ekonomia solidarioaren aldeko apustua be azpimarratu dau, “Foru Aldundiak, merkataritza zuzenaren, ekonomia solidarioaren edo banka etikoaren arloetan erakunde eredugarria izan behar dauela uste izatean oinarritua".


ESKUA LUZATUTA OPOSIZINOTIK

Batzarretako talde guztiek eskua luzatu deutsie Foru Diputatu barriari, Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun batzordearen aurrean egin dauen esku-hartzea entzun ostean, baina zalantzaren bat be planteau jako eta informazino gehiago eskatu jako.

Eduardo Andrés Bizkaiko Talde Popularraren (PP) bozeroaleak urritasuna daukien pertsonen ganeko ardura bideratu deutso Diputatu andreari, lurraldean dagozan zentro okupazionalen funtzionamenduari buruzkoa, zehatzago esanez. Langabezian dagozan pertsonei zuzendutako prestakuntza plan indibidualizatuei buruz be galdetu deutso, bere eretxian “ez dabelako emaitzarik emoten”.

Asun Merinero Bizkaiko Ahal Dugu taldeko ordezkariaren eretxiz, Sailaren eta Sailak aurrera eroaten dituan politiken arrakastea “aurrekontuen araberakoa izango da”, eta hori dala eta, eskaerea egin deutso Diputatu andre barriari, “aurrean daukan eginbehar handiari aurre egin ahal izateko eta eginbehar guztiak beste ahal izateko, ahalik eta diru gehien lortzeko egin beharreko guztia egin daian, eginbehar asko ditualako”.

Alexia Castelo Socialistas Vascos taldeko bozeroaleak, bere aldetik, “pertsonentzat pentsautako zeharkako politiken aldeko apustuan sakontzeko” beharra azpimarratu dau eta, hori dala eta, erakundeen arteko lankidetza handiagoa eskatu dau.

EH Bilduko Batzarretako taldeak be “laguntzeko eta ekarpenak egiteko” asmoa adierazo dau, “modu positiboan beti be”, David Lopategi ordezkariak esan dauenez. Dana dala, “zehaztasun handiagoa” eskatu deutso diputatu andreari. Ganera, bere zalantzak agertu ditu, “Gizarte Ekintza eta Ekonomiaren Sustapena moduko Aldundiko beste sail batzuekaz izan beharreko koordinazinoaren inguruan”.

Bukatzeko Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeko Ana Esther Furundarena ordezkariak be bere laguntzea agertu deutso Diputatu andre barriari etapa barri honetan, enplegu politiketan batez be, bere eretxiz “horreek diralako pobrezia eta gizarte bazterketa egoerei aurre egiteko tresna hoberenak”.


IRENE EDESA, BATZORDEKO IDAZKARIA

Saio berean, EAJ-PNV-ko Irene Edesa Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun batzordeko idazkari aukeratu dabe, bere alderdiaren eta PSE-EE-ren aldeko botoakaz. Bizkaiko Ahal Dugu taldeko eta PP-ko ordezkariek boto zuria emon dabe, eta EH Bilduko hiru ordezkariek ez dabe parte hartu bozketan.