Bizkaiko Batzarretako Iraskunde batzordeak ez dau onartu Usansoloren segregazinorako aukerea emoten eban Foru Arau proiektua
Gelditu egin da, momentuz, Bizkaiko Lurralde Mugapeei buruzko 2012ko abenduaren 5eko 9/2012 Foru Araua aldatzeko Foru Arauaren proiektua. Iraskunde Batzordeak, oposizino osoaren (EH Bildu, PSE-EE eta PP) kontrako botoakaz atzera bota dau, Usansolo etorkizunean segregetako bidea zabalik itxiko leuken arauzko proiektuaren artikulu moltso osoa. Eztabaidea datorren astean errepikauko da, datorren eguaztenerako, martiaren 25erako, aurreikusita dagoan legealdiko azkenengo osoko batzarrean. Une horretan egiaztau ahal izango da Batzarrek gaur batzordeak emon dauen kontrako erespena berresten dauen ala atzera egiten dauen, Foru Aldundiak aurkeztutako foru arau proiektua onesteko, une honetan dagoan moduan edo hiru taldeetako baten adostasuna lortuko dauen aldaketaren bategaz, EAJ-PNV taldearenaz gain.
Batzordeak erakutsi dauen kontrako jarrerea, oposizinoko hiru taldeek PSE-EE-ren zuzenketa-eske baten alde agertu diranean sortu da. Zuzenketa-eske horrek ia guztiz botaten ebazan atzera Aldundiak aurkeztutako jatorrizko testuan sartzen ziran aldaketa guztiak. Testu horrek “Bizkaian segregazino prozesuak posible egin behar ebazan” 2.500 biztanletik gorako uriguneetan, Unai Rementeria Lehendakaritzako Foru diputatuak eztabaidaren hasieran adierazo dauen moduan.
Batzarretako Euzko Abertzaleak taldeak (EAJ-PNV) boto partikularra emon dauenez eta batzarretako taldeek aurkeztutako zuzenketa-eskeak osoko batzarrerako erreserbau dituenez, datorren astean Gernikan egingo dan osoko batzarrean ia eskema berbera errepikauko da. Osoko batzar horretan azken testua onartu edo baztertu egingo da. Bertan aurkeztuko dan testuari, EH Bilduren aldeko eretxia jaso dauen jeltzaleen zuzenketa-eske transakzional bat gehituko jako, udalerri batek beste bategaz bat egin gura dauen balizkoetan be herritarrei galdeketak egin ahal izateko, eta ez segregazinoen balizkoetan bakarrik.
Zuzenketa-eskeak defendiduteko orduan, batzarretako talde bakotxak, Lurralde Mugapeei buruzko araudi barriaren aldaketei jagokezan argumentu nagusiak defendidu ditu. Holan, PP taldeak, EAJ-PNV-k eta EH Bilduk onartu ez daben Osotasunerako zuzenketa-eskea defendidu dau, segregazino barrien eta egoera jakin baterako “ad-hoc” aldaketak egitearen kontra dagoalako, hori “ez dalako ona ez Usansolorako, ez Galdakaorako, ezta Bizkairako be”, esan dau Carmen Carrón batzordekideak.
Popularren moduan, PSE-EE-k be esan dau EAJ-PNV-k arau horren inguruan hiru urtetan izan dauen erespide aldaketearen errazoia udal hauteskundeak gertu dagozala dala. Iñaki Egaña bozeroale sozialistak, planteautako aldaketak kentzea eskatu dau, eta arauak Xedapen Iragankor bat jaso daiala, Usansolok 80ko hamarkadan hasitako espedienteari amaierea emoteko aukerea euki daian, lurraldeko 113. udalerria izango litzatekena sortzeagaz ados egon ez arren. Kritikau dauenez, arau proiektuak, une honetan planteauta dagoan moduan, segregazino barriei “eskua zabaltzen deutse”.
EH Bilduk, bere aldetik, segregazino prozesu osoa zainduko dauen batzorde kudeatzailea sortzea komenigarria izango litzatekela esan dau, Usansolo Herria plataformak eskatu dauenagaz bat etorrita. Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak autortu dauenez, hor dago “gaiaren gakoa”. Jeltzaleei gaia “barriro pentsetea” eskatu deutse, koalizino abertzalearen aldeko botoa gura badabe, ez diralako ados agertu prozesu osoa zuzenduko dauena Udaletik sortutako batzorde mistoa izateagaz, “Galdakaoko modus operandia ikusita”.
EAJ-PNV-ko Jon Andoni Atutxak, bere aldetik, uste dau bere taldearen jarrera politikoa argi eta garbi geratu zala “Usansolo usansolotarrek gura dabena izango dala” adierazo ebanean. EH Bilduri erantzunez, hiru bider be errepikau dau batzorde kudeatzailearen sorkuntzea ez dala oztopoa izan behar, foru arauak “ez dauelako horretarako trabarik jarten”. Udalbatzak “segregazino prozesu hori diseinetako eta gero gura dauen moduan antolatzeko aukerea dauka”, esan dau Atutxak.
