Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egin deutsee Aldundiari eta Etxebarriko Udalari, barriro be berba egin daien, Galdakaoko "Bizkaibusaren" gatazkea konpontzeko
Herri Lan eta Garraioetako Batzordea
Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraioetako batzordeak gaur emon deutso amaierea legealdi honetako azkenengo saioari, EH Bilduk aurkeztutako Arauz besteko Proposamen bategaz, Aldundiko Herri Lan eta Garraioetako sailari agindua emoteko, “prisaz berreskuratu daizan Etxebarriko Udalagaz dituan alkarrizketak, A3932 Galdakao-Etxebarri lineako autobusak Metroko geltokira heldu ahal izateko behar izan daitezan neurriak adostu arte”. Ekimenak aurrera urten dau, EH Bildu eta PSE-EE taldeen aldeko botoakaz eta EAJ-PNV eta PP taldeen abstentzinoagaz.
Bere esku-hartzean, Aitor Torre koalizino abertzaleko batzordekideak, bere eretxiz “esperpentoa” dan erakundeen arteko gatazkan “zentzun apur bat jarteko” unea dala esan dau, “errudunik bilatzen ibili barik”. Konponbidea aurkitzearen alde agertu da, joan dan abenduaren 14an Etxebarriko Udalak Aldundiko autobusei udalerritik igaroten ez ixtea erabagi ebanetik sortu dan gatazkea epaitegian konpondu arte itxaron barik. Kontuan izan behar da erabagi horren ondorioz erabiltzaileak metroaren geralekutik “700 metrora” jatsi behar dirala autobusetatik.
Batzarretako talde guztiek alkarrizketea bultzatu dabe konponbide moduan, baina Etxebarriko Udalak “ez daukala bere jarrerea aldatzeko inolako asmorik” emoten dauela azpimarratu dau EAJ-PNV-k, aldi bien artean “bilera asko egin ostean”, “udal hauteskundeak igaro arte, gitxienez, hauteskundeetan udalerrian jarrera horri errentagarritasuna ataratzeko asmoz, beharbada”.
Eta gehiago oraindino, Jon Larrea jeltzaleak batzordean salatu dauenez, Udala “txantajea” egiten ari zaio Aldundiari arlo honetan, gatazkea konpontzearen ordez, udal titularitateko zubi bat egitearen kostuari jagokozan “300.000 euro” eskatuz eta, ganera, konpromiso bat, gauetan autobusa, Etxebarrira heldu beharrean, Basaurira heldu daiten, eta beste ezelango lineak ez daian herri hori zeharkatu.
Larrearen berbetan, udalaren jarrera horrek erakusten dau “autobusari igaroten ixteak prezio bat daukala. Ez da horrenbeste segurtasun kontua, horri prezio bat jartea baino”. Foru Aldundia “berba egiteko prest dago, baina ez dago bat be argi Aldundiak, Udalak inolaz be baztertu gura ez dituan larregizko baldintza horreek onartu behar dituanik”, esan dau.
Jesús Isasi batzordekide popularrak, bere aldetik, autobusa “ordu jakin batzuetan” metroaren geltokiraino igaro daiten “alkarrizketak” badagozala adierazo dau. Bere txandan, Etxebarriko biztanleek euren kexea agertzeko eskubidea daukiela esan dau, Aldundiaren esku dagoan herri arteko zerbitzuak Galdakao eta metroaren azken geltokia –Basauri– lotu behar ebazalako, lur azpiko zerbitzua Galdakaora heltzearen aurrekari moduan. Dana dala, uste dau Etxebarrira doan ibilpidea dala herritarrentzako “erakargarriena”.
ITSASADARREKO ERREPIDEKO ERRAIL BAT BIZIKLETENTZAT EGOKITZEA
Batzordeak hainbat ekimen onetsi ditu, oraingo honetan aho batez, Bilbo eta Getxo itsasadar ertzetik lotzen dituan errepidea bizikletentzako etorkizuneko alternatibea bilakatu daiten. PP taldearen ekimen baten bitartez, Batzar Nagusiek agindua emon deutsie Portuko Agintaritzeari, errepide hori bizikletentzat egokitu ahal izateko azterlana egin daian.
Azterlan hori heltzen dan bitartean, arauz besteko beste proposamen batek, PSE-EE taldearenak oraingo honetan, eskaerea egin dau, 2003-2016 Txirrindularitza Plan Zuzendariaren barruan aurreikusten dan “Eskumaldeko Ardatza” proiektuaren aurretiazko pausu moduan, “domeketan Itsasadarretik gertuen dagoan errepideko erraila bidegorri erabilteko moduan prestau daiten”, “zirkulazinoko beste erraila noranzko bakarrean itxiz, txandakako igaroteagaz”.
Ekimen biek EAJ-PNV taldearen zuzenketa-eskea jaso dabe, proposamen batean eta bestean eskaerea Portuko Agintaritzari egiteko, bera dalako errepidearen jaubea, eta ez Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraioetako Sailari, ekimen bietan, hasera batean, jasoten zan moduan.
TURISMORAKO SEINALEAK
Batzordeak onartu egin dau, baita be, EH Bilduk aurkeztutako ekimen bat, Bizkaiko Foru Aldundiak, “Bizkaiko errepideetan Euskal Herriko lurralde guztietako leku esanguratsuen inguruko informazino turistikoa zabaldu daian”, “bidezkoak iruditzen jakozan” seinaleen eta hizkuntzen bitartez. Ekimenak EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen aldeko botoak jaso ditu, eta PP abstenidu egin da.
