Aurreko Albisteak

Gernika eta Polonia bateginik, memoria historikoaren alde

Nazismoaren eta estalinismoaren aurkako erresistentzia poloniarreko mugimentu nagusien ordezkariak izan dira Gernikako Batzarretxean arrasti honetan. Tomasz Otrebski-k eta Robert Springwald-ek memoria historikoa berreskuratzeko lanetan dihardue Polonian. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak harrerea egin deutse Bizkaiko legebatzarraren egoitza nagusian.

Otrebski jaunak (Tadeusz Kosciuszki Heroiaren Fundazino Historikoaren presidentea, Kulturaren Nazino Merezimentuko Kurutzearen jabea eta Memoria Historikoaren Jagolea da) eta Springwald jaunak (Fundazino horren presidenteorde eta Krakoviako Armia Krajova (AK) —Bigaren Mundu Gerran erresistentzia poloniarreko gudarostea—Museoko historialaria da) Gernikan egozala-ta, bisitaldia aprobetxatu gura izan dabe eta omenaldia egin deutse totalitarismoaren biktimei. Gernikako Haretxaren gerizpean, eskaintza egin dabe alkarrizketaren eta herrien arteko adiskidetzearen alde, belaunaldi barrietan tolerantzia suspertzearen aldeko apustua eginez.

Asociación Pro Tradición y Cultura Europea (APTCE) deritxanak konbidaturik etorri dira Euskadira. Alkarte hori Europako Batasunean erakundeak senidetzea bultzatzen dauen kultura-plataformea da. Euskadin zehar egin daben ibilbidean, Gernikako Batzarretxeko Ohorezko Liburuan sinatu ostean, lan-jardunaldia izan dabe Bakearen Museoan eta Sabino Arana Fundazinoan.

Topaketa horreek, bada, Tadeus Kosciuszki Fundazinoagaz eta Krakoviako Armia Krajova (AK) Museoagaz loturak sendotzearen aldeko apustuaren esparruan kokatu behar ditugu, memoria historikoa berreskuratzearen arloan Polonian pisu handiko erakundeak dira-ta.

Topaketa horretan izan da be Asociación Pro Tradición y Cultura Europea (APTCE) deritxanaren presidentea, Enrique de Villamor y Soraluce bizkaitarra hain zuzen. Villamor jauna Poloniako Kultura Merezimentu Nazionaleko Kurutzeagaz eta SZZAK-ek (erresistentzia poloniarra) emondako Merezimentuaren Kurutzeagaz saritua izan da. Bera izan da lehen topaketa honeen bultzatzailea, Bizkaia eta Polonia zuzenean lotzen dituen kultura eta historia biren arteko lankidetza, zabalkundea eta sustapena helburu dirala.