Aurreko Albisteak

Enkarterrietako Museoak 20. urteurrena ospatzen dau eskualdearen itsas-munduari buruzko "IN INSULA MARIS" izeneko erakusketeagaz

Enkarterrietako Museoak 20. urteurrena ospatzen dau. Hainbat izan dira Museoak burutu dituan kultur ekimenak 1994. urtean Anton Aurre Batzar Nagusietako orduko Lehendakari zanaren eskutik inauguratu zanik hona. Eta hogei urteok ospatzeko modurik egokiena beste erakusketa bat eta beste argitalpen bat prestatzea izan da, Museoaren ikerketarako grinari jarraipena emonaz. Erakusketarako proposamena, “IN INSULA MARIS. Enkarterriko ontzi mundua: Portugalete eta Somorrostroko harana” izenekoa, abendura arte egongo da. Bertan, XIV. mendetik XIX. mendera arte eskualdeak itsasoagaz izan dauen hartuemona erakutsiko da, gauza barria gaiari jagokonez, oso gitxi ikertu dalako Enkarterriak itsasoagaz izan dauen loturea.

Bizkaiko Batzar Nagusien jabetzapeko Abellanedako (Sopuerta) Batzarretxe zaharrean dagoan erakusketa horretan, bada, Erdi Aroan hasi eta XIX. mendearen erdialdera arteko ibilibide historikoa egin ahal izango da. Portugalete, Santurtzi edo Muskizek itsasoagaz beti danik izan daben loturea galduz joan zan XIX. mendearen erdialdera arte, gizarte-aldaketea gertatu zan-eta industriaren garapenagaz batera.

Ezkerraldearen historiaren alderdi garrantzitsua, ahaztuta egoana, berreskuratzen da Enkarterrietako Museoaren ekimen horri esker. Ehundaka eta ehundaka enkarterritarrek ontzietara igon eta munduko itsasoetan zehar ibili ziran, batzuk ardura handiko karguakaz. Asko izan ziran Somorrostroko antxinako haraneko marinelak, merkatariak, kortsarioak, almiranteak, jeneralak, itsasoko eta gudako kapitainak, edo itsas-postagintzako kapitainak eta marinelak. Zerrendeak ez dauka amaierarik, ezta hareen presentzia dokumentatua daben lekuen zerrendeak be, Europa guztian eta Ameriketako kostalde atlantikoan ibili ziralako. Mendeetan zehar izan ziran Koroaren flotarik espezializatuenen eta prestatuenen artean.

Lotutako estekak: