Bizkaiko Errepideen hurrengo Lurralde Sektore Plana definitzeko Batzar Nagusietan Txosten bat prestatzearen aldeko apustua egin dau Pradalesek
Datozan lau urteetarako “proiektu estrategikoen” artean, Aldundiko arduradunak, Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Lurralde Garapenerako Batzordearen aurrean egin dauen agerraldian, Energy Intelligence Center (EIC) izenekoa martxan jartzea eta Estadu osoko eta “ziurrenez Europa osoko” lehenengo “crowdfunding” plataforma publikoa sortzea azpimarratu ditu. Ganera, Aldundiak inbertsinoak eta talentua erakarteko “eskaintza integrala” eregitean zentrauko ditu bere esfortzuak, “Doing Business in Biscay” izeneko zerbitzuaren bitartez, eta “lehen aldiz” enpresen inbertsinorako, barrikuntzarako eta nazioartekotzerako laguntza integraua bideratuko dau, “3i programaren” bitartez.
Proiektu estrategikoak baztertu barik, Pradalesek Elkarlanean izeneko programea barriro diseinauko dala azaldu dau. Enpresa txikien eta ertainen hazkunderako eta enpresen arteko lankidetza zabaltzeko aukerea emongo dauen programea da, bere berbetan arlo hori gure Lurraldeak daukan “gabezia” dalako; eta, horrez gain, “Be Basque Talent Network” plataformea bultzatuko da, talentua, enpresak eta Lurraldea erlazionetako. Sailak ez dau Bizkairen proiekzino turistikoa ahaztuko, Bilbao Bizkaia Be Basque estrategiaren bitartez.
“Zeharkako” izaerea daukan Sail barriak alkarren artean erlazionautako hiru sail handi izango ditu (Enpresen Sustapena eta Ekonomiaren Garapena, Kanpoko Sustapena eta Turismoa eta Azpiegiturak eta Lurraldearen Garapena), eta lan “proaktiboa” egingo dau ekonomiaren berreskurapenean eta “kalidadezko enpleguaren” sustapenean.
Holan, Diputatuak, Sailaren lehentasunak bost ardatz nagusi handiren inguruan egituratu ditu. Ardatz horreek kanpoko proiekzinoa, ekintzailetzea, industria eta lehiakortasuna, talentua eta lurraldearen orekea batzen ditue. Ardatz horreen helburuak Bizkaia leku “erakargarri” moduan erakustea, “enplegu koalifikatua eta kalidadezkoa” sortuko daben enpresa barritzaileen sorkuntzea sustatzea, edo industria Bizkaiko nortasun zeinu moduan errebindiketea eta Lurraldeko lehentasunezko sektoreen, Automobilgintzaren, Aeronautikaren, Energiaren edo Osasunaren, aldeko apustua egitea dira.
Beste ardatz batek, kultura zientifikoaren eta teknologikoaren hedapenagaz hasten dan eta, talentua sortzetik igaroz enpresan integretean bukatzen dan prozesua osatzeko hainbat jarduketa eskatzen ditu. Eta bosgarren eta azken jarduketa ardatza, lehiakortasunaren hobekuntzan, enpleguaren sorreran eta lurraldearen orekaren egituraketan eragina izango daben azpiegituretan inbertitzea izango da.
BATZARRETAKO TALDEAK
Batzarretako talde batzuek sail barriaren “muskulu indartsua” aitortu dabe, bertan alkartu egingo diralako lehengo Herri Lanetako eta Ekonomiaren Sustapeneko sailek eukiezan eskumenak. Jesús Isasi PP-ko ordezkariak hurrengo aurrekontuetan programak zelan zehazten diran ikusi arte itxarotea gurago dauen bitartean, PSE-EE-ko Joaquín Colmenerok, printzipioz, “partiturea gustukoa” dala adierazo dau.
Halanda be, Bizkaiko Ahal Dugu taldeak, lehentasunen aurkezpenean turismo jasangarriari eta bidegorrien eregiteari buruzko aitamenak falta izan dirala esan dau. Batzordeko eguneko gai zerrendaren lehen puntuan Idazkari barri aukeratua izan dan Neskutz Rodríguez bozeroaleak bere kexea azaldu dau, laguntza publikoak emoteko orduan larregizko “burokratizazinoa” dagoala eta. “Gaiztasunak dagoz laguntzak eskuratzeko”, esan dau.
Joseba Gezuragak (EH Bildu) bere aldetik, beste “gabezia” batzuk adierazo ditu sailaren lehentasunetan, eta horreen artean enplegu planak –orain beste sail baten esku dagoz–, barrikuntzak Bizkaien bizi dauen “estankamendua” zuzentzeko modua, Aldundiaren esku dagozan industriaguneen larregizko prezioa edo Supersur izeneko errepidearen erabilera handitzeko eta kostua murrizteko “talka plan” baten burutzapena aitatu ditu.
Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarrari jagokonez, Pradalesek azpimarratu dau beharrezkoa dala A-8 errepideko trafikoa murrizteko baliagarria izan dan azpiegiturea“balioan jartea” eta “epe luzean gizartean izango dauen errentagarritasuna” kontuan izatea. Industriaguneei jagokenez, Aldundiaren esku dagozan lurzoru publiko “industrialak eta urbanizatuak” “gitxi” dirala adierazo dau diputatu jaunak. Halanda be, lurzoru publiko batzuetan egin dan “prezioen moldaketeak” inbertsino batzuk posible egin ditu, “200 lanpostu” sortu dituan Sestaoko Precicast-en gertatu dan moduan.