BIZKAIKO UDALEN FINANTZA EGOEREA
Unai Rementeria Lehendakaritzako diputatua EH Bilduk eskatuta agertu da batzordean, gaiztasun ekonomiko “larriak” dituen udalerrien egungo ekonomia eta finantza egoereari buruzko informazinoa emoteko. Foru Aldundiak hiru Dekretu onetsi ebazan, bakotxaren beharren arabera laguntzak emoteko.
Aldundiko arduradunak jakinarazo dauenez, gai horri jagokonez “ez dago aldaketarik”, eta abenduaren 23an egin eban beste agerraldi batean esan ebana aitatu dau. Arazo ekonomikoak daukiezan udalerriek euren likidazinoak bialtzeko zain dago Aldundia, eta hori egiteko epea datorren apirilaren 30ean amaitzen da.
Rementeriak gogoratu dauenez, hautemandako gaiztasunak eukiezan 13 udalerrietatik, 5 zorduntze larrian dagoz oraindino, ohiko diru-sarrerengaitiko aurrekontuaren %60tik gorako mailan. Udalerriok honeek dira: Alonsotegi, Bakio, Dima, Errigoiti eta Urduña. Barriro esan dau Bizkaiko udalerri gehienen finantza egoerea “erdi ona edo oso ona” dala, eta gaiztasun gehien daukiezan bost udalerri horreek 2019. urteko epea daukiela euren zorduntzea zuzentzen joateko.
KUTXABANKEN ETORKIZUNA
EH Bilduk Kutxabanken etorkizunari buruz galdetu deutso foru bozeroaleari. Gizarte ekintza eusteari eta euskal banketxeak etxetik kaleratzeen aurrean daukan politikeari buruzko itaunak egin deutsaz Aldundiko ordezkariari, bere esanetan, Euskadiko “5 kasuetatik 2ren” erruduna Kutxabank dalako. Bere esku-hartzean, ganerako taldeek erakundearen kontsejuan erabagiak hartzeko gaitasuna alkarren artean banandu dabela salatu dau, eta talde horreek “ez dabela Kutxabanken kontrol publikorik gura” ganeratu dau.
Rementeriaren esanetan, Kutxabankek, etorkizunean be, “herrialde honetako pertsonen, familien eta enpresen zerbitzura” jarraitu behar dau, bere egoitzeari eta gizarte ekintzari eutsiz. EH Bilduren bozeroalea kritikau dau, “pribatizazinoaz, osteaz, pelotazoaz edo gizarte ekintza desagertzeaz” berba egitegaitik. Diputatuak azpimarratu dauenez, 2014an “54 milioi eurotan” handitu zan gizarte ekintzara zuzendutako diru-kopurua, 2013. urteagaz alderatuta, “%66 gehiago”. Rementeriak eskaerea egin deutso koalizino abertzaleari, “esandako guzur guztiengaitik eta egindako kalte guztiarengaitik” parkamena eskatu daian. “Kutxabanken etsai nagusia zeuok izan zarie. Kutxabankegaz lehiatzen diran erakundeek baino askoz be kalte gehiago egin dozue”, esan dau.
Kritikak popularren eta sozialisten aldetik be heldu dira. Jesús Isasi PP-ren bozeroalearen esanetan, EH Bilduren helburua “urak lohitzea eta zikintzea da”, banketxe batek modu jakin batean funtzionau daian lortzeko. “Hori errepublika bananeroetako gauzea da”, esan dau.
Egaña sozialistak esan dauenez, EH Bilduren adierazpenak eta salaketak “nahaste-borrastea” baino ez dira, “mundu guztia” inpliketako asmoz, “gu herria gara eta ganerako guztiak kastea” esanez moduan. Batzarretako PSE-EE taldeko bozeroaleak konpromisoa hartu dau, Kutxabanken kontrol publikoa eta gizarte ekintzea “ahalik eta handienak” izan daitezan, eta Kutxabankek eragindako etxeetatik kaleratzeko espedienteak bertan behera ixteko.
Lorea Bilbao EAJ-PNV-ko bozeroalea, bere aldetik, pozik agertu da, Kutxabank erakunde “serioa eta errentagarria” dalako, eta erakundeko zuzendaritza taldeko kideen eta beharginen lanaren aurrean “errespetua” eskatu dau. “Kutxabankek euskalduna izaten jarraitzea, bere gizarte ekintzea aurrera eroatea eta Euskadiko egitura ekonomikoan parte hartzea gura dogu”, esan dau.
HITZARMENAREN BERRESPENA
Batzordeak aho batez berretsi dau bitarteko elektronikoen bidez informazinoa trukatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazino Publikoaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien arteko lankidetza Hitzarmena.