Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek batzar-egutegi zabalagoa izango dabe agintaldi honetan

Gernika

Joandako martian onartu zan Batzar Nagusien Araudi barriak ekarri dauen lehenengo ondorioetariko bat izan da lagebatzar jarduerea ugaritu egingo dala hasi barri dan agintaldi honetan zehar. Mahaiak hartu dauen lehenengo erabagietariko bat izan da Osokoen egutegi ofiziala jartea. Abuztuan izan ezik, Bizkaiko legebatzarra gitxienez hilean behin batzartuko da hiru egoitzetarikoren baten —Gernika, Gerediaga, Abellaneda—. Horrezaz ganera, batzarkide-taldeek edo Aldundiak aurkeztu daizan ekimenen arabera, batzar gehiago egin ahal izango dira, esate baterako Aurrekontu orokorrei buruzko eztabaidetarako edo Ahaldun Nagusiaren urteroko adierazpen publikorako.

Daborduko eratuta dagoz Batzar Nagusiak, Ahaldun Nagusia hautatu da eta, uztailaren amaiera honetan, batzordeak eratu dira. Halanda ze, aurreikusita dagoan lehenengo Osoko arrunta irailaren 23an izango da, eguaztenez. Osokoak hilero egingo dira, beti azken asteko eguaztenetan. Hortaz, Osoko Batzarrak izango dira urriaren 21ean, azaroaren 25ean, abenduaren 23an, urtarrilaren 20an, otsailaren 24an, martiaren 23an, apirilaren 20an, maiatzaren 25ean, ekainaren 22an eta uztailaren 20an.

Behin behineko egutegi horretan aldaketak izan leitekez eta, alderdi politikoek aurkeztutako ekimenek holan eskatzen badabe, Osoko Batzar gehiagotarako deiak egin beharko dira. Emoten dau Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak gehiagotan be deitu beharko deutsela 51 batzarkideei, kontuan izanik agintaldion bost batzarkide-talde izango dirala, aurrekoan baino talde bat gehiago, Podemos Bizkaia taldea batu jakelako aurreko agintaldian jardunean ziran beste lauei: Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV), EH Bildu, Euskal Sozialistak (PSE-EE) eta Bizkaiko Talde Popularra (PP).