Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusi aukeratua
Lehenengo itzulian irabazi dan bozketaren ostean, Ana Otadui Batzar Nagusietako Presidente andreak, Foru Gobernuko arduradun nagusi izentau dau Unai Rementeria datozan lau urteetarako. Kargua itxi dauen Ahaldun Nagusiak aginte-makilea emon deutso Batzar Nagusietako Presidente andreari. Horren ostean, Batzar Nagusietako Mahaiak eta aukeratutako Ahaldun nagusiak, euren aurretik “mazukari” bi joiazala, Batzar Etxearen kanpoaldera urten dabe. Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Batzar Etxeko marketeriazko mahaiaren gainean egozan Foruen aurrean zin egin dau, Agirre Lehendakariak erabilitako zin egite tradizionala erabiliz: “Jainkoaren aurrean apalik Bizkai-lur gainean zutunik Asaba gomutaz Gernikako zuhaitzpean neure agindua ondo betetzea zin dagit”.
Otaduik aginte-makilea emon deutso tenpletean Unai Rementeriari, eta beragaz batera Gernikako Arbolaren ondora joan da. “Zuganatzen dozun erantzukizuna ohorez eta zintzotasunez beteko dozula badakigu. Beraz, hartu egizu aginte-makila hau zure karguaren ezaugarritzat”, esan deutso Bizkaiko Batzarretako presidente andreak demokraziako bosgarren Ahaldun Nagusiari. Karguan, Jose Maria Makuaren, Jose Alberto Praderaren eta Josu Bergararen ostean egon den Jose Luis Bilbaoren lekua hartu dau.
Mikel Bilbao eta Leire Requero dantzariek, Angel Gondraren eta Pili Ruizen eta Mundakako txistulari taldearen txistuen soinuari jarraituz, agurra dantzatu dabe batzar aretoaren barruan.
FORU GOBERNUA
Aginte-makilea jaso ostean, Ahaldun Nagusiak bere gobernu taldearen barri emon dau. Taldea honeek eratuko dabe: Ibone Bengoetxea, Herri Administrazino eta Erakunde Harremanetako Diputatua; Jose Maria Iruarrizaga, Ogasuneko Diputatua; Lorea Bilbao, Kultura eta Euskerako Diputatua; María Teresa Laespada, Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko Diputatua; Vicente Reyes, Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesioko Diputatua; Isabel Sánchez Robles, Gizarte Ekintzako Diputatua; Elena Unzueta, Iraunkortasun eta Ingurumeneko Diputatua; eta Imanol Pradales, Ekonomia eta Lurralde Garapeneko Diputatua.
ESKU-HARTZEAK
Gaur goizez eta arratsaldez Gernikako Batzar Etxeko areto nagusian egin dan osoko bilkurea goizeko lehen orduan hasi da, hautagai bien esku-hartzeagaz: Unai Rementeria eta Josu Unanue.
Rementeriak bakean hasten dan eta egiteko eta jokatzeko beste modu bategaz politikaren duintasuna berreskuratzeko konpromisoa daukan etapa barriaren hasierea aurkeztu dau. “Gaur atzera bueltarik ez daukan bidaia hasten dogu, Aldundi modernoagoa, hurbilagoa eta gardenagoa lortzeko. Aldaketarako bidaia”, adierazo dau.
Ahaldun Nagusia hautatzeko saioan, ekonomia berrindartzeko, kalidadeko enplegua sortzea bultzatzeko eta modu iraunkorrean eta jasangarrian hazteko erronkea gogo osoz bereganatzen dauela adierazo dau. Jeltzaleak autortu dauenez, enplegua da Bizkaiko gizartearen erronka nagusia, eta Aldundiak, lanpostuak sortzeko aukerea emongo daben erabagiak lagundu, babestu eta erraztuko dituala azpimarratu dau. “Bizkaiak –azpimarratu dau– egonkortasuna eta ziurtasuna eskintzen ditu, gorabeherez beteta dagoan ingurunearen aurrean. Bizkaia egonkortasuna da. Eta urte askotarako egonkortasuna izango da. Egonkortasun eta erakunde arloko lankidetza osoa eskintzen dodaz”.
Rementeriak iragarri dauenez, gobernu barriak, eukiei eta epeei jagokenez Aldundiaren ekimenak zehaztuko dituan legealdi plan zehaztua aurkeztuko dau Batzar Nagusien aurrean. Plan horrek ebaluazino bat izango dau urtero eta beste bat legealdiaren bukaeran.
