Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusien web-gunean argitaraturik dagoz 51 batzarkideek aurkeztu dituen jarduera- eta ondasun-autormenak

GERNIKA

Gaurtik bertatik kontsultatu daitekez Batzar Nagusien web-gunean (jjggbizkaia.eus) hasi barri dan agintaldiko 51 batzarkideek aurkeztu dituen jarduera- eta ondasun-autormenak. Halanda ze, foru erakunde honen Lehendakaritzak bete egin dau Bizkaiko legebatzarraren Araudi barrian jasoriko aginduetariko bat.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakari barriak berba honeek esan ebazan ekainaren 16an kargurako hautatu ebenean: “Garai berria hasi dugu oinarri sendoen gainean. Aurreko agintaldian talde guztiek ahobatez onartutako Araudi berria daukagu. Lehen egunetik bertatik hartzen dut konpromisoa Batzar Nagusiak herritarrenganatzeko. Horren aldeko lana izango da nire helburuetariko bat. Batzar Nagusiak erakunde hurbilagoa, irekiagoa, azkarragoa eta gardenagoa izatea lortu nahi dut.". Autormen horreek argitaratzea, bada, lehen pausoa da etorkizunean indarrean egongo dan gardentasunaren ataria ezarteko.

Araudiaren 18. artikuluan arauturik dagozan jarduera- eta ondasun-autormenak bete behar ditu hautetsi bakotxak, baldin eta batzarkidetasun osoaz jabetu gura badau. Aurreko agintaldietan be betekizun hori egoan, baina oraingo barritasuna da dokumentuok publiko egin behar dirala.

Mahaiak onartutako ereduaren arabera, informazino horren edukinen barruan zehaztu behar dira hautetsi bakotxak dituan kargu publikoak, jarduera profesionalak, enpresarialak edo lanbidegaz loturikoak. Autormenean batzarkideak dituen ondasunak be zehaztu egin behar dira.

Joandako ekainaren 30ean izan zan bateraezintasunei buruzko Osoko Batzarrean onartu zan —aldeko 46 botogaz eta abstentzino bakarragaz— erespenaren arabera, ekainaren 16ko Osokoan batzarkidetasunaz jabetu zan batzarkide batek be ez dauka bateraezintasun errazoirik. Aldeko erespen horren ostean, bada, web-gunean argitaratzea etorri da.

Hemendik aurrera batzarkideen karguen eta jardueren arloetan aldaketarik izan ezkero, hilebeteko epea izango dabe batzarkideek horren barri emoteko Batzarkidearen Estatutuaren Batzordeari. Aplikatu beharreko bateraezintasunei buruzko araudiaren arabera aldaketea kontuan hartzeko modukoa bada, Batzordeak horren inguruko erespena aurkeztuko deutso Osokoari. Araudiaren arabera be, batzarkideek ondasunei buruzko beste autormen bat aurkeztu beharko dabe agintaldia amaitutakoan.

Lotutako estekak: