Aurreko Albisteak

Ana Madariaga bihar-etzian abokatu izango diranakaz

Maiatzaren 21ean, egunean, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko ikasleen promozino barriaren graduazino eskitaldian izan da Leioan.

Lizenziatu eta senitartekoz beteriko Aretoan, Madariaga andreak zoriondu egin ditu bihar-etzian zuzenbideko profesional izango diranak: “Zorionak. Gaurko ospakizun honek zuen prestakuntzako etapa baten amaierea sinbolizaten dau. Unibersidadeko ikasle izateari itxi eta Zuzenbidearen profesionalak izaten hasiko zarie.”

Oraindik orain Batzar Nagusietako Lehendakari danak —zeregin horretan 12 urte emon ondoren kargua itxiko dau ekainaren erdialdean, hauteskundeetatik urtendako Batzar Nagusi barriak eratu daitezanean— esan dau “ospakizun hau egiteak berak erakusten dau gizartean aldaketak izan dirala benetan”, esaterako emakumezkoen presentzia Unibertsitatean, beste lanbide profesionaletan gertatzen ari dan moduan. Horren adibidetzat jo dau Batzar Nagusietan gaur egun dagoan gizonezkoen eta emakumezkoen arteko bardintasuna.

Lanbide bakotxean behar dan ezagutza gitxietsi barik, Madariaga andreak aukerea aprobetxatu dau batzarkide, diputatu eta Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakari moduan izan dauen eskarmentutik ataratako aholku batzuk emoteko. Abokatu jarduerarako giltzarria politika jarduerarako dagoan berbera da, “gizarte-trebetasunak izatea hain zuzen be, eta horreek ez ziran nire garaian Unibersidadean ikasten. Horreen artean dago aitatu dodana, ezbardinen arteko akordioak lortzeko gaitasuna” eta komunikatzeko gaitasuna, “akordioetara heltzea eta komunikatzea dira batzarkide baten gaitasunik behinenenak, eta zilegi bekit esatea, Zuzenbidearen profesional batek be ezinbesteko dituala.”