Batzar Nagusietako Osoko Bilkureak berretsi egin ditu uriolak jasan dituenentzako tributuen salbuespenak eta hainbat zergatan sartutako aldaketak
Bizkaiko Batzar Nagusietako Osoko batzarrak aho batez berretsi dau, joan dan urtarrilaren 30etik, uriolek, lurraldeko hainbat udalerritan, Alonsotegin, Balmasedan, Güeñesen, Sondikan eta Zallan, adibidez, azpiegituretan, etxebizitzetan, lantegietan eta saltokietan eragindako kalteak arintzeko prisazko neurriei buruzko Foru Dekretu Arauemoilea. Onartutako neurrien artean, salbuespenak aurreikusten dira Ondasun Higiezinen eta Jarduera Ekonomikoen Zergetan eta suteak eta salbamentuak dirala eta ordaindu beharreko tasetan. Jose Maria Iruarrizaga Ogasuneko diputatuak azaldu dauenez, neurri horiek dirala eta tokiko tributuen diru-bilketan gertatu daiken jatsierea Diputazioak konpentsauko dau, Foru aurrekontuen kargura.
Botoa azaltzeko txandan, Fernando Larrinaga EH Bilduko batzarkideak azpimarratu dau, onartutako neurriak uriolek eragindako kalteen ondorioak “arintzeko logikoak” diran arren, ez dala “ezelango neurri zuzentzailerik” planteetan etorkizunean holangorik gertatu ez daiten. “Partxe bat da”, adierazo dau, eta “bihar egoera berberaren aurrean egon gaitekezala” azpimarratu dau. Ildo horretan, eskaerea egin dau, uriolen ondorioak behin betiko txikitzeko aukerea emongo daben azpiegiturei “lehentasuna emoteko”.
Arturo Aldecoa PP-ko batzarkideak, bere aldetik, “eurien arazoa aldian behin errepiketan dan arazoa dala” gogoratu dau, eta, holan, onartutako Dekretua “gertakari jakin” bati buruzkoa dala esan dau. Horren ostean, “antzeko kalteak” eragin dituen “eurite gogorren beste une batzuk” be erregistrau dira. Hori dala eta, Bizkaiko Foru Aldundiari eskaerea egin deutso, kalteak jasan dituen udalerriakaz “ahalik eta harreman estuena” izan daian, beharrezkoa bada beste neurri batzuekaz osatzeko.
ALDAKETAK HAINBAT ZERGATAN
Bizkaiko ordezkariek landu beharreko 22 gaien artean, BEZ-aren zergan, Berotegi efektuko gas fluordunen ganeko Zergan, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentauen ganeko Zergan, Ez Egoiliarren errentari buruzkoan eta Soziedadeei buruzkoan aldaketa puntualak sartzeko dekretuaren berrespena egon dira.
BEZ-ari jagokonez, aldaketak, enpresari edo profesional ez diran hartzaileei emondako telekomunikazino, irrati-hedapen eta telebista eta elektronika zerbitzuei aplikau beharreko lekutze arauak erkidegoko zuzentarauari jagokoz. 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera, zerbitzu horreek guztiek, jasotzailearen establezimendu dan estadu kidean tributauko dabe.
Berotegi efektuko gas fluordunen ganeko Zergari jagokonez, aldaketak izaera teknikoa dauka, eta helburua segurtasun juridiko handiagoa lortzea da. Eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen ganeko Zergan, soziedade eragiketa modalitatean grabamena daukien eragiketa guztien salbuespena ezarri da, horreen tratamendua hipoteka titulizazinoko funtsen eta finantza aktiboen tratamenduaren parean jarteko.
Onartutako bigarren dekretuak –biak be EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen aldeko botoakaz eta EH Bilduren abstentzinoagaz berretsi dira–, estaduko araudia egokitzen dau, Ez Egoiliarren errentari buruzko Zergan, jasotako errenten ezarpenari jagokonean, %24,75eko grabamena %24ra jaitsiz, eta Europar Batasuneko kide diran beste estadu batzuetako zergadunei jagokenez, tasa %19koa izango da.
