Aldundiak "arrazoiz" bete eban legetasuna 2010eko eta 2011ko Bizkaiko Kontuetan, Kontuen Epaitegiak esan dauenez
Ekonomia eta Ogasuneko batzordea
José Ignacio Martínez Churiaque Herri-Kontuen Euskal Epaitegiko (HKEP- TVCP) burua Ekonomia eta Ogasuneko batzordera etorri da gaur, Epaitegi horrek 2010eko eta 2011ko ekitaldiei jagokezan Bizkaiko Kontu Orokorrei buruzko txostenak Batzarkide-Taldeen aurrean aurkezteko, Bizkaiko Batzarrak aurretik eskatu eban moduan. Fiskalizazinoari buruzko txosten bi horreetan, Churiaqueren berbetan, Aldundiak legetasuna “arrazoiz bete dauela” ikusi daiteke. Erakunde fiskalizatzaileko arduradun nagusiak, kontabilidadeagaz erlazionautako alderdiak eta kudeaketea hobatzeko aholkuak azaldu ditu eta, horrez gain, Foru Gobernuaren eta bere erakunde publikoen finantza egoeraren azterketea egin dau, hiru orduko iraupena izan dauen saioan.
Aurkeztutako txosten fiskalizatzaile biek Bizkaiko foru sektore publiko osoaren azterketea hartzen dabe. Bertan, Foru Aldundiaren, GUFE-IFAS-en, Bizkaiko Iraunkortasunerako Institutuaren eta Foru Aldundiak, kapitalaren %50etik gorako partaidetzea daukan 11 merkataritza soziedadeen kontuak aztertzen dira.
LEGETASUNAREN EZ-BETETEAK
Aldundiak egin dituan “ez-betete” garrantzitsuenen artean, Churiaquek diru-sarrera fiskal batzuei buruzko atala eta konkurrentzia lehiaketarik bako diru-laguntza eta kontratazino zuzenen atala aitatu ditu.
Holan, HKEP-TVCP-ko buruak, Foru Aldundiak 22 zergaduni emondako atzerapenak jarri ditu mahai gainean. Atzerapen horreek emon ahal izateko, Ogasun eta Finantzetako saileko titularrak, abaguneek hori komenigarria dala erakusten dabenean, “baldintza bereziak” emoteko modua aitatuten dauen Aurrekontuen Foru Arau Orokorrean oinarritu zan Aldundia. Churiaquek azaldu dauenez, horren ondorioz ondare galerea gertatu zan, %0 eta %4,5eko ehuneko interesa aplikau zalako, araudian ezarritako interesa %5ekoa dan arren.
Horrez gain, Churiaquek adierazo dau Aldundiak PFGZ-tik salbuetsita dagozan laneko etekinen artean sartzen dituala aurretiazko erretiretearen, ezgaitasun egonkorraren eta behargin publiko izaerari uko egitearen ondoriozko gastuak. HKEP-TVCP-k, 4,4 milioi euroko zenbatekoa eukien 49 kasu hauteman ebazan 2010ean, eta 4,9 milioi euroko 62 kasu 2011n.
Diru-laguntzen arloan, erakunde fiskalizatzaileak, diru-laguntza zuzenak emoteko orduan lege ez-beteteak hauteman ditu –8 kasu, fiskalizautako urte bietako bakotxean– “eta horrek nabarmen aldatu ditu Batzar Nagusiek onartutako kontsignazino izendunak”.
Kontratazinoei jagokenez, HKEP-TVCP-k irregulartasun bat aurkitu dau Artxandako Tunelen kudeaketaren esleipendunak 1,2 milioi euroren truke ordainketaren kontrolerako eta kudeaketarako sistema informatikoen eta softwarearen ezarpena lortzeko prozesuan, Aldundiko Kontseiluak onartutako azpiegitura hori balio barik ixteko akordioan oinarrituta. Agerpenaren ostean egindako galderen txandan oposizinoko taldeek be kritikau dabe hori.
Atal horretan, epaitegiak beste ez-betete bat hauteman dau Txorierriko autopistea eta aireportua lotzeko lan osagarrietan, 4,1 milioi euroren truke emondakoetan, hain zuzen be. Atal hori publizidaderik bako prozedura negoziauaren bitartez esleitu zan, Churiaqueren berbetan lehiaketa irekiz egin behar izan zan arren, epaitegi horren eretxiz, lan horreek ez ziralako behar-beharrezkoak proiektu nagusia bukatzeko.
Bere esku-hartzean, Churiaquek kontratazino arloko beste ez-betete batzuk be azpimarratu ditu, 1,3 milioi euroren truke 6 aholkularitza-enpresakaz 15 zerbitzu juridikorako egindakoa, adibidez, edo “kontratu txikiko” prozeduraren bitartez egindako basoko lanak edo gastuak, 2,4 eta 1,6 milioi eurokoak, hurrenez hurren. Kasu bietan, Euskal Epaitegiko buruak adierazo dauenez, kontratautakoaren “homogeneotasunak”, prozedura irekia aplikau beharra eskatzen eban.
