Pradalesek adierazo dauenez, BEC finantza orekaren bidean dago, "aurreikusitakoa baino hobea izan dan" 2014. urtearen ostean
Imanol Pradales Ekonomiaren sustapeneko foru diputatuak BEC-en igazko ustiapenaren balantzea egin dau gaur Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko batzordean. Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, Azoka “bide positibotik” doa, bere ustiapeneko galerei bueltea emoteko eta 2016. urtera kontuak orekatuta dituala heltzeko. Barakaldoko azoka gunearen etorkizun hurbilagaz “baikor” agertu gura izan dau, neurri handian atzo egin zan erakundearen Administrazino Kontseiluan emondako ustiapeneko datuak ikusita. Datu horreek, “aurreikusitakoa baino emaitza hobea” erakusten dabe. Pradalesek jakinarazo dauenez, BEC-ek “1,7 milioi euroko” galeragaz itxi eban 2014ko ekitaldia. Galera hori aurrekontuetan aurreikusitakoa baino “%8,4” bajuagoa izan da, 160.000 euro gitxiago, gitxi gorabehera.
Urteko kontuek hobekuntza “nabarmena” erakutsi dabe 2014an, aurreko urteagaz alderatuta eta baita urte bikoiti bategaz alderatuta be. Dana dala, ondino zenbaki egokiak lortzeko “lan asko egin behar dala” onartu dau. Pradalesek esan dauenez, diru-sarrerak aurrekontuetan aurreikusitakoa baino “%4” altuagoak izan dira, eta “13,92 milioi eurotara” heldu dira. Gastuei jagokenez, “%2,5” handitu dira, “15,63 milioitara” heltzeko. Emaitza horrek erakusten dabe BEC-ek “konparau daitekezan azkenengo zortzi urteetako emaitza operatibo hoberena” lortu dauela (konparau daitekezan urteak, Makina Erremintaren Biurteko azoka jendetsua egiten dan urte bikoitiak dira).
Pradalesek azpimarratu dauenez, BEC-en lehiakortasuna lortzeko talka-planari ekin jakonetik, apurka-apurka gero eta ”ebidta” hobea lortu da: 2010ean 4,3 milioi eurokoa izan zan, 2012an 3 milioikoa, eta 2014an 1,7 milioikoa. Urte honetako lehenengo emaitzei jagokenez, urtea “oso aurreikuspen onakaz” hasi dala aurreratu dau Pradalesek, aretoen eta guneen alokairu kopurua berreskuratu egin dalako eta erakarpenean eta salmentan egin dan lanak epe laburrean “kongresu eta azoka” gehiago bermatuko ditualako. Adibide moduan, maiatzaren amaieran egingo dan Industriaren Astea aitatu dau. Aste horrek gainditu ditu daborduko 2013an kontratau zan azalerea eta bertaratutako enpresen kopurua.
Diputatuak ez dau pasetan itxi gura izan batzarretako taldeei BEC-en egoereari buruz eukien “hitzaldi zahartua” ahazten joan daitezan eskatzeko aukerea. Aurrean daukaguna “desbardina” da. Pradalesek baieztu dauenez, aurton “lau kontzertu handi” dagoz kontratauta, eta “beste lau” negoziazino prozesuan dagoz.
Agerraldia eskatu dauen EH Bilduri erantzunez, 150 milioi euroko mailegua hainbat finantza erakundegaz sinatu dan kreditu sindikatuaren bitartez barriro finantzatu dala esan dau Pradalesek. Mailegu hori 75 milioi euroko zati bitan banandu da. Zati batek %3,2ko interes finkoa dauka, eta besteak %1,88ko interes aldakorra eukan sinatu zan unean. Pradalesek esan dauenez, euriborraren bilakaerari esker, BEC-ek “1,48 milioi euro” aurreztu ahal izan ditu finantza marjinetan.
Diputatu jaunak esan dauenez, azoka eregiteko lanak ordaintzen bukatzeko finantza helmugea 2027. urtean dago. Plan horren arabera, Aldundiak 14,6 milioi euro jarri beharko ditu datozan urte bietan, eta 17,52 milioi urtero 2017tik 2026ra bitartean.