Soziedadeei buruzko Zergari jagokonez, azpimarratzekoa da, talde fiskaleko parte ez diran beste batzuen bitartez zeharka partaidetutako erakundeen taldean sartzeko aukeraren aldaketea. Horretarako beharrezkoa izango da kanpoko erakundearen egoitzea paradisu fiskal batean ez egotea.
FORU BILBADUREA BERREGITURATZEKO PLANA
Mozinoen eta arauz besteko proposamenen atalean, Bizkaiko Batzarrak aho batez onartu dau PP taldeak aurkeztutako mozinoa, Foru Aldundiak bere enpresa publikoen bilbadurea “Berregituratzeko Plana” egin daian, “gastu publikoa errazionalizatu ahal izateko”. Carmen Carrónen berbetan, foru administrazinoa “handiegia” da. Enpresa publikoen bilbadureak “500 milioi eurotik gorako aurrekontua dauka”. Gastu hori justifikauta ete dagoan galdetu dau.
Batzarkide popularraren eretxiz, komenigarria da egoera hori “zuzentzea edo murriztea”, egitura “errazionalagoa eta soilagoa” lortzeko, foru erakundeen “desagerpenaren edo bat-egitearen” bitartez edo zerbitzu batzuen “pribatizazinoaren” bidez.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek azpimarratu dabenez, Foru Aldundiak bete egin dau aurretik txosten bat egiteko jasotako agindua, baina planak hurrengo legealdira arte itxaron beharko dau. Ekimenaren alde agertu arren, Batzarretako talde biek proposamena “elektoralistea” eta “testimoniala” dala esan dabe, Bizkaiko Batzarrak eta, beraz, egungo Foru Gobernua, desegiteko aste bi falta diranean egin dala kontuan izanda. “Denpora gehiago behar da”, esan dau Iñaki Egaña bozeroale sozialistak, “egin beharreko azterlan guztiakaz”, administrazino “eraginkorragoa, modernoagoa eta gardenagoa” eratzeko adostasuna lortu ahal izateko.
EH Bilduk, bere aldetik, bere arauz besteko proposamen bat ekarri dau Batzarretara, Aldundiari eskaerea egiteko, merkataritza foru soziedadeak, foru erakunde publikoak zein foru fundazinoak “murrizteko eta errazionalizetako” eta Aldundiak foru sektore publiko horretako lanak eta zerbitzuak “zuzenean” kudeatu daizan emon beharreko pausuak emon daitezan. Ganerako taldeek ez dabe proposamen hori onartu.
Ekimen biei buruz aldi berean egin dan eztabaidan, PP taldea, koalizino abertzalearen ekimenari aldeko botoa emotearen kontra agertu da, ez dauelako “kudeaketa zuzenean” sinisten, eta horrek ez ete dauen “funtzionario gehiago” kontratau beharra eragingo galdetu dau.
EAJ-PNV-ko Jon Larreak, bere aldetik, EH Bilduk deskribidu dauen irudi “baltza” dala eta, eretxi hori “ez dala erreala eta oso eretxi intesaua dala” esan dau, eta Foru egitura horrek “kalidadezko eta beharrezko” zerbitzuak eskintzen dituala, eta Bizkairako “guztiz beharrezkoak” diran azpiegiturak aurreratzeko aukerea emoten dauela azpimarratu dau. Batzarkide jeltzalearen ustez, foru erakundeek enplegua sortzen dabe, eta Aldundiaren kontrolpean dagoz. Hori esan ostean, 2009an Aldundiak bere soziedadeak murriztu ebazala gogoratu dau Larreak, eta bere taldea datorren legealdian, plana mahai ganean dagoanean, foru egituraren murrizketea “eztabaidatzeko” prest dagoala. Bere eretxiz, hori oso gai “garrantzitsua” da, eta “adostasuna” eskatzen dau.