EH Bilduko Asier Sanzek, gure Lurraldearen turismo markea “indartzeko” idean zentrau dau bere proposamena, España markaren “gainbeheragaz” kontrajarrita, errepideetan seinaleak jarriz, gidariei, Bizkaian eta inguruko lurraldeetan dagozan leku interesgarriak gogoratzeko.
Jesús Isasi PP-ko batzordekideak “komikotzat” jo dau EH Bilduk errepideak eregi gura ez izatea, baina bai “dirua seinaleetan gastetea”, baina ez deutso traba handirik jarri turismorako seinaleak instaleteari, araudia errespetetan bada. Nerea Ahedo jeltzaleak esan dauenez, neurria ona da turismoa bultzatzeko, baina eskaerea egin dau, kasu guztietan be lehentasuna bideko segurtasunari emon behar jakola gogoratzeko.
LA AVANZADARAKO KONPONBIDEA
Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako Foru diputatu andrea batzordearen aurrean agertu da, batzarretako talde sozialistak eskatuta, oposizino sozialistaren eta popularraren eretxiz La Avanzadan egunero emoten diran “etenbako trafiko-geldialdien” aurrean martxan jarriko diran alternatiben barri emoteko.
2014ko urrian Gerediagan egindako osoko batzarrean eta urte bereko otsaileko batzorde batean emondako erantzuna errepikauz, Garamendik, etorkizunari begira arazoari behin betiko konponbidea emoteko beharrezkoak izango litzatekezan jarduketa biak adierazo ditu: “Errontegiko zubiaren gaur egungo egoerea arinduko dauen itsasadarraren gurutzaketa barria”, eta “La Avanzadaren ibilpide alternatiboa edo Eskumalderako igarobide osagarria”.
Diputatu andreak adierazo dauenez, aztertutako alternatiba guztien artean, “Lamiakoko zeharkako ardatza” da, teknikarien ustetan, inguru horretako “trafikoa arintzeko eragin garrantzitsuena lortu daikeana”, Errontegiko zubian eta La Avanzadan. Ardatz horrek “itsasadarraren alde baten eta bestearen arteko igarotea orekatu” egingo leuke, gaur egun Gurutzetako eta Kukularrako trukaguneen artean dagozan ahalmeneko arazoak konponduz. Esan dauenez, gaur egun alternatibak aztertzeko fasea dago martxan Errepideen Sektoreko Lurralde Planaren (LSP-PTS) barruan, itsasadarraren alde bien arteko lotura ezarteko definizino teknikoa erabagiteko.
Igarobide osagarriari jagokonez, “Bolue-Unibersidadea eta aireporturako Mendebaldeko sarbidea batuko dituan igarobide barri baten” aukerea aztertzen ari da, Unibersidadetik Loiura doan bidearen tarteko zatiagaz osatuz. Une honetan, Aldundia trazadu horretarako alternatibak aztertzen ari da.
PP-k uste dau Lamiakoko subflubiala izango litzatekela La Avanzadako trafiko-pilaketa arazoetarako behin betiko konponbidea, Leioa gurutzetan daben “100.000” ibilgailuen %80 eta %90 artean itsasadarraren Ezkerraldera doalako. PSE-EE taldea, bere aldetik, pozik agertu da, Aldundiak, azkenean, “orain berreskuratu gura ditualako” bere egunean baztertu egin ebazan proposamen sozialistak. EH Bilduk, bere aldetik, kritikau egin dau errepideak eregiteko eskatzen jarraitzea, Foru Aldundiak “ogerleko bat be ez daukan une honetan”. Aitor Torrek “gogoetea” egiteko eta garraio publikoaren aldeko apustua indartzeko eskatu dau. Nerea Ahedo jeltzaleak, bere aldetik, pazientzia eskatu deutse batzarretako taldeei, LSP-PTS-aren barrikuspenak bere denporea eskatzen dauelako, eta Aldundiak hartuko dauen erabagia “gai teknikoetan” oinarrituko dala adierazo dau.
MONTE ALEGREKO LURREN DEPOSITUA
Beste alde batetik, Garamendik, Alonsotegin dagoan Monte Alegreko lurren deposituaren gaur egungo egoereari buruz PSE-EE taldeak egin dauen itaunari erantzun deutso. Aldundiak lur horreek aldi baterako okupau ebazan, Kadaguako igarobidea eregiteko lanetatik ateratako “lurrak eta harriak” bertara eroateko. Baimendutakoak ez ziran hondakinak be bertara eroaten zirala esaten dabe orain jaubeek, sozialistek adierazo dabenez. EH Bilduk erakutsi dituan argazkietan pneumatikoak, hodiak, kautxuzko hondakinak eta hormigoizko edo ferrallazko erdibitzaileak ikusten dira.
Diputatu andreak barriro esan dau, igazko apirileko 14an izandako agerraldian esan eban moduan, Aldundiak lur horreek okupau ebazan bitartean ez zala baimenduta ez egoan ezelango hondakinik bota bertara, eta gogoratu dau jaubeen erreklamazinoa, titularrek lur hori berreskuratu eta “sei urte” geroago etorri dala. “Obrak egin ziran bitartean hartu beharreko neurri guztiak hartu ziran, soberakinen depositua izateko zedin”, eta bertara “lurra eta harriak” bakarrik eroateko. Lurraren okupazinoa 2008ko maiatzean amaitu zan. Une horretatik aurrerako erantzukizuna jaubeena da, diputatu andreak esan dauenez.
Horrez gain, PSE-EE taldeak, Gasteizko autobusen geltoki barria zabaldu ostean A3700-Bilbo-Gasteiz lineak izango dituan geralekuei buruz egindako itaunei erantzunez, Garamendik adierazo dau autobus horrek orain arteko leku berberetan geratzen jarraituko dauela: Lakuan, Gasteiz Etorbidean eta Unibersidadean.