2014, BIZKAIKO TURISMOAREN BIGARREN URTERIK HOBERENA
PP-k eta PSE-EE-k, bakotxak bere aldetik, eskatu daben eta zifraz beteta egon dan beste agerraldi batean, 2014. urtea “Bizkaiko turismoak izan dauen bigarren urterik hoberena” izan dala azpimarratu dau Pradalesek, marka guztiak gainditu ebazan 2012ko ekitaldian lortutako zifrak baino “%1,35” gitxiagogaz.
Diputatuak azaldu dauenez, Bizkaiak turisten 3.490 sarrera gehiago lortu ebazan 2014an, aurreko urteagaz alderatuta, eta bertan igarotako gauak aurreko ekitaldikoak baino 89.883 gehiago izan ziran, hotelak, ostatuak, pentsinoak eta landa inguruetako ostatuak kontuan izanda. Lurralde osoan zehar banatuta dagozan landa-etxeek “portaera bikaina” erakutsi eben igaz, Ekonomiaren Sustapeneko Saileko arduradunak adierazo dauenez. Bere berbetan, landa-etxeetan “bidaiarien sarrerak %25,5 egin eban gora, Euskadiko hazkunde orokorra %12,2koa izan zan bitartean, eta bertan igarotako gauek %21eko hazkundea izan eben, herrialdean hazkunde hori %11,4koa izan zan bitartean”.
Eustateko datuak jasoz, Pradalesek adierazo dau urte honetako lehenengo hilabete biek erakutsi daben portaerea ikusita, turisten sarrera kopurua %7,6 hazi dala esan daitekeela dala, eta igoera hori %11koa izan dala gure lurraldean igarotako gauei jagokenez. Dana dala, kopuru horreekaz kontuz ibili behar dala esan dau. Bizkaia “Euskadiko turismoaren motorra” dala erakusten dabe, 2014. urtean gertatu zan moduan, Euskadi osoko %50,1eko kuota lortuz, 2014an lortutako %49,2 baino apur bat gorago.
2014ko zifretara itzulita, Pradalesek baieztu dau turistek Bizkaian egindako sarrerak eta bertan igarotako gauak %25 altuagoak izango litzatekezala ohikoak ez diran establezimenduetan ostatua hartzen daben pertsonak kontuan hartuko balira, Bizkaiko Foru Aldundiaren Turismoaren Behatokiak egin dituan aurreikuspenek adierazoten dabenez. Imanol Pradalesek zehaztu dauenez, aterpetxeen, hostelen (2013an bakarrik 570 plaza barri sortu ziran), turismorako erresidentzien, turismorako apartamentuen eta autokarabanen artean, 4.706 plaza dagoz, Aldundiak dituan zifrak kontuan izanda: egunero 3.116 plaza dagoz aterpetxeetan, hosteletan eta turismorako erresidentzietan; 580 plaza turismorako apartamentuetan; eta 440 plaza autokarabanetan. Horreei guztiei, kanpin plaza bereziak gehitu behar jakez, igaz egunean 15.000 plaza izan ebazan BBK Live jaialdiak eragindakoak, adibidez, eta baita Bizkaira kurutze-ontzietan heltzen diran pertsonak be, igaz 81.161.
Esan behar da turismoaren sektoreak BPG-aren ehuneko 5a hartzen dauela daborduko, eta joera hori gorantz doala, azken bost urteetan batez be. Horrek berretsi egiten dau, Lurralde Historikoan “aberastasuna eta enplegua” sortzen dituan sektorearen alde Aldundiak egin dauen apustua. Gai horri jagokonez, Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak gogoratu dau turismoak Bizkaian egin dauen gastuak gora egin dauela legealdi honetan. 2011n 1.623 milioi euro gastau ziran, eta 2013. urtean, barriz, 1.684 milioi euro. Urte horretakoak dira Eustaten azken datu ofizialak.
Datuak alderatzeko ildo horregaz jarraituta, establezimendu turistiko guztien artean “Bizkaia dala 2013. urteagaz alderatuta 2014an batez besteko egonaldietan gora egin dauen Lurralde Historiko bakarra” gehitu dau Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak. Pradalesek esan dauenez, “edozein balantze turistikoren azterketan, turismoa sektore ekonomiko moduan hartzearen ikuspuntutik aldagai bakarra ez da jomuga jakin batera zenbat turista sartzen diran bakarrik. Benetan garrantzitsuena, Bizkaian gertatzen dan moduan, bisitari kopuruaz gain, turistek leku horretan egiten daben denporeak eta bertan kontsumiduten dituen ondasunen eta zerbitzuen kopuruak be gora egiten jarraitzea da ".
