Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek, zortzi zerga aldatuko dituan Foru Araua onetsi dabe. Zerga horreen artean PFGZ, Soziedadeak eta Ondarea dagoz

Gernika

Bilbon, 2015eko martiaren 2an.

Bizkaiko Batzar Nagusiek, hainbat zuzenketa tekniko eta tributu aldaketa jasoten dituan Foru Arau barria onartu dabe gaur Gernikan egindako osoko bilkuran. Aldaketa horreen helburu nagusia gai eta zalantza batzuk zuzentzea da, terminologikoak, argitalpenekoak eta hainbat legediren erreferentzietara eguneratzekoak.
Onartutako aldaketek eragina daukie zerga honeetan: Pertsona Fisikoen gainekoa, Soziedadeak, Ez Egoiliarren Errenta, Ondarea, Ondare Transmisinoak eta Ekintza Juridiko Dokumentauak, Aseguruen Primak, Ondasun Higiezinak eta Jarduera Ekonomikoak.

Foru arau proiektua, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV), Socialistas Vascos (PSE-EE) eta Bizkaiko Talde Popularra (PP) taldeen aldeko botoakaz onartu da, eta EH Bilduk, zuzenketa-eskeak aurkeztu dituan artikuluen kontrako botoa emon dau, eta ganerakoetan abstenidu egin da. EH Bilduren zuzenketa-eskeak ez dira onartu.

Izaera substantiboa daukien aldaketei jagokenez, prozedura judiziala egiten ari dan bitartean ohiko etxebizitzaren transmisinotik sortutako ondare irabaziak PFGZ-tik salbuetsita egotea apliketearen eremua zabaltzea sartu izana azpimarratu behar da. Zordunaren eta zorra bermatzen dauanaren ohiko etxebizitzea ordainketarako emoteko balizkoa gehitu da.

Ganera, epailearen erabagiz, ezkontzako banaketa edo egitatezko bikotearen desagerpena gertetan diranean, euren familiako etxebizitzan bizitzeari itxi deutsien zordunen balizkoetan berrinbertsinoaren ondoriozko salbuespenaren onurea apliketea be aurreikusten da. Onura fiskala aplikau ahal izateko, beharrezkoa izango da etxebizitza hori ezkontide-ohiaren eta seme-alaben ohiko etxebizitzea izatea.

Toki tributazinoaren arloan, doikuntza batzuk egingo dira Ondasun Higiezinen Zergaren eta Jarduera Ekonomikoen Zergaren Foru Arauetan, higiezinen erroldan eta Zergaren matrikulan sartzeko Bizkaiko Foru Aldundiko interneteko gunearen bitartez egon daitekezan tresna posibleak modernizau ahal izateko, beti be, Datuen Babeserako Lege Organikoan xedatzen dana errespetauz.


FRANKISMOKO KRIMENAK

Batzar Nagusiek, EH Bilduk aurkeztutako eta defendidutako Proposamen bat be onartu dabe. Bertan, eskaerea egiten da, Bizkaiko Batzarrak “1936ko uztailean gertatutako altxamendu militar faxista eta askatasun-ekintzaren, gizarte-justiziaren eta eskubide nazionalen arrasto oro odolez erreprimidu eban diktadurea gaitzesteko”. Ekimenak EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu taldeen aldeko botoa lortu dau, eta PP-k kontrako botoa emon dau. Mozinoaren kontrako botoa emon arren, Esther Martínez talde horretako bozeroaleak, “Errepublikako legezko gobernu demokratikoaren kontrako 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarraren” beren beregiko gaitzespena erakutsi dau, eta, horrez gain, “Espainiako trantsizino demokratikoaren printzipioak, 1977ko Amnistiako Legea eta 1978ko Konstituzinoa” defendidu ditu.

Juan Otermin PSE-EE taldeko ordezkariak ekimenaren aldeko eretxia erakutsi dau, baina faltan bota dau bertan “ETA-ren terrorismoaren gaitzespena” ez egotea. Modu berean, Jon Sánchez EAJ-PNV-ko bozeroaleak, erakunde terroristak “1968tik 2012ra” giza eskubideak urratu ebazala gogoratu dau.

Onartutako proposamenaren barruan, María Servini epaile argentinarrak, frankismoan giza-eskubideen urraketaren erantzuleen aurkako genozidioa eta gizateriaren aurkako delituen arduradunen kontra” martxan jarritako kereilaren aldeko eretxia eta haregaz bat egitea, eta baita “Francoren diktaduran egindako krimenengaitik inputauta egonda bizirik dagozan 19 pertsonak atxilotzeko eta ostean ikerketa-deklarazinoa hartzeko Argentinara estraditetea ez onartzeko hartutako erabagia barriro aztertzea bultzatzen zan.


EZ DIRA ONARTU PP-K ETA EH BILDUK AURKEZTUTAKO MOZINO BI

Batzarretako Osoko Bilkurak ez dau onartu, gizarteratzeko baldintza bereziak jaso ahal izateko bete behar diran ezaugarrien kontrola handitzeko PP taldeak aurkeztutako mozinoa. Mozinoa Eduardo Andrés batzarkide popularrak defendidu dau, eta bere taldearen asmoa, “benetan beharra daukien pertsonengana helduko diran laguntza zuzenagoak lortzea” dala esan dau. Ganera, bere eretxiz “Bizkaiko udal askotako oinarrizko gizarte zerbitzuek jasaten daben “saturazinoa” salatu dau.