ERAKUNDEEN PUBLIZIDADEA ETA KOMUNIKAZINOA
Osoko batzarrak aho batez onartu dau Socialistas Vascos Taldeak aurkeztutako arauz besteko proposamena, Bizkaiko Foru Aldundiari agindua emoteko, hilebeteko epean, erakunde autonomoek eta foru sektore publikoko erakundeek bultzatutako publizidade eta komunikazinoko erakunde kanpainen “kontrolerako organua” eratu daian, Euskadiko Publizidade eta Komunikazio Instituzionalari buruzko abenduaren 23ko 6/2010 Legean aurreikusten dan moduan.
Begoña Gil batzarkideak adierazo dauenez, eztabaidatzen dana ez da Patxi Lópezen Gobernu sozialistak onartutako legea, hori betetan dan ala ez baino. “Diru publikoagaz auto-bonbo kanpainak egitea saihestu gura da”, esan dau.
Batzarretako taldeak, ekimenaren alde agertu arren, sozialisten ekimena “berandu” heldu dala esan dabe, legealdiaren bukaeran, eta hauteskunde kanpainea hasteko gitxi falta danean. “Ez dau askorako balioko, baina hurrengorako balio daiala”, esan dau Beatriz Calvok (PP). Lorea Bilbao EAJ-PNV taldearen Batzar Nagusietako bozeroaleak gogoratu dauenez, organu hori ez Eusko Jaurlaritzan ezta gainerako Aldundietan be ez da eratu oraindino.
ONARTU BAKO EKIMENAK
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek ez dabe onartu, indarrean dagoan legediaren kontrakoa dalako, PP taldeak aurkeztu dauen mozinoa, Foru Aldundiak bere lehiaketetara aurkezten diran enpresei “azken bost urteetan izandako negozioen zehaztasunak”, eta herri administrazinoetatik jasotako “aurreko lehiaketetako adjudikazinoen eta kontratu txikienen zenbatekoak” zehaztu daiezan eskatu deien. Popularren ekimena ez da onartu, EH Bilduren aldeko botoa baino ez dauelako jaso.
Batzarretako taldeen ekimenak Kutxabanki begira be egon dira. EH Bilduk eskaerea egin dau, arrakastarik lortu barik, Aldundiak, BBK-ko zein Kutxabank-eko Gobernu Organuetan kanpoko kontu-ikuskaritza egitea bultzatu daian, hiru euskal kutxak bat egitetik sortu dan erakundearen sorreratik egon daitekezan irregulartasun guztiak antzemateko eta erantzukizunak argitzeko asmoz. Ganerako taldeentzat “ez da beharrezkoa” hori egitea, euren ustez euskal erakundeak kontrolerako behar besteko mekanismoak ditualako.
SIBAN ENPRESA KANPORA JOATEA
PSE-EE taldeak itauna egin deutso Aldundiari, Siban enpresea Kantabria lekualdatzeari buruz. Imanol Pradales Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak “harremanak eta bilerak” baieztu ditu Meatzaldeko enpresako arduradunakaz, bi kokagune eskintzeko, bat Sestaon eta bestea Zornotzan, Amorebietan, baina konpainiak ez ebazan onartu.
Enpreseak Lurraldea ixten ebala komunikabideen bitartez jakin ostean, Aldundiak lekualdaketari buruzko espedientea zabaldu eban, Sibanek “100.000 euro inguru” gehi atzerapeneko interesak itzuli eizan, 2005 eta 2014 artean emondako diru-laguntzak dirala eta, eta datozan 8 urteetan Aldundiaren diru-laguntzak jasoteko debekua ezarteko.
Dana dala, diputatua “pozik agertu da” enpresak bere jarduerea Kantabriara eroatearen inguruan izan dauen eretxi aldaketea dala eta, joan dan martxoaren 13an jakinarazo eban moduan, eta, esan dauenez, Aldundiaren jarduketea bultzatu dauen printzipio bakarra “Bizkairen interesen defentsea” izan da.
AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK
Legealdiko azken aurreko osoko batzarrean, EH Bildu taldeak hainbat gairi buruz egindako galderei erantzun deutsaz Aldundiak: Bizkaibuseko grebak eragindako kostuak, turismo politikak, BEZaren ganeko eskumen osoa gure gain hartzeko konpromisoaren garapen maila, Ondarearen ganeko zergaren bilketari buruzko datuak eta interneteko “.eus” domeinuaren inguruko ekimenak.
Bizkaibuseko grebak eragindako kostuei jagokenez, Itziar Garamendi Garraioetako Foru diputatu andreak, joan dan urteko azaroaren 28an izan eban agerraldian emondako zifrak gogoratu ditu. Bertan esan eban gastuak –“enpresek eta beharginek izandako galerak”–, “milioi 2 eurokoa” izan zan lehenengo aurreikuspena baino altuagoak izan zirala, hori guztia, galdutako orduak, eta erabiltzaileei, beste garraiobide batzuk, publikoak edo pribaduak, erabili beharra dala eta, eragindako kalteak, kontuan hartu barik.
Imanol Pradales Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak, bere aldetik, 2014an turismoaren datuek gora egin ebela adierazo dau, eta ez behera, EH Bilduk adierazo dauen moduan. Bere berbetan, Lurraldeak aurreko urtean baino 3.490 bisitari gehiago hartu ebazan eta bertan igarotako gauak aurreko ekitaldikoak baino 89.000 gehiago izan ziran. Hori, estadistiketan kontuan hartzen ez diran kanpinetako, hosteletako edo kurutze-ontzietako datuak kontuan izan barik.
Bizkaia izan zan batez besteko egonaldia handitu eban “Lurralde bakarra”, eta bisitarien batez besteko gastuak igoera handiena –%1,3– izan ebana. EH Bilduk ez bezala, Pradalesek uste dau ekitaldi handiak antolatzea (BBK Live, Munduko Saskibaloi txapelketea…) oso garrantzitsua dala eragina lortzeko, irudiari eta ekonomiari jagokenez. EH Bilduren ustez, barriz, ondo dago “hilebete batzuetarako”, baina, “ganerakoan zer?”, galdetu dau Joseba Gezuragak.
Josune Ariztondo Kulturako diputatu andreak, bere aldetik, Aldundia interneteko “.eus” domeinura aldatzeko prozesuan sartuta dagoala iragarri dau. “Gaurtik bertatik” aldatu egingo dira posta elektronikoko helbideak. Aldundiaren webguneak domeinu hori izango dau hilebete honen bukaerarako, eta 35 webgune korporatiboak apirilean egingo dabe aldaketa hori. Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, 43 udalek be egin dabe eskaerea domeinua aldatzeko, eta datorren urtetik aurrera Foru Aldundiaren domeinu bakarra “.eus” izango dala esan dau.
BEZ zergari jagokonez, Iruarrizagak adierazo dau Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza “eskutik doazala” zerga horren transferentzia eskatzeko orduan, baina Estaduak ez dauela negoziazino horretan sartu gura. “Behin eta barriro” eskatu dan helburua da, eta holan adierazo da Kontzertuaren eta Finantzen Euskal Kontsejuaren Batzorde Mistoan, eta “atzo bertan” be bai, Gobernu zentraleko ordezkariakaz egindako bilera batean.
EH Bilduri erantzunez, baita be, Ondarearen zergaren bilketarako dagozan aurreikuspenak betetako itxaropena dauela adierazo dau Iruarrizagak –holan jakinarazo dabe Ogasuneko teknikariek–. Aurreikuspen horreetan kopuru hori “95 milioi eurokoa” da.