Saioan, Churiaquek, izaera pribadua izan arren, UPV/EHU-ren %50eko partaidetzea daukan Euskoiker Fundazinoagaz sinatutako 4 hitzarmenak aitatu ditu. Epaitegiaren eretxiz, akordioen xedeak “ez ditu beteten diru-laguntza zuzena emoteko beharrezkoak diran baldintzak”.
Dana dala, eta ez-beteteak egon dagozan arren, Churiaquek adierazo dau Bizkaiko Foru Aldundiak “arrazoiz” bete dauela bere ekonomia eta finantzetako jarduerea araupetzen dauen lege araudia 2010eko eta 2011ko ekitaldietan, eta Kontu Orokorrak ondarearen eta ekitaldi bien amaieran egoan finantza egoeraren “irudi leiala” emoten dauela alderdi garrantzitsu “guztietan”. Ondorio hori, Aldundiaren esku dagozan erakunde autonomoetara be zabaldu daike (GUFE-IFAS eta BII-ISB).
GABEZIAK
Esku-hartzearen bigarren partean, Churiaquek, Aldundian eta foru erakundeetan aurkitu diran, baina, legetasun printzipioetan eraginik ez daukienez “hain larriak ez diran” gabeziak azaldu ditu.
Horreen artean, epaitegiko buruak, gizarte arloko interes gizatiarreko jarduerea daukien onuradunei diru-laguntza zuzenak emoteko Foru Aldundiak erabili dauen salbuespenezko prozedurea aitatu dau. Diru-laguntza horreek 25,7 milioi eurokoak izan ziran 2010ean eta 38,7 milioikoak 2011n. Erakunde fiskalizatzaileak deialdi publikoak egitea edo zuzenean emondako diru-laguntzak eta horreen onuradunak BAO-n argitaratzea gomendatu dau. Epaitegiaren eretxiz, bi urtez jarraian errepiketan diranak be, aurrekontuetan izaera izenduna izan beharko leukie.
Epaitegiak, foru erakundeetan eta soziedade publikoetan, espezializautako enpresen bitartez egindako beharginen 22 kontratazino aitatu ditu, enpresa horreek “ez dabelako aurkeztu bardintasun, meritu eta gaitasun printzipioak beteten dirala egiaztetan dauen dokumentazinorik”. Bere esku-hartzean, Churiaquek aholkua emon deutse foru soziedadeei, euren beharginen ordainketak “araupetu eta homogeneizau daiezan”.
Ondasunen eta zerbitzuen kontratazinoari jagokonez, Epaitegiak irregulartasunak aurkitu ditu Kirolgintzanek Miribillako bideo-markagailua 377.000 euroren truke eskuratzeko prozesuan. Eskuratze hori, bere jarduerea leku horretan bertan aurrera eroaten dauen soziedade bati esleitu jakon zuzenean. Beste alde batetik, kritikau egin dau Lantik-ek 230.734 euroko obrak egin izana bere egoitzan, “kontratuaren xedea modu desegokian zatituz”.
Bukatzeko, eta ekitaldi bien emaitza aztertu eta aurreko ekitaldiakaz alderatu eta gero, Churiaquek Foru Aldundiaren zor mailaren hazkunde “garrantzitsua” egiaztau dau. 2009-2011 epealdian, zor hori 1.500 milioitik 2.200 milioira igo zan. Horrez gain, 2010ean “ia %50” hazi zan soziedade publikoen zor “oso handia” be kritikau dau.
BATZARRETAKO TALDEAK
Batzarretako taldeek eskertu egin dabe Churiaquek Batzar Nagusien aurrean egindako agerraldia eta HKEP-TVCP-ren beharra. PP-ko Gonzalo Zorrilla-Lequericaren eretxiz, behar hori notau egiten da, Aldundia, “pixkanaka, aholkuak beteten doalako”.
Josu Arteta EAJ-PNV-ko ordezkaria, bere aldetik, pozik agertu da, epaitegiak kontuan hartzen ditualako Aldundiak egiten dituan alegazinoak. Euskadiko erakunde fiskalizatzailearen aholkuak “gero eta gitxiago” dirala hauteman dau. Kritikau egin dau Churiaquek, bere hitzaldian, 2014an onartutako Gardentasunari buruzko Legea aitatzea, aztertu diran kontuak 2010koak eta 2011koak diranean.
Joseba Gezuraga EH Bilduko bozeroaleak, bere aldetik, Sabino Arana, Ramón Rubial eta Fundación Popular de Estudios Vascos izenekoek “urtero” jasoten dituen kontsignazino izendunei buruz galdetu dau. HKEP-TVCP-ko buruak adierazo dauenez, horreek “bat datoz zuzenbideagaz”.
Churiaquek ez dau balorau gura izan erakunde fiskalizatzaileko kide batek, Artxandako Tunelen kontratuaren ebazpenari buruz emondako boto partikularra, PSE-EE-k eskatu deutsan arren. “Epaitegiaren eretxia azaltzera etorri naz hona”, erantzun dau. Dana dala, bat etorri da, Bilboko sarbide bat “zabalik” eukiteko aukera emon eban hitzarmen bati jagokonez Foru aldundiak defendidu dauen “interes orokorreko” erespideagaz.