Batzarretako ganerako taldeek gogor kritikau dabe ekimena, eta kontrako botoa emon dabe. Amaia Agirresarobe EH Bilduko bozeroalearentzat, “beharrezkoa ez dan proposamen desesperaua eta manipulatzailea da, eta bere helburu bakarra botoak lortzea da”.

Bizkaiko Batzarrak beste mozino bat be baztertu dau, oraingo honetan EH Bilduk aurkeztutakoa, joan dan zezeilaren 3an egindako osoko batzarrean eztabaidatu zan Ondarearen ganeko Zergari buruzko erantzun-eske batetik sortutakoa. Mozinoa justifiketako orduan, Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak, bere eretxiz Ondarearen ganeko Zergak Bizkaiko dirutza handiei eskintzen deutsien “elusino fiskala” aitatu dau. Sotok gogoratu dauenez, “2014ko diru-bilketaren datuak kontuan izanda, argi eta garbi dago, Foru Aldundiak 95 milioi euroko diru-bilketea aurreikusten eban arren, 69,4 milioi euro baino ez dituala bildu, hau da, iragarritakoa baino %27 gitxiago”.

EH Bilduren mozinoa ez da onartu, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek kontrako botoa emon dabelako.


ITAUNAK ETA ERANTZUN-ESKEAK

Osoko Batzarrean berba egin dabenen artean Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Unai Rementeria Lehendakaritzako Diputatua eta Pilar Ardanza eta Itziar Garamendi Foru Diputatu andreak egon dira, PP taldeak erregistrautako itaunei eta erantzun-eskeei erantzuteko.

Arturo Aldecoa batzarkide popularrak planteautako lehenengo erantzun-eskearen helburua, “Foru Aldundiaren eta foru erakundeek egiten dituen lehiaketetan eta adjudikazinoetan fakturazino iturri nagusia —edo bakarra— adjudikazino horreek dituen enpresak agertzea ekiditeko estrategiak” ezagutzea zan. Jose Luis Bilbaok erantzun dauenez, “ez dago holangorik, Foru Aldundiak eta bere esku dagozan soziedadeek egiten dituen kontratazino guztiak indarrean dagoan legedia betez egiten diralako, gardentasunez, eta kontratazino publikoaren arloko legeakaz bat etorrita”.

Bigarren erantzun-eskearen gaia, “Bizkaiko Foru Aldundiak gaur egun neurriz gora dauena murrizteko, Aldundiak dituan planei” buruzkoa izan da. Unai Rementeria Lehendakaritzako Diputatuak erantzun deutso, esanez Aldundiko sektore publikoa neurrian jarteko 2014ko uztailaren 30ean aurkeztu zan txostenean proponiduten ziran neurriak hartu dirala oinarri moduan.

Bizkaiko Foru Aldundiak “urtean soldatetan 100 milioi eurotik gorako gastua eragiten daben 1.800 pertsonak osatutako lantaldea” daukala gogoratu ostean, Carmen Carrón batzarkide popularrak “Aldundiaren esku dagozan soziedade publiko batzuk EAJ-PNV-ren kolokazino agentzia moduan funtzionetan dabela” esan dau. Rementeriak erantzun deutsanez, Aldundiak eta bere esku dagozan enpresek “Bizkaiaren eta bizkaitarren ongizatearen eta aurrerapenaren alde egiten dabe lan”.

PP-k, Trapagan dagoan mendeko adinekoentzako egoitzari eta Supersur izeneko errepidearen trazaua AP-68 autopistagaz lotzeko proiektuari buruzko itaunak be egin ditu.

Meategi inguruko udalerrian dagoan egoitzari jagokonez, Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako Diputatu Andreak, “aurreikusitako epeak eta 2017an Trapagan Egoitza bat martxan jarteko daukagun konpromisoa beteko ditugula” esan dau. Ardanzak azpimarratu dauenez, 2014an, “holango lizitazino guztien aurretik emon beharreko pauso guztiak emon dira, Egoitzea, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegietatik dimentsionetako azterlanaren burutzapena barru”, eta azpiegitura hori egiteko aurreikusita dagoan inbertsinoa 6 milioi eurotik gorakoa dala adierazo dau.

Supersur errepidearen trazaua AP-68 autopistagaz lotzeko proiektuari jagokonez, Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako diputatu andreak adierazo dau behar horreek “Espainiako Sustapen Ministerioak onartu behar dauen txostenaren zain dagozala, Ministerio horren baimen barik ezin diralako beharrak hasi”.


ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Gernikan gaur egin dan saioaren hasikeran, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente andreak, Gaixotasun Arraroen Munduko Egunari buruzko adierazpen instituzionala irakurri dau.

Bertan azpimarratzen danez, “beharrezkoa da gaixotasun arraro bategaz bizi beharraren ganean arretea piztea gure gizartean, eta gure inguruan dagozan familiek euren eguneroko jardunean daukiezan gaiztasunak transmitidutea, diagnostiko azkarrak eta zorrotzak eta tratamendu egokiak daukien garrantzia azpimarratuz. Alkartasunari eta konpromisoari esker, euren eguneroko jarduna gure gizarte osoaren eguneroko jarduna bilakatu behar da”.

Lotutako artxiboak: