Aurreko Albisteak

Garamendik PP-ri erantzun deutsanez, igaro barri dan edurtean martxan jarritako "dispositibo indartsuak" aurreikusitako moduan funtzionau dau

batzordea

Herri Lan eta Garraioetako Batzordea

Bilbon, 2015eko zezeilaren 20an

Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraio Sailburua Bizkaiko Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraio Batzordearen aurrera agertu da gaur, zezeilaren 4tik 7ra bitartean izandako edur eta hotz denporale gogorra dala eta, martxan jarri zan neguko planaren balantzea egiteko, PP taldeak eskatuta. Planak “huts” egin ebala esateko orduan bakarrik geratu dan Jesús Isasi PP-ko bozeroaleari erantzunez, Aldundiko arduradunak, “azken urteetako edurte handienean” operatiboa zelan zabaldu zan ikusita, jarduketak “funtzionau” ebala esan dau.

Garamendik, foru bideetarako dispositibo horren zerbitzu mailak gogoratu ditu. Bertan, “lehentasuneko” errepideen zerrendea ezarten da, eguneko 24 ordutan zabalik egon daitezan, A-8, AP-8 (VSM eta Basauri-Ermua), N-637, N-240, BI-631 Bilbo-Derio (Santo Domingo), eta aireporturako, superporturako eta ospitaleetarako sarbideak. Lehentasuneko errepide horreen azpian beste maila bi dagoz.

Diputatu andreak azaldu dauenez, maila horreei zerbitzua emoteko, Herri Lan eta Garraio Sailak, beharginak, ibilgailuak, makineria eta jarduketarako protokoloak barne hartzen dituan operatiboa zabaltzen dau. Holan, egun hareetan, “edurra kentzeko 71 makina, 18 zilo, 8 batze-gune eta 9.290 tona gatz eta 200 metro kubiko gatzun eukiezan 4 gatzun depositu” egozala zehaztu dau, eta bertako behargin finkoen eta kanpoko enpresetakoen artean “369 pertsona” ibili zirala beharrean.

Garamendik adierazo dauenez, dispositibo hori martxan jarri orduko meteorologia aurreikuspenen eta oharren jarraipena egin zan, eta zezeilaren 3an mahai teknikoaren bilera egin zan. Bertan, aitatutako baliabideak ezarri ziran, “denporalea hasi baino hainbat ordu lehenago”. Dispositiboak iraun eban bitartean, beharren “etenbako” jarraipena egin zan.

Diputatu andreak, denporalea hasi eta ordu gitxitara agerraldi eskaerea erregistrau izana aurpegiratu deutso Isasiri. “Ez dozu eguazten horretan, otsailaren 4an, gertatutakoaren argazki argirik euki. Zure errealidade propioa marraztu dozu, benetan gertatu zanagaz zerikusi gitxi, edo bat bez, ez daukan errealidadea”, esan deutso.

PP-ko bozeroaleak, , denporalea egun batzuk lehenagotik iragarrita egoan arren, lurraldeko errepide batzuetan eguraldiak eragindako ondorioak ikusita, Neguko Bideko Segurtasun Planak “huts” egin ebala adierazo dau idazkian eta batzordean bertan. Errepideen artean "Santo Domingo, Artxanda eta Autzagane" aitatu ditu. Bere berbetan, “errealidadea”, errepideak “itxita eta ataskauta” egon zirala da.

Bere erantzunean, Garamendik adierazo dau Santo Domingoko kasuan, Aldundiak edurra kentzeko 5 makina erabili ebazala errepidea garbitzeko, eta une puntualetan moztu egin zala, garbiketa lanak egiteko eta, Eusko Jaurlaritzak kamioientzako trafikoa mugatuta egoala agindu eban arren, errepidea moztu eban ibilgailu astun bat kendu ahal izateko. Isasiren berbetan itxita egon zan AP-68 autopistaren Aretako ordainlekuari jagokonez, Garamendik gonbidapena luzatu deutso bozeroale popularrari, Sustapen ministroari azalpenak eskatzeko, Aldundia ez dalako autopista horren mantentze-lanen arduraduna. “Ez jaku AP-68 autopistea transferidu, askotan eta askotan eskatu dogun arren”, esan dau, ironia erabilita.

Parte hartu daben batzarretako ganerako taldeek –EH Bilduk ez dau parte hartu– bat egin dabe Aldundiaren tesiagaz. PSE-EE-ko Joaquín Colmenerok esan dauenez, “arazo batzuk” egon ziran. Halanda be, guzurtau egin dau Aldundiak martxan jarritako dispositiboak “ez ebanik funtzionau”. Bere berbetan, erabiltzaileek eurek eragindako arazo “gehiago” egon ziran, ez ebezalako bete agintariek emondako aholkuak, hau da, “behar beharrezkoa bada” bakarrik zirkuletako, edurra kentzeko makinen eginbeharrari trabak jarriz.

EAJ-PNV taldeak, bere aldetik, PP-ko bozeroaleak defendidu dauen lurraldearen irudi “apokaliptikoa” kritikau dau. Bere berbetan, “azkenengo 30 urteetako edurte handienean”, dispositiboak “funtzionau eban”. “Danon artean ondo egin dogu”. “Dispositiboak huts egin izan baeban, bi egunetan ezin izango genduan zirkulau, Leonen gertatu dan moduan”. Gogoratu dauenez, Estaduaren esku dagoan Palentziako autobide batean, Armadak, “12 ordu berogailu barik” geldik egon ziran 300 pertsona “erreskatau” behar izan ebazan. “Ez zaitez salbuespenezko egoera bategaz baliau Sail honen kontra jotzeko”, eskatu deutso.


FORU WEBGUNEA EGUNERATZEA

Beste alde batetik, batzordeak, PP-k aurkeztutako arauz besteko proposamen bi onartu ditu, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen aldeko botoakaz eta EH Bilduren abstentzinoagaz, Aldundiari eskaerea egiteko, foru webgunean aldaketa batzuk egin daizan. Horreetan, eskaerea egiten jako Herri Lan eta Garraio Sailari, alde batetik, Bizkaiko Garraioen Partzuergoaren zuzendaritzaz arduratzen diran Kontseilu Nagusiko eta Batzorde Betearazleko partaideei buruzko informazinoa sartu daian eta erakunde horren webgunerako (ctb.eus) esteka jarri daian; eta, bestetik, gonbidapena egiten da intereseko esteken artean Euskaltel, Creditrans eta P&O diralakoen estekak “eguneratu” daitezan.