Josu Unanue EH Bilduko hautagaiak 11 legebiltzarkideren aldeko botoa lortu dau, eta bere ekintza politikoa egituratuko daben puntuak aurkeztu ditu osoko bilkuraren aurrean: “Gizarte kohesinoa lehentasunezko helburu gisa, gizarte politikak tresna gisa, fiskaltasuna gizarte konpromiso horren espilu gisa, eta erabagiteko gaitasuna gure ekintzaren berme gisa”. Horretarako, esan dauenez, EH Bilduk lau ardatz, ekintzarako lau oinarri, ezarten ditu: “gizarte, enplegu eta garapen politika, eredu fiskala eta gardentasuna eta partaidetzea”.
Unanuek, zerbitzu publikoen azpi-kontratazino handiari amaierea emoteko ordua dala defendidu dau. Bere eretxiz Bizkaiko Aldundiak politika hori eroan dau aurrera orain arte. “Hori da kalidadezko zerbitzuak eta sektore horretako beharginentzako lan baldintza duinak bermatzeko modu bakarra”.
EH Bilduko hautagaiak adierazo dauenez, “ez dogu ezelango arazorik izango daukien garrantzia dala eta Bizkairako egokia dala erakusten daben gaiak herri kontsulten bitartez lantzeko”.
Carlos Totorika Talde Sozialistaren bozeroaleak, bere aldetik, hautagai jeltzaleari emondako laguntzea azaltzeko orduan, “hainbeste alderdi, ñabardura eta berezitasun dituan gaur egungoa moduko gizarte batean, gure eretxiz beharrezkoa da planteamendu itxietatik eta absolutuetatik iges egitea, bakean eta askatasunean oinarritutako akordio demokratikoa lortzeko”. “Sozialisten helburua gaurtik aurrera Bizkaian etapa politiko barria benetan zabaltzea da. Krisi ekonomikoa gainditzea eta enplegua indartzea errealidade bilakatzen eta eskualde mailako oreka handiagoa eta eskumenen erabateko garapen eraginkorra lortzen lagunduko dauen etapea”, adierazo dau.
Legealdi honetan Batzarretan lehen aldiz parte hartuko dauen Ahal Dugu taldearen eretxiz, Bizkaiak gardentasun arazoa dauka. Neskutz Rodríguez bozeroaleak proponidu dauenez, obra proiektu publiko bakotxak, aurrekontuaz gain, burutzapenari buruzko dokumentua be aurkeztu beharko leuke, bertan obraren azken kostua jasoz, obrari lotutako proiektu osagarriak barne. Rodríguezek esan dauenez “gardentasuna, gobernariak herritarren azterketaren menpe egotea da”. Ganera, datozan lau urteetan publikoaren aldeko apustua bikoiztu eta danon ongizatera bideratutako eredu ekonomikoa bultzatuko dabe”.
PP taldeak, Javier Ruiz Batzar Nagusietako bozeroale barriaren ahotik, politika fiskal pizgarriak apliketako ordua dala esan dau. Holan, autogobernuak eskintzen dituan tresnez baliatzearen alde agertu da. “Fiskaltasunak –adierazo dauenez– bizkaitarren zerbitzura egon behar dau”. Bizkaiko Talde Popularraren bozeroaleak adierazo dauenez, beharrezkoa da Bizkaiko Foru Aldundiaren inguruan dagoan enpresa publiko sarea murrizteko plana. Bere berbaldia amaitzeko, osatuko dan foru gobernuak martxan jarriko dituan gizarte politiken ardatza personak izan behar dirala azpimarratu dau.
KONBIDAUAK
Unai Rementeria hautatzeko ekitaldiak Bizkaiko gizartearen ordezkaritza zabala ekarri dau Gernikaraino. Konbidauen eserlekuetan politika arloko ordezkariak egon dira, Andoni Ortuzar (EAJ-PNV), Itsaso Atutxa (EAJ-PNV), Maribi Ugarteburu (EH-Bildu), Nico Moreno (EH-Bildu), Idoia Mendia (PSE), José Antonio Pastor (PSE), Roberto Uriarte (Ahal Dugu), Nerea Llanos (PP) eta Antón Damborenea (PP). Juan Mari Aburto Bilboko alkatea; Amaia del Campo Barakaldoko alkatea; eta Imanol Landa, Getxoko alkatea be bertan egon dira. Ekitaldian enpresa arloko ordezkariak be egon dira, Asier Atutxa (Bilboko Portu Agintaritza), Iñaki Garcinuño (Cebek), Fernado Olmos (Cebek) edo Fran Azpiazu (Cebek), beste batzuen artean.