ZUGAZTIETAKO GOLF ZELAIA
PP-k egindako itaunari erantzunez, Pradalesek Meaztegi Golfaren egoereari buruz egin dau berba. Diputatuak adierazo dauenez, igazko urteera kopurua 45.000 ingurukoa izan zan, eta 2015eko lehenengo hilebetean abonau kopurua zeozer handitu da, 898 bazkidera helduz (abenduan 828 egozan). Dana dala, azkenengo urteetan zelai publikoaren erabileran aldaketak egon dirala be esan dau.
Erabiltzaileen erreklamazinoei jagokenez, eta 2013an erreklamazino “asko” erregistrau ziran arren, igaz “kexa bakar bat” be ez zan jaso. Egoereari bueltea emoteko “zeozer egin dala emoten dau”, erantzun deutse batzarretako taldeei. Bere berbetan, kirol eremu hori “oso baldintza onetan” dago, neurri handi batean “beharrezkoak ziran” inbertsinoak egin diralako.
Esleipena daukan enpreseak, azpiegiturearen ekonomia-finantza orekea lortzeko “ustez” aurkeztutako demandari jagokonez, Aldundiak “ez dauela horren barririk” esan dau Pradalesek. “Uste dot ez dagoala holangorik, bestela, horren barri izango geunke”, esan dau. Esleipena daukan enpreseak zelaia kudeatzeko ordaindu dauen kanonari esker, Aldundiak "2.240.648 euro" berreskuratu ditu bertan inbertitutako 20 milioi euroko diru publikotik.
EH Bilduk, golf zelaia, Artxandako tunelakaz egin dan moduan “erreskatau” egin eitekeala esan ostean, Pradalesek ezetz erantzun deutso, azpiegitura publikoa dalako. “Emakidea bukatzen bada, barriro lizitatu eta esleitu ahal izango da”, esan dau.
"IZENA ZIKINTZEKO KANPAINAK"
Beste alde batetik, Batzarrak desegiteko astebete falta danean, eztabaida garratzena Aitor Torre EH Bilduko ordezko bozeroaleak zabaldu dau, Juan Diegok BEAZeko zuzendari gisa jarraitzearen “egokitasunari eta legitimidadeari” eta Iskander Atutxaren Ingeplan enpreseari esleitu jakon Santurtziko Balparda AGI-231 sektorea birpartzelatzeko proiektuaren lizitazinoko pleguen aldaketeari buruzko azalpenak eskatu deutsazanean Pradalesi.
Pradalesek, “Batzar Nagusiak izena zikintzeko kanpainak sustetako erabiltean oinarritutako” estrategia politikoa kritikau dau. “Ez naz joko horretan sartuko”, erantzun deutso Torreri. Diputatuak adierazo dau BEAZeko arduradunaren balioan konfiantza osoa daukala “ezelango zalantzarik barik”, eta Aldundiaren esku dagoan enpresearen buru danetik egin dituan gestinoen barri emon dau. Bere esku-hartzean, epaileak LAB sindikatuak aurkeztutako salaketea artxibau egin ebala gogoratu dau, Diegoren aldetik ez egoalako ezelango legez kanpoko aztarnarik M4F enpreseari jagokonez.
Balpardan (Santurtzi) sektore horretako urigintza proiektuaren idazketea aldatzeko lehiaketan izandako aldaketei jagokenez, aldaketa horreek pleguan egoan akats bat zuzentzeko egin zirala esan dau Pradalesek, lizitazinoa enpresa gehiagori zabaltzeko. Bere esanetan, helburu hori bete egin zan, lehiaketara, azkenean, zazpi enpresa aurkeztu ziralako. Ingeplanek puntuazino altuena lortu eban, kontratazino mahaiak erabagi ebanez. “Beste bategaz batera, eskaintza merkeena zan, eta nota tekniko altuena lortu ebana”, esan dau Pradalesek.