Bizkaiko Batzar Nagusiak eratzeko Osoko Batzarra ekainaren hamaseian izango da Gernikan
Bilbon, 2015eko ekainaren 10an
Maiatzaren 24ko hauteskundeetan hautatutako ahaldun edo batzarkideen hirurenak ahaldun egiaztagutunak aurkezturik dituenez (astelehenean heldu zan kopuru horretara), 2015-2019 agintaldi barriko Bizkaiko Batzar Nagusiak eratzeko Osoko Batzarra ekainaren hamaseian izango da.
Maiatzaren 24ko hauteskundeetatik urten dauen legebatzarrak paretsu daukaz gizonezkoak eta emakumezkoak. Beste alderdi bat gehitu jake EAJ/PNV, EH Bildu, PSE-EE eta PP alderdiei, Podemos hain zuzen. Aldaketarik ez badago, datorren astean eratuko diran Batzar Nagusietan 25 gizonezko eta 26 emakumezko izango dira. 31 batzarkide barri egongo dira.
ERAKETA BATZARREAN EZ DAGO BARRITASUNIK
Eraketa batzarrerako prozedurea ez da aldatu Araudi barrian: Batzar Iraunkorreko idazkarietako batek deia egingo deutse batzarkidetasunaren egiaztagutuna aurkeztu daben batzarkideei, hain zuzen be egiaztagutunok aurkeztu diran hurrenkera berean; Aitatutako "deia" egin dakienean, batzarkideak Mahaira hurreratuko dira, nor diran adierazo eta, Lehendakariaren eskariz, jagoken lekuan jesarriko dira, karguaren eginbeharrak onartzen dituela adierazoteko.
Jarraian, batzarkiderik zaharrenak Adineko Mahaiaren mahaiburutza hartu eta adinez bere ondorengoak diran biei dei egingo deutse Adineko Mahaiaren lehendakariorde izan daitezan; eta bi gazteenei, idazkari izan daitezan, harik eta behin-betiko Mahaia izendatu arte.
Adineko Mahaia eratu ondoren, Batzar Nagusietako Mahaia hautatuko da isilpeko bozketaz. Lehendakariak, lehendakariorde bik eta idazkari bik osatuko dabe Mahaia.
Lehendakaria hautatzeko, batzarkide bakotxak izen bakar bat idatziko dau txartelean. Batzar Nagusietako batzarkideen botoen gehiengo osoa jasoten dauena izango da Lehendakari. Hautagaietariko batek be ez badau gehiengo osorik lortzen, botorik gehien atara daben bien arteko bozketea egin eta botorik gehien ataraten dauena izango da Lehendakari.
Bardinketarik izan ezkero, bozketea barriro egingo da, baina beste behin baino ez; horretan be bardinduta egon ezkero, Bizkaiko Lurralde Historikoko Batzar Nagusietarako hauteskundeetan botorik gehien ataratako alderdi politikoaren hautagaia izango da Lehendakari.
Lehendakariorde biak batera hautatuko dira. Batzarkide bakotxak izen bakar bat idatziko dau txartelean eta botorik gehien ataraten daben biak hurrenez hurren izango dira hautatuak. Idazkariak hautatzeko, lehendakariordeen kasuan erabilitako bide berbera erabiliko da.
Aitatutako bozketak amaitu ostean, Batzar Nagusiak behin betikotasunez eratuta dagozala aldarrikatuko dau hautaturiko Lehendakariak, jardunean dagoan Ahaldun Nagusiari ofizialtasunez jakinarazoko deutso eta, ordubetegarrenean egin beharreko hurrengo batzarrerako deia egingo dau. Batzar hori Bateraezintasunen Behin Behineko Batzordeko batzordekideak izendatzeko egingo da. Era berean, hurrengo Osoko Batzarrerako deia —Bateraezintasunei buruzkoa— zehaztuko dau; batzar hori 20 eguneko epe barruan egin beharko da. Horren ostean, eta epe zehatz barik, Ahaldun Nagusia izendatzeko Osoko Batzarrerako iragarpena egingo da.