Kopuru horretara heltzeko, oraindino errekerimendu bitarteko diru-sarrera batzuk zenbatu behar dira. Hautemandako gertakarien artean, euren balore soziedadeak behar dan moduan kotizau ez dituen “555” zergadunak, behar dan moduan autortutako errentamenduen higiezinak daukiezan “152” zergadunak, partaidetza salbuetsiak autortu dituen baina horretarako baldintzak betetan ez dituen “280” zergadunak, balorazino egokia egin ez daben “191” zergadunak eta euren ondasunak behar zan bezala autortu ez ebezan “2.200” zergadunak dagoz.
Iruarrizagak adierazo dauenez, azken kontzeptu horrengaitik Bizkaiko ogasunak “8,5 milioi” jasotzea aurreikusten dau; eta beste “8,5 milioi” euren baloreak behar dan moduan kotizau ez dituen zergadunengaitik. Horri guztiari beste kontzeptu batzuk gehitu ezkero, aurreikuspena beteko dala uste dauela esan dau. Dana dala EH Bilduk diru bilketea “69,4 milioitan” jarri dau, “aurreikusitakoa baino %27 gitxiago”, Irune Soto bozeroaleak esan dauenez.
Ganerako ahozko erantzun-eske guztiak batzarretako talde popularrak egin ditu. Talde horren galderak goi karguak aukeratzeko erespideei edo hasera batean aurreikusitakoa baino gitxiago batzeak Aldundiaren kudeaketan izango dituan ondorioei buruzkoak izan dira.
Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak Carmen Carróni (PP) erantzun deutsanez, Aldundiak baldintza bi jarten ditu goi karguak kontratetako: “gaitasun eta koalifikazino profesionala eta konfiantza pertsonala”.
Batzarkide popularrak kritikau dauenez, Foru erakundeetako 19 arduradunetatik “12k oso lotura estua daukie EAJ-PNV taldeagaz edo aurreko hauteskundeetan alderdi horren zerrendetan joan dira”, eta enpresa edo soziedade publiko horreetako ganerako beharginen artean, jeltzaleen jarraitzaileak “%34 dira Basalanen eta %45 Beazen”, adibide bi jartearren.
Bilbaok ironia erabili dau PP-k egindako “ikerketa lan bikaina” txalotuteko, talde horrek danok dakiguna baieztu dauelako, hau da, Bizkaiko gizartearen ehuneko altuak Euzko Alderdi Jeltzaleari emoten deutsala botoa. “Beharbada ehuneko horreek aurkituko dozuez Athletic-eko bazkideen artean be”. Bilbao penauta agertu da, batzuek “eurek gobernetan daben lekuetan beteten ez dabena hemen eskatzen dabelako”.
Diru-bilketa txikiagoa izateak Aldundiaren programetan eta zerbitzuetan eragina izango ete dauen galderari jagokonez –aurreikusitako %5eko hazkundetik, 2014ko ekitaldia %4,2ko hazkundeagaz itxi da–, Ogasuneko diputatuak, tributu kontzertauen diru-bilketatik %30 baino ez dala Bizkaiko lurraldean geratzen argitu deutso PP-ri. Hori dala eta, diru-bilketaren jatsiera “9 milioi eurokoa” izango litzateke. Iruarrizagak adierazo dauenez, aurrekontua kopuru horri aurre egiteko gai da, inongo sailetan eta inongo programatan nabarmendu barik.
Horrez gain, PP taldeak, K proiektuari, Aldundiak 2013an aurkeztu eban eta Kulturako diputatu andrearen berbetan, “gazteengana hurbiltzeko eta gazteei entzuteko” helburua daukan euskerazko espazio zabalari, buruzko balantze laburra eskatu dau. Ariztondok guzurtau egin dau ekimen hori lurraldeko “gune batzuetan” bakarrik zentretan danik, Beatriz Calvo popularrak adierazo dauen moduan, eta “ehunka gazteren” aldetik jasotako proposamenei eta kritikei buruzko “informazino guztia” batzen dauen webgunea bisitetako gonbidapena luzatu deutso.